490 Zenbakia 2009-06-12 / 2009-06-19

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gastronomia ardatz ostalaritza eskoletan

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Argazkia: Anthony Topper

Kurtsoa amaitu da; azterketak, selektibitatea, urduritasuna. Batzuk emaitzen zain egongo dira, besteek horren beharrik ere ez dute edukiko eta lasai daude, aspalditik baitakite biharko egunean zertara dedikatuko diren. Gainerakoentzat, erabakitzeko txanda da: lanean hasi edo ikasten jarraitu. Norberaren erabakia, hautu pertsonala, eta ondorioz, ondo hausnartu beharrekoa.

Ikastera edo beharrera; lantegira joan edo liburu artean aritu. Noski, bizi dugun garai honetan, lana topatzea ez da erraza izaten, langabezia tasa altua dago eta askoren iritziz estudiatzen jarraitzea da momentuan egin daitekeen onena. Ehunka aukera ditugu: diseinua, zinema, matematikak, kazetaritza, ingeniaritza, arte ederrak... edota ostalaritza! Ostalaritza eskolak

Tipula “juliana” erara, tomate eta piperrak laukitxotan moztu...

Besteak beste, su artean ibiltzea atsegin duten askok ostalaritza eskoletan emango dute izena; hainbat artean, Gamarra (Gasteiz) edota Leioako Ostalaritza Eskolak ditugu aukeran.

Bietan ala bietan, Erdi mailako edota Goi Mailako ikasketak egin daitezke. Sukalde–burua, catering enpresa bateko elikagaien arduraduna edota jatetxe batean jaki zein pastelak gertatzeko ardura izatera iristeko aurreneko urratsak ematea da helburu nagusia eta horretarako prestatzen dituzte ikasleak eskola ezberdinetan. Praktika bai, teoria ere bai

Hala ere, ostalaritza eskoletan ez da bakarrik tipula mozten edota bakailaoa prestatzen ikasten, makina bat esparru lantzen dituzte klasean ikasleek. Dena ez da praktika, eta teoriak toki berezia dauka horrelako lekuetan. Esate baterako, Sukaldari Teknikari ikasketak egiten dituztenek, oinarrizko saltsak prestatzen ikasten dute, baita plater ezberdinei gehitzeko goarnizioak nola egin ere. Baina bestaldetik, laneko osasuna, enpresa sortzeko funtsezko ezagutzak edota atzerriko hizkuntza daukate ikasgaien artean. Argazkia: jlastras

Jatetxe bateko goi mailako teknikari izateko prestakuntza arloan aldiz, lan orientazioa, jatetxeetako marketina edota lan–harremanak moduko ikasgaiei egin behar izaten diete aurre. Noski, guzti hori jakien prestaketa edo elaborazioa nola burutzearekin batera.

Bestalde, Urdaitegi eta Harategian teknikari izateko ikasketak burutu nahi dituztenek, administrazioa, gestioa eta komertzializazio eskolak hartzen dituzte, animalien zatitzea nola egin ikasteaz gain, esaterako.

Aurre–matrikula epea amaituta, Leioa zein Gamarrako Ostalaritza Eskoletan 2009/2010 ikasturterako matrikulatzeko egunak ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean izango dira. Leioan halaber, aparteko epemuga ematen dute, eta uztailaren 7 eta 8an ziurtagiri akademikoak aurkeztu beharko dituzte interesatuek, ondoren behin–behineko zerrenda egin da eta azkenik, izena emateko momentua iritsiko da uztailaren 16tik 21era hain zuzen.

Poliki–poliki abilezia eskuratzen eta askotariko ezagutzak barneratzen joango dira ostalaritzako ikasleak eta nork daki, etorkizun ez urrun batetan euskal sukaldari onenen artean egongo ote den horietarikoren bat; hori, baina, denborak esango du.