486 Zenbakia 2009-05-15 / 2009-05-22
Bizkaiko kultura eragilerik sendoetakoena zaitugu. Zeintzuk izan ziren zure hastapenak?
Bigarren Errepublikaren garaian hasi nintzen konturatzen kultura ekintzen garrantziaz. 1932an zortzi urte nituela, Batzokira joaten hasi nintzen eta ikusten nituen gizonak, mutilak eta neskak dantzariak gertatzen, antzerkirako paperak ikasten, abestiak entseatzen, txangoak gertatzen, Santa Ageda egunerako koplak ikasten eta horrelako martxan. Gauza horiek, nire barnera sartu ziren berehala, betiko.
Uste dut zure sendiaren dendak ere zerikusia izan duela zure prestakuntza intelektualean, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Gurasoen harremanak bezeroekin, saltzaile ibiltariekin... eragina izan zuen nigan. Baita ere, egunkariak saltzen genituen eta irakurtzen hasi nintzen, (gerra zibilaren garaia zen) han eta hemengo batailak zelan zihoazen jarraituz, zeinek irabaziko ote zuen ardurarekin, guk ala besteek. Gure aita zena ere, irakurle porrokatua zen. Uste dut, horrela sortu zirela nire zaletasunak.
Idazle, ikertzaile, politikari, musikari, enpresari...? zer da Balendin Lasuen?
Hainbatean, bost horretatik, denetatik apur bana.
Eta Zaldibarko seme?
Bai, Zaldibarren jaioa eta bertan bizi izaten jarraitzen duena.
84 urteko gizon-zalduna zaitugu. Zer ez duzu ikusi euskal kulturan zure bizitza luze eta oparoan?
Gauza asko ikusi ditut bai, leku asko eta kultura ekintza asko Euskal Herrian zehar. Musika aldetik; kontzertu sinfonikoak, koruen kontzertuak, operak, pastoralak, kantaldiak, balletak, kantak, antzerkiak. Ikerketaren aldetik; zazpi lurraldeetako “bide gurutzeak” bilatzen, baita ere garaiak. Txangoak; monastegietara, dorretxe eta jauregiak ikusteko. Mendizale bezala; mendi gailurrak, baselizak, karobiak, oihanak, eta abar. Guztiak atsegin zaizkit.
Gerediaga elkarteko lehendakaria zinen Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka sortu zenean. Hasierako une haiek... politak ezta?
Bai, benetan politak. Baina azoka hori egin zenean, lehendakariorde nintzen. Azoka hori, elkartea sortu zen urte berean egin zen, hau da, 1965ean eta nire lehendakari kargu hartzea, 1966ko urtearen amaieran izan zelakotan nago. Kontxita Astola andreak utzi zuenean. Esaten dizudan moduan, oso politak izan ziran une haiek; ilusioz beterik, batere esperientzia barik, baina lanerako gogo handiarekin. Argitaletxeetako arduradunei bisitak, liburu dendako ugazabei telefono deiak, elkar biltzeko egunak izendatu, eta abar eta abar.
Garitaonandiatar Bitorri omenaldia 1976ko maiatzaren 6an. (Lasuen ezkerretik hasita bigarrena da).
Argazkia: P. Egia.
Eta nola ikusten duzu orain azoka? Ez ote da bihurtu euskaldunon meka... bekatari ugari... zeruko barkamenaren bila!
Sinestezinezko aldakuntza izan da. Egia da, urrats-urratsezko lana izan dela urtetik urtera Gerediaga Elkarteak egin duena. Ikustekoa da. Elizpetik ortuarien azokara pasa zen; ortuarien azokatik, alboko kaleak hartu eta estaliz; eta hurrengo urratsa, Landako eraikuntzara: leku handia, argia, ederra, ondo antolatua. Baina, MEKA hori hobetzen jarraitu beharra dago, adi egon ere bai, gauzarik txikiena ere hurbiletik jarraituz. Nire ustetan behintzat.
Izan zinen zure herriko lehen alkate demokratikoa... hasieran, 1976an, hauteskunderik gabe. Nola izan zen hura?
Zaldibarko udalbatzan bi joera zeuden, baina ez polítika joera, joera pertsonalak baizik. Bost zinegotzi ziren osoko bilkurara joaten ez zirenak. Alkateak erabaki zuen Gobernadore Zibilarengana joatea eta zer gertatzen zen azaldu: hiru osoko bilkurarako deialdiak pasatu, eta bost zinegotzi ez zirela agertzen bilerara, eta horrela aurrekontuak ezin onartu. Gobernadoreak eskatu zizkion deien agiri guztiak, eta jaso zituenean, bostak kendu zituen. Horiek, errekurtsoa sartu zuten, eta hor zebiltzan itzuliko ote ziren, edo ez.
Bitartean aurrekonturik ez, udalbatzarrik ere ez zegoelako. Horretan, Franco hil eta lasterrera dekreturen bat, gomendio bat egiten ei zuen: hamar urte edo zeramaten alkateei, postua uzteko eskatzen ziena, beste nor edo nori aukera emateko.
Pedro Garitaonandia alkateordea eta Jorge Artamendi zinegotziak egin zidaten gonbita. Haiek zera ikusi zuten, itxuraz, nigan: industria gizona, koralaren zuzendaria, munduan ibilitakoa, zenbait elkartetako kidea, Gerediagako presidentea, etab. Horrela gonbita jaso eta pentsatu nuen: “Herria horrela ez dago ondo, ez aurrekontu eta ez ezer. Egin ditzadan bi edo hiru urte...” Eta baietza eman nien. Alkatetzarako aurkeztu nintzen. Sasoi hartan udalbatzarrak erabakitzen zuen zinegotzien botoekin, beste inork ez zuen parte hartzen botazioan. Bi pertsona aurkeztu ginen. Saltseroetako bat alkateorde zen Estanis Garitaonandia eta biok. Nagusitu nintzen eta alkate izendatu ninduten. Gero “maniobra” batzuk egin behar izan nituen.
Bizkaiko Gobernadoreak kargugabetu zituen zinegotziak errekurtsoa sartu zuten, esanez ez zituztela hiru batzar huts egin. Berez deialdi bat bitan egin zutela eta, legearen arabera, bitara ez zirela agertu. Nik arriskua ikusten nuen: “Hauek berriz itzultzen badira, akabo. Saltsa dago atzera ere”. Eta Madrilera joan nintzen, Gobernazioko Ministeritzara, hitz egitera. Ministroarekin eskatu nuen hitzordua, baina zuzendari nagusiak hartu ninduen. Zertara nindoan esan nion, kargugabetutako haiek itzultzeko aukerarik ba ote zen jakiteko. Zuzendari hark ezetz edo: “Aukera txiki bat, besterik ez”. Esan zidan. “Hara, alkatetza hartu dut horiek atzera ez itzultzeko baldintzapean. Bestela, oraintxe emango dizut dimisioa”. Hori ez zuten nahi. Deitu zion ondoko bulegoan ari zen abokatu bati, baita beste zuzendari bati kontsulta... Han zebilen mugimendua! “Baldintza horixe, eta kitto. Nahi baduzue, bai, bestela dimititu egingo dut”. Beraiek ere ez zuten asmatzen zer formula erabili errekurtsoak aurrera egiteko modurik ez edukitzeko. Neuk proposatu nien soluzioa: “Nahi izanez gero, erraza duzue: isiltasun administratiboa. Sar ezazue errekurtsoa kutxatila batean, giltza eman eta galtzen utzi, inork ez jakiteko moduan...”. Horrelaxe izan nintzen alkate hiru urtetan. Kargugabetutako bost haien ordez, beste hainbat neure adiskide eta konfiantzazkoak izendatzeko ahalmena neukan, legez.
Argazkia: Andrés Espinoza.
Handik urte pila batera, errekurtsoak irabazi egin zuten... Ordurako, erabakiak ez zuen batere indarrik.
Parte hartu zenuen Bergarako alkateen taldean 1976-1979 bitartean. Nola gogoratzen dituzu une haiek?
Gogoan dut egun batean Arrasateko Altuna alkateak deitu zidala zaborren zerbitzuari buruz berba egiteko, eta uste dut hortik etorri zela gure harremana. Handik lasterrera jaso nuen dei bat Bergarako udaletxera joateko bilera batera. Ez dakit nork deitu zidan, Elkoro ala Altunak. Horrela hasi nintzen gero bilera guztietara joaten. Hor eman zidaten aditzera, zer plan zegoen eta ondo iritzi nion.
Kanpora begira, ekintza oso garrantzitsua egin zen 1976ko uztailaren 21ean. Euskal Herriari Foruak kendu zizkioteneko mendeurrenean. Egun horretako ekintzak hunkigarriak izan ziren: Kontzentrazioa, gero meza nagusia Bergarako orfeoiak abestuta, jarraian manifestazioa aurrean ikurrina eta pankarta herri guztien izenekin. Egun gogoangarri horren inguruan osotu zen Bergarako Alkateen Taldea.
Egun horretatik aurrera hainbat ekintza egin ziren, euren artean Bilbon egin genuen manifestazioa, hauteskunde munizipalak egitea eskatzen genuen. Horretarako, Gobernadore Zibilaren baimena behar zen, eta eskaria gertatu genuen eta Gobernadorearengana joan ginen: Elkoro, Altuna eta hirurok. Nik ezagutzen nuen bizpahiru aldiz egonda nengoelako.
Ondo hartu gintuen eta eskaria eman genion. Irakurri eta, pentsatzen egon ondoren, hainbat gomendio ematen hasi zen. Honetaz eta hartaz ari ginen eta momentu batean esan nion: “Horrelako neurriak hartzea erabakitzen baduzue, gu pase foralaz baliatuko gara”. “Pase forala... horrelakorik ezin duzue egin”, erantzun zigun gobernadoreak.
Agindu zigun baimena emango zigula. Lortu ziren ikurriña legeztatzea, baita ere hauteskunde munizipalak. Esperientzia interesgarria izan zen, benetan.
Kulturako Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria izan zinen urte luzez...
Bai horrela izan zen. Hiru legealdi egin nituen, hau da, hamabi urte. Orduantxe jubilatu nintzen, baina erretiratu ez naiz egin oraindik. Nere buruko “ordenagailuak” funtzionatzen duen artean, idazten jarraitu gura dut.
Baina begira hori nola izan zen: garai hartan, Bizkaiko Batzar Nagusietako ahaldun nintzen eta Zaldibarko alkatetza utzi berria. Nire asmoa zen, Batzar Nagusietan jarraitu Legealdia amaitu artean eta etxeko lantegian jarraitzea.
Lehenengo abesbatza mistoa.
Egun baten lantegian nengoela Eusko Jaurlaritzaren Kultur Sailetik deia bat jaso nuen esanez: “Josemari Velez de Mendizabal naiz, Sailburuordea, Balendin Lasuen zera?”. “Bai, esan”, erantzun nion. “Balendin, zelan alkatetza utzita?, esan zidan. “Apur bat lasaitxoago” nire erantzuna. Orduan berak, “gonbita daukat zuretzat. Ea nire eskaintza onartzen duzun... Bizkaiko Kultur ordezkaria izatea”. Nire erantzuna: “Ez dago ni baino pertsona egokiagorik kargu honetarako?”, ez nuen itxaroten horrelako eskaintzarik. “Noizko behar duzu erantzuna?”, galdetu nion. “Gaur hobe bihar baino ”, erantzun zidan. “Etxean esan behar dut. Ustekabean harrapatu nauzu”.
Hurrengo egunean, erantzun nion baiezkoa emateko. Handik egun batzuetara, Ordezkaritzaren bulegoan, Sailburuordeak nire aurkezpena egin zuen funtzionario, langile eta kazetarien aurrean ongi teoria emanaz; gero, nire erantzuna eskerrik beroenak emateko. Eta horrela hasi nintzen lan berri horretan, pozik.
Oso gustura lan egin nuen, eta baita ikasi ere. Pertsona asko ezagutzeko aukera izan nuen eta baita lagun eta adiskide asko egin ere bai.
Galdera bat, kuriositatez: euskaldunok, lurraldearen arabera, berdinak al gara?
Berdinak ez, antzerakoak esango nuke. Nire ustez, dagoen aldea izan liteke, Iparraldean frantses eragin edo influentziak eta Hegoaldean Espainiarenak eragiten duena izango dela. Nik hori gehien nabaritzen dut Arabako lurraldean.
Bizitza politikoa aldrebestu, bihurritu, egin da azken urteotan... ala beti izan da horrela?
Nik uste, demokraziarik egon ez den Nazioetan, horrela gertatzen dela, eta hemen estatu honetan, errepublika garaiko sei urteetan izan ezik, ez dugu benetako demokraziarik bizi izan (orduan ere ba ziran problemak).
Azken urteotan bihurritu egin da eta batez ere, hilabete honetako egunotan. Garbi ikusten dugu demokrazia ez dela finkatu. Nahiko kili-kolozko demokrazia daukagula.
Zailagoa al da Zaldibarko historiaz idaztea, Euskal Herrikoaz baino?
Euskal Herrikoaz oso gutxi idatzi dut, baina Bizkaikoa eta Zaldibarkoa, nahiko erraz idazten ditut. Nire egitasmoa herrikoa idaztea zen eta datorren urtean amaitzeko asmoa daukat. Hori lortzen badut, zorioneko izango naiz.
Argazkia: Andrés Espinoza.
Gaztaroko zure ametsak kulturan, politikan, enpresa munduan... bete dira.?
Bai, bete ziren eta orain kultura munduan bakarrik lan egiten dut. Kultura mundu hori, bi zatitan banatuta daukat: herriko historia batetik, eta sendi-familien genealogia ikerketak bestetik. Bi lan mota horrekin, gustura lan egiten dut.
Nola ikusten duzu euskal kulturaren egoera?
Aspaldian ez dut hurbiletik jarraitu, baina honela azaletik begiratuta, esango nuke nahiko ondo. Gehienbat, erakusketei eta orkestren eta koruen kontzertuei begiratzen diet apur bat.
Badakit, orfeoi eta koralak jende bila dabiltzala, gehienak, tenoreen faltan, baita ere baxuen faltan etab. Baita ere, beste talde batzuk daudela modan.
Beste asko, gimnasiora doaz, besteak igeri egitera, eta ez zaie denborarik geratzen liburutegira joateko...
Gogoraraziko dizkizut izen batzuk: Martin Ugalde, Balendin Lasuen, Imanol Olaizola, Mario Otxoa, Ana de Begoña, Aingeru Zabala... hura bai taldea, ezta?
Hura bai taldea. Haiek bai denborak. Ondo gogoan daukat.
Politikan ilusioa galdu dela uste duzu? Ez da zeru urdinetik grisera pasatu?
Bai, horrela dela uste dut. Batzuetan gehiago esango nuke. Grisa bai, baina gris iluna. Tamalgarria da benetan. Zer egin?
Euskal eta Bizkaiko kulturan zeintzuk izan dira gehien miretsi dituzun pertsonak?
Batzuek jarriko ditut: Joxemiel Barandiaran, Manuel Lekuona, Aita Villasante, Pierre Larzabal, Antoine D’Abbadie, Jean Harichelar, Santi Onaindia, Augustin Zubikarai, Goyo Monreal, Jesus Altuna, Juan Ramon Urkijo, Martin Ugalde, Aingeru Zabala, Pedro Miguel Etxenike, Adrian Zelaia, Juan San Martin, Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea, Vicente Larrea, Ander Manterola, Imanol Olaizola, Karmelo Etxenagusia, Leopoldo Zugaza.
Berba egin dezagun Euskal Herriaz. Bihotzean daramazun horrek zer sentiarazten dizu gaur egun?
O, Euskal Herri bihotzekoa!, Pena, min hartzen dut gaurko egoera ikusita. Pentsatzen genuen aurrerantz gindoazela geure eskubideak lortzeko ustetan, eta begira nolatan gauden oraintxe bertan... Balendin Lasuen Solozabal (Zaldibar, 1924) Zaldibarren (Bizkaian) jaio zen 1924ko ekainaren 1ean. Herriko alkatea, Eusko Jaurlaritzaren Bizkaiko kultura-ordezkaria eta, 1983ko maiatzaren 8ko hauteskundeetan aukeratuta, Batzar Nagusietan ahalduna izan da. 1945ean Zaldibarko Abesbatza Elkartea sortu zuen, eta zuzendari izan zuen. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide eta Bizkaiko Kultura Batzordeko kide ere izan da, baita Durangaldeko Adiskideen Gerediaga Elkarteko lehendakari ere. Gai historikoei eta etnografikoei buruzko lan anitz egin ditu, eta honako hauen egilea da: Guerediaga y la Merindad de Durango, «Colección Temas Vizcainos», 110. zk., Garbiñe, Crónicas de las fiestas euskaras, Orfeones y corales de Bizkaia, Puentes antiguos de Bizkaia eta Museos de Bizkaia. Gaur egun bere herriko, Zaldibarko, historia jasotzen dihardu, eta familien genealogiak ikertzen.