477 Zenbakia 2009-03-13 / 2009-03-20

Artisautza

Jose Antonio Bastida. Pikatzailea: Prozesua

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Prozesuak

Kulata egiteko, intxaurrondo beltza erabiltzen dute. Egurrak azaroan, abenduan edo urtarrilean ebakitakoa izan behar du, ilbeheran, eta ahal bada, zuhaitz zaharrak aukeratu behar dira, sikatzear daudenak.

Egurretik oholak ateratzen dira: 42 cm-ko luzera, 20 mm-ko zabalera eta 6 cm-ko lodiera dutenak. Egurra zirian ebakitzen dute, hau da, toki bat bestea baino zabalagoa da, kirtenari ondo egokitzeko. Ebaki ondoren, tailerrera eraman eta lehortzen uzten dute, 6-12 urte bitartean.

Kulatako lepoaren eta kaxa-aurrearen koskadurak lerro gurutzatuak ditu egurraren gainean. Horiei esker, erabiltzaileak hobeto eusten dio eskopetari, irristatu gabe. Era berean, arma edertu egiten du.

Koskadura egiteko, lehenengo marraztu egiten da egur gainean landu beharrekoa, eta trazuak ere markatzen dira. Horretarako, batzuetan txantiloia erabiltzen dute.

Grabatze- edo pikatze-lana zerraz egiten dute. Zerra altzairuzko pletina da, limaz zerra-haginak tailatuta dituena. Haginek milimetro bat inguruko garaiera dute. Zenbait hagin (bitik bostera bitartean) elkartu eta egurrezko kirtenean sartzen dira, eta hagin-eskuila itxura hartzen dute. Aipatutako erremintak artisauak berak egiten ditu.

Lanean, artisauak esku batean pieza eta bestean zerra izaten ditu. Egurra esku airez lantzen du, aurretik lapitzaz markatutako lerroei jarraitzen. Zatirik zailenetan bi hagin-ilarako esku-zerra erabiltzen du; zatirik zabalenetan eta lauetan, ordea, bosteko zerra. Gero, behin eta berriro errepikatzen du aipatutakoa gainerako lerroekin, eta aurretik egindakoak zeharkatu egiten ditu. Iraganaldiz iraganaldi, lana amaitzen du. Orduan, azken ukituak ematen dizkio gubiaz.

Hainbat koskadura mota daude: arrunta, erdi-fina eta fina. Horrek esan nahi du hazbeteko 15-25 hari edo lerro daudela, eta erabili beharreko zerrak harien edo lerroen araberako haginen arteko tartea izan beharko du. Egurraren kalitateak ere zerikusi handia du. Lehen aipatu dugun bezala, intxaur-egurra da onena.

Lana amaitu ondoren, piezak armaginak eramaten ditu olioa edo berniza emateko. Berniza askoz ere merkeagoa da, arinago lehortzen delako. Baina egurra olioz landuz gero, askoz ere dotoreago geratzen da.

Noizean behin, artisau pikatzaileak kulatak berriztatu ere egiten ditu, arraiak joanda dituelako. Dagoenaren gainean berrizta dezake edo, ezin denean, dena leunduta eta kenduta, berriro koskadura egiteko.

Oro har, eskopetaren kulata eta kaxa-aurrea pikatzeko 90-120 minutu behar dira, koskaduraren arabera.

Pikatzailearen erremintak hauexek dira:

· Lima-jokoa, esku-zerren haginak sarri zorroztu behar direlako. · 1,2 eta 4 hagin-ilarako zerrak; 6koak ere badira, ale xeheagoa pikatzeko. · Puntadun konpasak. · Txantiloi metalikoak. · Erregelak, lapitza eta goma. · Plastikozko ziridun eskuila, lanean dabiltzala, piezari zerrautsa kentzeko. · Argia, irratia eta betaurreko babesleak. · Mahai gaineko zulagailu txikia. · Mahai gaineko elektro-esmerilagailua.