
Artisautza
Juan Sanz. Eskuz egindako esku pilotak: Historia
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Greziarren ustez, ariketa fisikoak hasieran gudurako prestatzeko ariketak izaten ziren: esgrima, xabalina-jaurtiketa, zaldiketa, etab. Gimnasia jokotzat hartzen zuten, ez kiroltzat. Gauzak geroago aldatu ziren, gazteei atletismorako grina pizten hasi zitzaienean. Kirol-zaletasun hori erromatarrengana igaro zen eta termetan, adin eta gizarte maila guztietako jendea hartzen zuten horietan, pilota izaten zen gehien egiten zen kirola.
Erromatarrek tamaina eta kolore ezberdinetako pilotak erabiltzen zituzten. J.N. Robert1 historialariaren arabera, ilez betetako pilota txiki eta gogorra erabiltzen zuten besagain jokorako; pagénica izeneko beste pilota lodixeago bat ere bazuten, larruzkoa eta barruan lumak zituena. Gero follas izenekoa zuten, haizez puztutako edo lumazko baloi lodia, joko motel eta lasaiagoetan pertsona helduek erabiltzen zutena. Batak besteari, elkarri botatzen zioten pilota, edota norberak bakarrik airera botatzen zuen, gero berriro eskutan hartzeko.
Bazen beste joko mota bat ere, eta joko hartan jokalariak hormara botatzen zuen pilota, gero eskuz jo eta itzultzeko. Lurrera erori gabe pilota gehien jotzen zuenak irabazi ohi zuen.
Trígono izeneko jokoan, berriz, hiru jokalari triangelua eratuz ipintzen ziren, pilota bana zutela. Jokalari bakoitzak bere pilota beste bati bota, berari botatzen ziotena hartu eta berriro bota egiten zuen, lurrera erortzen utzi gabe. Jokalari bakoitzaren ondoan, pilota zenbat aldiz erortzen zen zenbatuz epaile-lanak egiten zituen pertsona bat ipintzen zen.
Alde batera utziko ditugu baloiaz jokatzen ziren kirolak, gure gaitik kanpo daudelako. Hala ere, interesa duen irakurleari esango diogu EUSKONEWSen 403. zk.ko fitxan pilota-jokoaren berrikuspen historikoa egin genuela erromatarren garaietatik gaur egunera arte. EUSKONEWSen 192. zk.an Euskal Herriko datuak jorratu eta EUSKONEWSen 283. zk.an, berriz, pilotan jokatzeko era eta mota desberdinak errepasatu genituen.
1ROBERT, Jean-Noël. Los placeres en Roma. EDAF. S.A. Madril. 1992. 64. or.
