Euskonews Gaztea
Gaiak: Harkaitz Cano
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Euskal literatura munduan bere txokoa dauka Harkaitz Canok aspalditik. Gipuzkoarra da, Lasarte-Orian jaio zen 1975eko abuztuaren 4an.
Oso gaztetan bolaluma hartu eta hitz bat bestearekin lotuz zerbait ederra sortzeko gaitasuna zeukala nabaritu zuen; Harkaitzek dioenez, hamalau urte zituela idazle ikusten zuen bere burua etorkizunean. Eta ez zebilen oker, hemeretzi urterekin publikatu baitzuen aurreneko liburua. Garai hartan, literatur talde bateko kidea ere bazen, Lubaki Bandakoa, alegia.
Hala ere, ikasketei dagokienez beste norabide bat jarraitu zuen eta Zuzenbidea aukeratu zuen. Baina Canori bere ofizioari buruz galdetuz gero, zalantza izpirik gabe idazlea dela erantzungo du.
Urte hauetan zehar ez da genero bakar batera mugatu gipuzkoarra; bere lanak, nobela, poesia, edota ipuin esparruan ditugu, besteak beste. Bere aurreneko lana Kea behelainopean bezala izan zen, 1994.urtean argitaratutako eta poesia arloan kokatuta. Halaber, orain arte genero horren baitan publikatutako lanak Norbait dabil sute-eskaileran (2001) eta Dardaren interpretazioa (2003) izan dira. Narrazio eta poesia uztartuz, berriz, Pauloven txakurrak kaleratu zuen 1994an.
Baina aurretik aipatu bezala, Cano alor desberdinetan murgildu da, eta narrazioari dagokionean, Radiobiografiak (1995), Telefono kaiolatua (1997), Bizkarrean tatuaturiko mapak (1998) edota Neguko zirkua (2005) tituluekin egiten dugu topo. Nobelagintzarekin ere animatu eta hiru lan argitaratu ditu: Beluna jazz (1996), Pasaia blues (1999) eta Belarraren ahoa (2004). Haur zein gazte literatura arloan berriz, Itsasoa etxe barruan (2001), Omar dendaria (2005) eta Lesterren Logika dira gaur arte publikoari eskainitako lanak.
Euskal Herria utzi eta 1998. urtean Amerikako Estatu Batuetara joan zen denboraldi baterako. Bertatik, Euskaldunon Egunkariarako hainbat eta hainbat kronika idatzi zituen Martxelo Otamendik kazetako zuzendariak propio eskatuta. Atlantikoaren bestaldetik bidalitako idazki haiek kutsu literarioa zeukaten eta haiek sortzeko hartu zituen oharrak baliatuz, Piano gainean gosaltzen liburuak argia ikusi zuen 2000.urtean; kronika eta ipuinaren arteko nahasketa litzateke.
Harkaitzek Koldo Almandoz zinemagilearen A dar ba kar (1999) laburmetraiako gidoia idatzi zuen zuzendariarekin batera; irrati zein telebistako hainbat saiotan ere gidoilari gisa aritzen da. Gainera, Igor Calzada kantugilearekin batera musika eta poesia uztartzen dituen Uztail Oparo Ostean CDa publikatu zuen 2000an.
Idazten hasi zenetik eginiko lan eskergak sari ugari jasotzera eraman du gipuzkoarra. Imajina Ezazu Euskadi saria eskuratu zuen 1992an; urtebete beranduago Donostia Hiria Saria eraman zuen etxera; Ignacio Aldekoa saria 1998an eta Euskadi Saria 2005an, azken hori Belarraren ahoa eleberriagatik.
Bere senak esan zion helduaroan zertara dedikatuko zen, eta sentimendu hari jarraituta, idazki paregabeak eskaini dizkio irakurleari Canok mota guztietan eroso sentitzen dela erakutsiz.
