469 Zenbakia 2009-01-16 / 2009-01-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zifrekin bueltaka

GARAI, Maite



Ogia = 1,05 euro Egunkaria = 1, 50 euro Oinetakoak = 100 euro Atun latak = 0,80 euro Etxearen hipoteka = 950 euro hilean ...

Zifrak gora, zifrak behera, hilabete amaieran kontu korrontea begiratu eta dardarka hasten naiz. Batzuetan diru apur bat edukitzen dut soberan eta bestetan berriz, hilea amaitzeko ia ez zait sosik geratzen. Eta ezustekoren bat gertatuz gero, imajinazioa erabili behar!

Prezioak gora doaz eta dena garestitzen da, baina gure soldatek berdin jarraitzen dute. Eta hori kasurik onenean, langabezian dagoenak bestelako bideak bilatu beharko baititu aurrera egiteko. Horregatik, nire eguneroko erosketen zerrendatik gauza ugari desagertzen doaz. Esate baterako, orain ez dut egunero ogia erosten, asteburutarako uzten dut gutizia hori. Edota egunkaria; kasu horretan ere, astean zehar internetez irakurtzen dut lanean, eta gainera bat baino gehiago begiztatzeko aukera ematen dit sareak.

Noski, badaude atzeraezinak diren ordainketak; hipoteka ordaindu ezean badakigu zer gerta daitekeen, esaterako. Horregatik, sakrifizioak beste alde batetik egin behar izaten ditugu guztiok. Mila euro kobratuta, “magia” egitea funtsezkoa dugu zenbakiek bat egin dezaten, eta erabilitako trikimailuak batzuetan ez dira behar besteko eraginkorrak izaten.

Egoera honek, hala ere, erosketak egiten irakatsi didala aitortzen dut. Supermerkatura joan eta erosketarako organ sartzen ditudan produktu asko ez dira markakoak izaten. Hala burua erabilita, bakoitzarekin aurrezten dudana beste zerbaitetarako baliatzen dut, eta egia esan, hilabete amaieran nabaritzen da.

Garai hobeak iritsiko dira, eta azkar izatea espero dut. Urtea hasi besterik ez da egin eta dagoeneko estututa dut gerrikoa. Krisiak irauten duen bitartean, aurrezteko bideak topatuko ditugu, baina egoera hobetzerakoan zer? Bizimodu bera jarraituko al dugu ala berriz ere gastatzeari ekingo diogu?