463 Zenbakia 2008-11-28 / 2008-12-05

Gaiak

Ongizate Estatuen erreforma(k) aldaketa garaian

MORENO MÁRQUEZ, Gorka

UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea



Lan harremanetan edota gizarte loturetan emandako aldaketek erronka berriak sortarazi dituzte eta hauen aurrean azken urte hauetan erantzun berri eta ezberdinak ari da planteatzen Ongizate Estatua hauen inguruan. Erantzun hauek hein handi batean herrialde ezberdinen kultur politikoa edo barne ezaugarrien araberakoak ari dira egituratzen. Horrela bada, eta Ongizate Estatuen ereduen teoria klasikoak jarraituz, hiru dira azpimarratu daitezkeen ereduak. Adituen arabera —Esping-Andersen, Titmuss edota Ferrera—, hiru Ongizate Estatu eredu bereizi daitezke. Lehenengoa, lurralde anglosaxoietan ematen dena da, bertan gizarte-eskubideak ez daude oso garatuta eta gehien bat behar gehien dutenentzat eskaintzen dira (eredu liberala). Bigarrena, lurralde eskandinaviarretan garatu den Ongizate Estatua litzateke, bertan gizarte-eskubide zabal eta unibertsalak ematen dira eta hauek zergetan oinarritzen dira (eredu sozialdemokrata). Azkenik, Europa kontinentalean garatutakoa izango genuke, bertan gizarte-eskubide garrantzitsuenak langileek gizarte-segurantzan egindako kotizazioen bidez egituratzen dira (eredu kontinentala). Sailkapen honi jarraituta, hiru dira ere gaur egun ematen ari diren erantzunak: eredu liberalean oinarrituta workfare programa, eredu sozialdemokratatik abiatutako aktibazioa eta honen barruan kokatzen diren enplegurako politika aktiboak eta azkenik Europa erdi eta hegoaldean azken urte hauetan garatzen ari dena gutxieneko diru-sarrera edo errenta minimoen eredua.

Lehenengoari dagokionez, workfare edo welfare to work eredua Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan garatu da, nagusiki 90. hamarkadatik aurrera. Ongizatetik enplegurako ematen den igaroaldia bezala itzuli dezakegu kontzeptu hau eta honen bidez langabetuentzako diru-laguntzen erreforma eman da. Workfare ereduak diru-laguntzen kostua gutxitzea eta langabetuek ahal den eta azkarren lan merkaturatzea du xedetzat eta horretarako neurri ezberdinak jarri ditu martxan. Alde batetik, diru-laguntza jasotzeko eskubidea dutenen taldea murriztu egin da, gehien bat seme-alabak dituzten familietan zentratzen delarik laguntza-programa. Bestetik, diru-laguntza jaso ahal izateko edozein enplegu onartu behar da eta onuradunari eskaintzen zaion enplegu edo formakuntza ikastaroa onartu behar du, bestela zigor ezberdinak aurreikusten dira, jasotzen den diru-kopuruaren murrizketa edota programatik at gelditzea aldi baterako zein betirako, besteak beste. Horrela izanik, diru-laguntzak bi urtez jarraian edo bost bizitza osoan jasotzen duenak programatik kanpo geldituko da ere. Neurri hauetaz gain, gutxieneko soldata eta seme-alabak dituzten famili langileentzako pizgarri fiskalak abian jarri dira EEBBetan zein Erresuma Batuan, bigarren honetan erreforma lausoagoa izan delarik. Emaitzei erreparatuta, gizarte-laguntza jasotzen duten onuradunen kopurua izugarri jaitsi da, gehien bat EEBBetan eta enpleguaren hazkundea ere nabarmena izan da. Hala ere pobrezia-tasak ez dira ia jaitsi eta lehen diru-laguntza jasotzen zuen pobrea gaur enplegua badu baina pobrea izaten jarraitzen du —working poor—. Era berean, zaila da esatea enpleguaren hazkundearen zergatiaren partea noraino azaltzen den erreformarekin eta noraino eman den testuinguru ekonomiko bereziarengatik. Honi lotuta ere, ezin aipatu gabe utzi erreforma hau gehien bat arrakastatsua izan dela arazo gutxien zuten pertsona langabetuekin, baina oztopo asko dituzten gehienak langabezian eta gizarte bazterkerian murgilduta jarraitzen dute. Era berean, epe ertain eta luzera begira ikusi beharko da zer gertatuko den diru-laguntzen onuradun zigortuekin, Ongizate Estatuaren azken babesetik at geldituko baitira gehienetan.

Argazkia: René Ehrhardt.

http://www.flickr.com/photos/rene_ehrhardt/2488059144/

Bigarren eredua enplegurako politika aktiboena dugu, kasu honetan eredu hau enplegurako politika pasiboen osagarria izango litzateke. Honen bidez langabetuen diru-sarrera bermatzeaz gain enplegua lortzeko beste neurri batzuk hartu behar direla azpimarratzen da. Hauen artean sartuko lirateke, besteak beste, formakuntza, enpleguaren sustapena edota sektore publikoaren magalean sortzen diren enplegu babestuak. Esan bezala, Europar Batasunak gero eta arreta gehiago jartzen ari du neurri hauengan eta hori dela eta hazkunde garrantzitsua izan dute azken urteetan, oso nabaria Europa erdi eta iparraldean eta apalagoa hegoaldean. Estatuari dagokionez, enplegurako politika aktibo garrantzitsuenak, gastuari erreparatuz behinik behin, Enplegurako Institutu Nazionalaren bidez ematen dira, nahiz eta konpetentzia hau zehazki autonomi erkidegoena izan, salbuespen batekin, Euskal Autonomi Erkidegoaren kasuan konpetentzia hau ez dago transferituta eta sarritan komunikabideetan azaltzen den gai korapilatsua ere bada. Emaitzei dagokienez, oro har egindako ikerketa gehienek hauen ahulezia azpimarratzen dute. Azken urte hauetan Europar Batasunean egindako gastuak oso altuak izan dira baina emaitzak askoz ere apalagoak. Era berean, eta aurreko kasuan bezala, neurri hauek nahiko eragingarriak dira egoera hoberenean dauden langabetuentzat, baina arazo eta gabezi anitzak dituztenen kasuan hauen arrakasta askoz ere baxuagoa da.

Eta aipatutako hiru ereduekin bukatzeko gutxieneko diru-sarreren eredua aipatuko dugu. Gutxieneko errentaren helburu nagusiena Gizarte Segurantzaren babesa ez dutenentzako gutxieneko diru-sarrera bermatzea izango litzateke eta beraz Ongizate Estatuaren azkeneko segurtasun-sare bezala ikusi dezakegu ere. 80. hamarkada bukaeratik aurrera neurri honek gero eta garrantzi gehiago du eta gero eta jende gehiagok jasotzen du gizarte bazterkeria eta zaurigarritasunaren hedapenaren ondorioz. Europako estatu garatuenetan ez bezala gutxieneko errentak gutxi garatu dira Estatu espainiarrean, EAE, Nafarroa, Madril, Katalunia edota Asturiaseko ereduak alde batera utzita, gainontzeko erkidegoetan oso garapen ahula eman da. Honen adibide esanguratsua da, esaterako, EAEn ematen den Oinarrizko Errenta, Estatuan dauden gutxieneko errenten gastuen herena suposatzen duela bera bakarrik. Eredu honen azalpenekin bukatzeko esan daiteke azken urteetan eta Europear Batasunaren bultzadarekin batera enplegurako politika aktiboak eta gutxieneko errenten arteko nolabaiteko uztarketa ematen ari da, bi hauen arteko lotura estutuz.

Laburbilduz, esan dezakegu eredu guztiek, bakoitzaren berezitasunekin, Ongizate Estatuan ematen ari diren gabeziei aurre egiteko enplegua ikusten dutela soluziobide nagusi bezala, hiru ereduetan nabarmena baita enplegua lortzearen aldeko apustua. Baina era berean, hiru ereduek era inplizituki zein esplizituki bada ere, onartzen dute hiritartasuna bermatzeko gutxieneko diru-sarrera batzuk bermatu behar direla, lan-merkatutik at eta zeregin horretan Estatua edota edozein administrazioaren papera ezinbestekoa dela halabeharrez. Zentzu honetan, workfare eredua bera ere, enpleguaren aldeko apusturik bortitzena egiten duen eredua izanik, azken batean diru-laguntza batzuk eskaintzen ditu gizarte zaurigarritasun zein bazterkeria pairatzen dutenentzat era zuzenean zein zeharka. Kontraesan horretan datza Ongizate Estatuaren etorkizuna eta erronka nagusiena: hiritartasunaren oinarria enplegua izan daiteke? Gaur egun ematen den enpleguaren eta lan merkatuaren prekarizazioarekin helburu errealista al da? Argi baitagoena zera da erreforma ezberdinek enplegatuta daudenen pertsonen kopurua hobetu dutela, baina askotan honek ez du suposatu pertsona hauen bizi-mailaren hobekuntza. Are gehiago, maila honetan ezin da ahaztu hiritartasun gabeziak pairatzen dituztenen artean langabetuez gain beste hainbat kolektibo daudela eta hauentzat enplegua bilatzearen irtenbidea gehienentzat bide antzua izango da. Hauxe da hain zuzen ere etorkizunean Ongizate Estatuak erantzun beharko duena era egoki batez eta kontutan harturik zeintzuk diren gaur egun gure gizarteetan nagusi diren faktore eta ezaugarri nagusienak.