487 Zenbakia 2009-05-22 / 2009-05-29

Euskonews Gaztea

Gaiak: Osteguneko greba

SARASATE, Alex



Osteguneko grebarako prestatzen ari zen nire aita eta lanera ez zela joango esanda zuen etxean, nahiz eta konbentzitua ez zegoen bere deliberamenduaz. Planak egiten hasi nintzen berarekin –ni ere Unibertsitatean ateak itxi zizkigutelako, etxean bainengoen– asteburu luzea patxadaz emateko asmoarekin. Mendira joan gintezkeela planteatu nion lehengo astean eta baiezkotan geratu ginen. Argazkia: mimentza

Baina azkeneko orduan nire aitaren asmoak norabidea aldatu eta lanerako bideari heldu zion. Asteazken gauean antzeman nuen aldarte txarrera pasatzen ari zela, telebista aurrean jarrita eta zenbait sindikatu eta alderdi politikoren azalpenak entzun ondoren. Nire aita ez da inoiz gizon aldakor horietakoa izan baina ez ninduen harritu bere erabakiak, osteguneko gure txangoa guztiz antolatua genuen arren. Eta sakrifikatu egin ninduen, berak zioen bezala, “duintasunarengatik.”

Aita lanera joan zen eta ni, “dribling”erako errekurtso gutxirekin, etxean geratu nintzen, nire pentsamenduekin... eta Internetekin. Nik ez dakit ongi ulertu ote nion aitari “duintasun” hitzarekin adierazi nahi zuena, baina apustu egingo nuke, lantegian aritu izan zen bitartean bere barruan harren batek zirikatuko zuela, “begira, txotxolo, lankideak zu baino ausartagoak dira, zu baino irmoago egiten diote aurre krisiari, hain zuzen kapitalistek eurek sortu duten egoera jasangaitzari.”

Arratsalderoko ohiko orduan etxeratu zenean, begitarte lasaia zuen eta, batzuetan, irribarretsu iruditu zitzaidan, egunkaria errepasatzen ari zen bitartean. Bere ondora esertzera joan nintzaionean “mendira etzi joango al gara?” bota zidan,. Kalean sirenak entzuten ziren eta ke–poteren baten oihartzuna ere iritsi zitzaidan leihoz bestaldetik. “Aita –galdetu nion– zer moduz lanean?” “Primeran –erantzun zidan– Inork ez nau inportunatu. Nire kontzientziarekin hizketalditxo bat ere izan dut... eta oso pozik nago lagun izaten jarraitzen dugu–eta.