Desagertzeko arriskuan dauden espezieen kontserbazioa Euskal Herrian: bisoi europarraren kasua Desagertzeko arriskuan dauden espezieen kontserbazioa Euskal Herrian: bisoi europarraren kasua * Iñaki Irizar, Jorge Gonzalez, Idoia Villate Desagertzeko arriskuan dauden espezien kontserbazioaz aritzea berria ez dela pentsa daiteke. Izan ere desagertzeko arriskua, kontserbazioa, ingurunearen babesa eta arlo honetako hainbat hitzen erabilera ohikoa bihurtu zaio gizarteari. Baina orain arte, espezie jakin baten erabateko desagerpenari aurre egiteko beharra ez dugu inoiz izan Euskal Herrian eta bisoi europarraren kasua (Mustela lutreola) lehena izatera iritsi daiteke. Duela gutxirarte, kontserbazio arazoak animalia exotiko edo bereziki erakargarriei lotzen zitzaien (panda hartza, baleak, hartz arrea...). Espezie batzuetaz arduratu eta beste batzuk baztertzeko erabilitako irizpideak nahiko subjektiboak izan dira eta sarritan, irizpide erabakitzailea animaliaren tamaina handia edo bestelako erakargarritasunen bat izan dira (itxura aldetikoa, etologiakoa...). Honelako espezie "enblematikoetan" oinarritu den mezu kontserbazionistak kontserbazioa bera ezagutarazi du; baina aldi berean, erakargarritasun gutxiagodun animaliak edo animali ezezagunagoak alde batera utzi dira batzuetan, kontserbazioaren aldetik egoera kaskarragoan egon arren. Espezie enblematikoak ez izatean (Pirinioetako hartz arre eta ugatz erliktikoak salbu) desagertzear dauden espezieen kontserbazioa neurri handi batean urrutiko gaia izan da Euskal Herrian edo bestela, desagertzear daudenak baino urriak diren animaliak izan dira kontserbazio lan gutxi batzuen protagonistak. Baina beste arlo batzuetan gertatzen den bezala, faunaren kontserbazioa eboluzioa eta aldaketa jasaten ari da. 1994 urtean IUCN erakundeak desagertzeko arriskuan dauden espezieak jaso eta klasifikatzen dituen zerrenda "gorri" eguneratua aurkeztu zuen. Zerrenda honetako berrikuntza zera izan da: espezie bakoitzaren desagerpen probabilitateairizpide kuantitatiboen arabera kalkulatu dela eta etorkizunean balorazio kuantitatiboak erabili ahal izateko lehen oinarriak finkatu direla. Espezieen kontserbazio egoera baloratzeko ikuspegi berri honek gorago aipaturiko subjektibotasuna gainditu nahi du eta faunaren kontserbazioan lehentasunak ezarri ahal izateko tresna garrantzitsua da. IUCN erakundearen zerrenda horren arabera, Euskal Herriko faunaren osagai bat, bisoi europarra, DESAGERTZEKO ARRISKUAN dauden munduko animalien taldean klasifikatu da (laster naturan desagertzeko probabilitate oso handia dutenak). Bisoi europarra, ibai, erreka eta ingurune hezeetan eta hauen gertuko lurretan bizi den haragijale txikia da. Antzina Europako zati handi batean bizi zen, Iberiar Penintsularen iparraldetik, kontinentean zehar ekialderantz Uraletaraino. Baina XIX. mendean hasi eta oraindik jarraitzen duen atzerakada prozesu baten ondorioz, jatorrizko banaketa arearen zati handi batean desagertu ondoren kontserbazio egoera larrian dago gaur egun (IUCN erakundearen arabera, azken 10 urte edo 3 belaunaldietan %50eko murrizketa jasan dute beraien populazioek). Gaur egun bisoi europarrak bi populazio bananduetan aurkitzen dira: Europako hegomendebaldean dago lehena (Bordeletik Errioxaraino dagoen lurraldean, Euskal Herria barne) eta ekialdean bestea (Bielorrusia eta Errusiako zati batean). Danubio ibaiaren deltan ere bisoiaren populazioren bat egon daiteke, azken hilabetetan eginiko behaketa berrien arabera. Ekialdeko herrialdeen egoera sozioekonomikoak alde batetik eta bertako bisoien atzerakada etengabeak bestetik, espezie honen kontserbazioaren itxaropena hegomendebaldeko populazioan jarri dute neurri handi batean. Populazio honen zati handi bat Euskal Herrian egoteak, nazioarte mailan ugaztun honen kontserbazioaren arduradun nagusien artean jarri gaitu. Bisoiaren kontserbazioan lan egiteko orduan bi arazo nagusi aurkitu dira: lehena, espezieak jasan duen eta jasaten duen atzerakadaren arrazoiak ezezagunak direla oraindik(hipotesi asko dago baina nabaritasun gutxi) eta bigarrena, espeziearen biologiaren hainbat aspektu ikertu gabe jarraitzen dutela (zeintzuk dira espeziearen habitat beharrizan zehatzak, nolakoak dira bisoien populazioen ezaugarri demografikoak, elikadur beharrizanak, ugalketa arrakastatsuaren baldintzak, uraren kutsadura, kanalizazio, ibai ertzeko landarediaren mozketa eta bestelako giza ihardueren eragina nolakoa eta zenbaterainokoa den...). Hori guztia dela eta, datozen urteetan IKERKETA eta KONTSERBAZIOA inoiz baino lotuago joan beharko dute. Euskal Herrian eginiko hainbat lanek bisoiaren distribuzioa partzialki erakusten zuten eta espeziearen biologiaren aspektu batzuk ezagutzeko oinarrizko lan batzuk ere eginak dira, baina oro har, bisoi europarra animalia ezezaguna da hemen. Testuinguru honetan Eusko Ikaskuntzako Natur Zientziak Saileko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornodunen Departamentuko ikerlari talde bat duela urte pare bat bisoi europarra ikertzen hasi ginen. Aldizkari honek eskaintzen duen aukeraz baliatuz, gure taldeak egun martxan dituen lanak komentatu eta bisoi europarraren kasua aurkeztu nahi dugu, bide batez berau kontserbatzeko aukeren inguruko iritzia emanez. 1. ESPEZIEAREN DISTRIBUZIOA: ezezaguna da oraindik bisoi europarrak Euskal Herrian duen banaketa zehatza. Espeziearen distribuzio eguneratua ezagutzeko argazki tranpak oinarri dituen metodo berri bat prestatu dugu lehendabizi. Metodoaren jatorria, Estatu Batuetako USDA Forest Service delakoak hango zenbait karniboro detektatzeko prestaturikoa da; Gipuzkoako Foru Aldundiko Basafauna Zerbitzuaren laguntza ekonomikoarekin, metodologia berri hori lurralde honetako baldintza eta materialetara moldatu dugu. Zenbait saiakuntza egin ondoren, emaitza onak ematen dituen laginketa protokolo bat finkatu dugu: ohizko metodoen bidez karniboroen harrapaketak ez dira ahaleginen %5era iristen eta metodo berriarekin lortutako etekina % 35 ingurukoa da. Etekin handiko metodoa izatea bisoiaren distribuzioaepe labur batean eguneratzen lagungarri izango zaigu eta laginketak maiz errepikatuz bisoien joera poblazionalak objektiboki baloratzera iritsi gaitezke (aurreko informaziorik ez dagoenez, ezinezkoa da oraingoz hori hemen egitea). Metodoa prestatu ondoren laginketa sistematikoekin hasi gara. Ezin dugu emaitzik aurreratu baina orain arte jasotakoa aztertuz lehen ondorio interesgarriak atera daitezke. Hauen artean aipagarria izan daiteke ibai ertzak hasieran uste baino karniboro gehiagok erabiltzen dutela eta bisoiez gain, lepazuriak (Martes foina), katajinetak (Genetta genetta), azkonarrak (Meles meles) eta etxe katuak (Felis catus) sarritan aurkitzen dira; lepahoriak ere (Martes martes) bisoiaren habitatean aurkitu ditugu urteko garai batean. Datu hauekin ibai ertzeko basoen ikuspegi berri bat daukagu eta hori bisoiaren biologiaren zenbait aspektu ongi baloratu ahal izateko oso erabilgarria izango da. 2. PORTAERA ESPAZIALA: Gipuzkoako ibai bateko bisoi europarrak radiotrakin bidez ikertzen hasi gara. Radiotrakina zera da, animaliei irrati emisore txiki bat erantsi eta horren seinalea hartuko duen rezeptore baten bidez animaliak edozein unetan zehaztasunez lokalizatu ahal izatea. Horrela, animalien eguneroko bizitzaren ezaugarri asko ezagutu ahal ditugu: aktibitate orduak, ibaian gehien erabiltzen dituzten zatiak, giza ihardueren aurrean erakusten dituzten erreakzioak... Lehen emaitzek giza ihardueren aurrean nahiko tolerantea den animalia bat erakutsi digute, baina aldi berean diskretua. Bere gordelekuak giza etxebizitzatatik oso gertu, arrantzaleak ibiltzen direneko lekuetan edo baratzeetan jartzeko gai da esate baterako, baina bere iharduera gizaki gutxien agertzen denean egiten du. Hurrengo hilabetetan egingo den jarraipenak habitat beharrizanak ezagutzeko balioko du: ibai ertzen egitura, populazio bideragarriak mantentzeko baldintza egokiak dituzten gutxieneko ibai luzerak eta abar. 3. ELKARLANA: Bisoi europarraren kontserbazioak berau ikertzen dugun talde guztionkoordinazioa beharko du. Arlo honetan, aipagarria da Euskal Herrian dihardugun bi ikerlari taldeen arteko harremana eta elkar aditzea (EHU ko Zoologia departamentukoa bata, hau sinatzen dugunona bestea). Aipagarria da ere Europako ekialdean bisoia ikertzen ari direnekin mantentzen dugun harremana. Azken hauekin aurtengo ekainean elkartu gara, Finlandian ospatu den Third European Mammal Congress delakoak eskainitako aukerari esker; bertan, azken emaitza eta iritziak elkarri emateko aukera izan dugu. Han jasotako berri eta iritzien artean, berriz ere zera nabarmendu behar da: bisoi europarra kontserbatzeko aukera, aurrerantzean hemen egingo den lanaren menpekoa izango da neurri handi batean. Honek guztiak azken gogoeta batera eramaten gaitu: erronka berri honi aurre egiteko gai izango gara? Zein da bisoi europarraren etorkizuna Euskal Herrian? Jakin badakigu hasteko, ohizko kontserbazio neurriak (habitataren babesa,...) eta ikerketa konbinatu beharko direla. Legediaren aldetik, jadanik indarrean dauden hainbat lege zorroztasunez betetzearekin nahikoa da oraingoz bisoiaren habitata (ur korronteak eta hauen inguruko lurrak) babesteko eta, dakigunaren arabera behintzat, bisoiak arrisku berezirik gabe bizi ahal izateko. Bestalde, gure herriaren egoera sozioekonomikoa nahiko ona da; honelako gai batek ez du erabateko lehentasunik lortuko baina naturaren kontserbazioaren arloan lehen mailakoa dela onartu eta horrek eskatzen dituen neurriak hartzeko moduko egoera bai ematen da hemen. Aspektu teknikoari dagokionez, ugaztun hau ikertzen gabiltzan taldeok gaiaren inguruan sortuko diren ikerketa lerro berriak garatzeko ahalmen nahikoa daukagula esan dezakegu (zer esango dugu ba?); emandako lehen urratsetan lortutako emaitzak ikusi ondoren, hori pentsa daiteke behintzat. Hala ere, ez gaitezen baikorrak izan; ez oraingoz behintzat. Euskal Administrazio Publiko konplexuak egiten duen naturaren babeserako politikak zertxobait berritu beharko ditu: espezie nahiko ezezagun batek lehentasunaeskatzen du; espezie bakar bati zuzenduriko ikerketa lerro jarraiak mantendu (finantzatu) beharko ditu (berria hemen); ibai bazterreko habitata babesten duen legedia zorroztasunez bete eta betearazi beharko du; kontserbazioa ikerketa zientifikoan oinarritutako prozesu dinamiko bezala ulertu beharko du.... Dudarik gabe, Euskal Herrian egiten den naturaren babesa egoera berri baten aurrean aurkitzen da; itxarongo al du bisoiak eman beharreko aldaketak iritsi arte? Bisoi europarrari buruzko informazio gehiago Euskonews&Media #19n Iñaki Irizar, Jorge Gonzalez, Idoia Villate, Eusko Ikaskuntzaren Natur Zientziak Saileko eta Aranzadi Zientzia Elkartearen Ornodunen Departamentuko kideak Euskonews & Media 49.zbk (1999 / 10 / 8 15) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.