Euskonews Gaztea
Gaiak: Amaia Estornés Zubizarreta
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Amaia Estornés Zubizarreta Chilen jaio zen 1954ko martxoaren 21ean. Artista da emakume hau, margolaritzari ekarpen garrantzitsuak egin dizkio. Nahiz eta Ozeano Atlantikoaren bestaldean jaio, lau urte zituenean familiarekin batera Euskal Herrira etorri zen bizitzera; Bernardo Estornés Lasa euskal kultura eragilea zen bere aita.
Gaztetatik artearen inguruan ibili zen; 1971an Gipuzkoako Margolariak lehiaketan parte hartu eta Gazte Saria eman zioten. Hurrengo edizioan ere parte hartu eta accesit saria eman zioten. 1974 eta 1980ean ere animatu zen lehiaketan izena ematera, eta hirugarren eta lehenengo postua eskuratu zuen, hurrenez hurren.
Artea odolean bueltaka zerabilkien eta Bilboko Arte Ederretako fakultatera joan zen unibertsitatea ikasketak egitera. Hala, 1975–1980 urteen artean aritu zen bertan ikasten. Burututako artelanetan estilo ezberdinak jorratu izan ditu Amaiak. Hasiera hasieran bere lanak abstraktu estilokoak ziren. Ondoren, trantsizio etapa batean sartu zen eta paisaia lanak ziren nagusi; horietan hondamendiaren parte diren urakan, lurrikara eta bestelakoak irudikatzen zituen. Azkenik, pintura figuratibora gerturatu zen, non collage eta marrazkiek garrantzia hartzen duten beste elementu batzuen artean.
Giltz izeneko elkartea sortu zuen 1981ean Aingeru Pagairekin batera, eta talde bezala makina bat erakusketatan parte hartu dute. Horien artean, Sutilismo (Algorta, 1981) edota Giltz (Biarritz, 1986) daude. Bestalde, Municheko Von Abercron aretoan ere jarri zituzten beraien lanak ikusgai 1995ean.
Baina noski, bakarka ere parte hartu du erakusketatan eta besteak beste San Telmo Museoan eginiko Donostiako Bienalean (1985), Londreseko Chisenhalle Galerian (1986), Donostiako Okendo Etxean egin zen Emakume Artisten Erakusketan (1992), Toulouseko Unibertsitatean (1996) edota Floridako Artexpo, Floridako Artearen Nazioarteko Ferian (2000, 2001 eta 20002an) zintzilikatu ditu koadroak.
Irudimen oparoa mihiseetan irudikatuz urteak eman dituen emakume honen artelanak Getxo eta Barakaldoko Udaletxeen, Bilboko Aireportu eta baita Institutu Frantsesaren, Bartzelonako Metronom Galeriaren edota Eusko Jaurlaritzako Kultura Departamentuaren bildumetan aurkitzen dira, besteak beste.
Pintzelarekin irudikatzen duenarekin sortutako ehunka lanetan, bere barneko unibertsora gerturatzeko aukera eman eta denon eskutan jarri ditu mundua ikusteko era desberdinak.