471 Zenbakia 2009-01-30 / 2009-02-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Maria Bayo

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Maria Bayo Fiteron (Nafarroa) 1958an jaio zen sopranoa da, eta bere ahotsarekin lan egitea lortu duen emakumea mundu osoan ezaguna da.

Ikasketak Iruñean egin zituen aurrena, Pablo Sarasate Kontserbatorioan hain zuzen; ondoren baina, Detmold (Alemania) herrian dagoen Hochschule für Musik Westfalen Lipp–era abiatu zen bere prestakuntzan sakontzeko asmoz, Nafarroako Gobernutik eskuratu zuen beka bati esker.

Bayo 1979an ekin zion opera kantatzeari, baina Vienako Nazioarteko Belvedere Sariketa 1988an irabazi zuenetik bere izena nazioartean ezagun bihurtzen hasi zen. Ordutik, toki garrantzitsu askotatik deitu dute sopranoa; hala nola, Paris, Budapest, Mosku, Hanburgo, Londres edota Tokio bezalako hirietan aritu izan da bere ahotsarekin gozatzera gertutako ehunka pertsonen aurrean arima biluzten.

Autore ezberdinen obrak interpretatu ditu nafar unibertsal honek, esaterako, Händel, Donizetti, Bellini edota Vives konpositoreen zenbait lan bere egin ditu. Baina adituen esanetan, bere lanik azpimarragarrienak Morzarten Figaroko Ezteiak edota Sevillako bizargina dira. Aurrenekoaren kasuan, kritikak bat etorri ziren eta txalo zaparrada jaso zuen alde guzietatik Mariak. Mozarten trilogia bat ere –De Ponte– antzeztu zuen Salzburgoko Jaialdian, arrakasta handiarekin.

Baina zuzeneko emanaldiez gain, zenbait grabaketatan ere parte hartu du eta dagoeneko hogei diskotik gora ditu Bayok. Besteak beste, Alfredo Kraus, Plácido Domingo edota Teresa Berganza artistekin aritu izan da eta batez ere kantutegi espainiarreko piezak interpretatu ditu. Vives konpositorearen Doña Francisquita zarzuela ere grabatu zuen; hau, gainera, Krausek hil aurretik egin zuen azken grabazioa izan zen. Bestalde, Nafarroako zenbait konpositoreri ere leku berezia eskaini die bere emanaldietan Mariak, adidez García Leo edota Fernando Remachari.

Nazioarteko sari eta aitorpen ugari jaso ditu bere ibilbidea dela medio. Modu horretan, 1991an Radio Nacional de Españako saria jaso zuen Musika Klasikoen atalean. Nafarroako Gobernuak Vianako Printzea saria eman zion 2002an eta aipatzekoa da Grammy sarietarako izendapena lortu zuela Haendelen opera eta kantata batzuekin osatutako album bati esker. Bestalde, Maria Bayo Eusko Ikaskuntzak sortutako Jakiundeko kidea da.

Eszenatoki ugari zapaldu dituen artista nafarra gonbidatua izan da urteetan zehar kontinente ezberdinetako antzokietara, eta ez zaizkio konpromisorik falta etorkizunerako ere, dagoeneko Asia, Amerika zein Europatik gonbidapen ugari jaso baititu.