483 Zenbakia 2009-04-24 / 2009-05-01

Euskonews Gaztea

Gaiak: Javier Clemente

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Bizkaitarra da Javier Clemente Lázaro; zehatzago esanda, 1950eko martxoaren 12an jaio zen Barakaldon. Gerora Barakaldoko Ilehoria ezizenez ezagutuko zena, nazioartean ezaguna dugu futbolari lotuta egon baita beti.

Mutil koxkorra zenetik baloiari ostikoak ematea atsegin zuen Clementek. Aurreneko urratsak Barakaldoko gazteen taldean eman zituen eta ondoren, Athleticen gazte talderako pasea eskuratu zuen. Azkar iritsi zitzaion, hala ere, lehenengo taldera igarotzeko aukera eta 18 urte besterik ez zituela bere bihotzeko taldearen lehengo ekipoarekin debutatu zuen. Egun seinalatua 1968ko irailaren 22a izan zen, eta ordutik, erdilari postuan jolastu zuen barakaldarrak.

Hala ere, Clementeri ez zion zorteak askorik lagundu. Debutatu eta hiru urtetara, 1971an, Sabadellen kontra zoritxarreko lesio bat jasan zuen belaun batetan eta ezin izan zion berriro ekin bere karrera profesionalari. Nolanahi ere, aipatzekoa da Athleticen jolastutako urte haietan zehar 47 partidutan aritu zela eta punteriari esker, zazpi gol sartu zituela. Gainera, Athleticek Errege Kopa irabazi zuen 1969an.

Baina lesio hura eduki arren, ez zen geldi egon Javier, eta Athleticen azpiko mailak entrenatzeko eskaintza egin zioten, baita onartu ere. Getxoko Arenas Club zuzendu zuen 1975–1976 denboraldian, CD Baskonia 1976–1978ra bitartean eta Bilbao Athletic 1980–81 denboraldian.

Eta azkenean iritsi zitzaion lehengo taldea gidatzeko aukera; 1981. urtea zen eta 1986ra arte aritu zen ekipo nagusia entrenatzen. Bi liga (1982–83 eta 1983–84), Errege Kopa bat (1983–84) eta Superkopa bat (1984–85) irabazi zituen Clementek Athleticekin.

Ondoren, Espanyol taldeak fitxatu zuen bizkaitarra, eta 1986tik 1989ko denboraldira aritu zen bertan. Handik Atletico Madrilera (1989–1990), Espanyolera buelta (1991–1992), Betis (1998–1999), Erreala (1999–2001), Olympique de Marsella (2001), Tenerife (2002), Espanyol (2002–2003), Athletic (2004–2005) eta Murcia (2008) taldeen aulkian eseri zen.

Bestalde, Espainiako Selekzioa gidatu zuen 1992–1998 urteen artean eta zuzendu zituen 62 partiduetatik 36 irabazi zituen, 20 berdindu eta 6 galdu. Frantziako Mundialean (1998) edukitako porrota izan zela eta, taldetik bota zuten.

Gainera, bi urtez Serbiako Selekzioa entrenatzeko aukeratu zuten 2006ko ekainaren 17an. 2007ko irailean pasarte bitxi bat bizi izan zuen bizkaitarrak. Etxean istripu bat eduki zuen eta ondorioz, lau saihets apurtu zitzaizkion. Horrek ez zion baina, Bilbotik Belgradorako bidea kotxez egitea galarazi, eta publikoak eskerrak eman nahirik, harrera beroa egin zion. Hala ere, ez zuen taldea 2008ko Eurokoparako klasifikatzea lortu eta bota egin zuten.

Aurrena futbol jokalari; entrenatzaile ondoren. Hedabideekin gogorra eta onerako zein txarrerako, adierazpenetan argia. Inor axolagabe utzi ez duen, eta utziko ez duen Athletic zale porrokatua.