463 Zenbakia 2008-11-28 / 2008-12-05
Europar Batasuneko erakundeek 23 hizkuntza ofizial eta lan hizkuntza dituzte. Estatu kideen hizkuntzak dira, eta ofizialak dira lurralde osoan edo haren erakunde zentraletan. Horixe da Kontseiluaren 1. Araudiak jarraituriko irizpidea; arau horrek, erakundeetako hizkuntza-erregimena arautzeko orduan, hizkuntza ofizialak eta lan hizkuntzak zehaztu ditu. Egiazki, gai horren inguruan Itun komunitarioek ez dute ezer aipatzen; besterik gabe, erakundeetako hizkuntza-erregimena Kontseiluak finkatzea aurreikusten dute, kide guztien adostasuna kontuan hartuta. Kontseiluan Estatu bakoitzeko kide bat dagoenez, une honetan Batasunaren parte diren 27 Estatu kideen adostasuna behar du erregimenak. 23 hizkuntza ofizial eta lan hizkuntza hauek, aldi berean, Itun komunitarioak benetazko egiten dituzte; alegia, Itunen hizkuntzak ere badira.
Arau komunitarioak hizkuntza ofizial guztietan argitaratu behar dira, Europar Batasuneko Egunkari Ofizial-aren 23 bertsioen bidez. 1. Araudian jarraituriko irizpidearen bitartez, arau komunitarioak Europar Batasuneko herritar guztiek ulertuko dituztela bermatu nahi izan da. Ulergarritasuna ziurtatzea ezinbestekoa da segurtasun juridikoa errespetatzeari begira; hain zuzen, zenbait xedapen komunitario nazioetako ordenamenduaren parte izatera igarotzen dira zuzenean herritarrengan eragina edukiz, eta aipatu Europar Batasuneko Egunkari Ofizial-ean argitaratuak izate hutsarekin indarrean jartzen dira. Beraz, eleaniztasun komunitarioa ez da, ezinbestez, hizkuntz aniztasuna babesteko eta sustatzeko nahiaren isla; ororen gainetik, segurtasun juridikoaren eskakizun baten emaitza da. 23 hizkuntza ofizial eta lan hizkuntza horietatik, biren kasuan bakarrik ez zen onarpena nahitaezkoa segurtasun juridikoa babesteari begira. Irlanderari eta malterari buruz ari gara; izan ere, Irlandan zein Maltan ingelesa ere hizkuntza ofiziala da eta, horren ondorioz, bi Estatu hauetako herritarrek xedapenen ingelesezko bertsioaren bitartez izan dezakete Zuzenbide komunitarioaren berri.
Foto: sergis blog.
http://www.flickr.com/photos/srgblog/2597586546/
Onartuak izan diren 23 hizkuntzek, Batasunaren barnean historikoki eta tradizionalki hitz egin izan diren hizkuntzen herena adierazten dute, gutxi gorabehera. Zer izendapen mota eman die Batasunak gainerako hizkuntzei? Egia esateko, ez dute estatutu instituzionalik. Batasunak “eskualde edo eremu urriko hizkuntz” izendatu ohi ditu, eta Estatuei haiek babestea eta sustatzea aholkatzera mugatu da, aurrekontuko zenbait diru partida hizkuntza hauek babestera bideratu ditu, haien egoera hobeto ezagutzeko ikerketak egitea eskatu du, eta hizkuntzen erabilerarekin zein ikasketarekin zerikusia duten Batasuneko zenbait Programetan sartu ditu. Ildo horretan, merezi du Europako Legebiltzarraren Ebazpenetako bat aipatzea, 1990ko abenduaren 11koa. Haren arabera, Kontseiluari eta Batzordeari katalanarekiko neurri jakin batzuk hartzea aholkatzen zitzaien, eta neurri hauek, gerora, Europako Legebiltzarreko Eskaera Batzordearen 1993ko urtarrilaren 26 eta 27ko erabakiaren bitartez, euskarara ere zabaldu zituzten. Legebiltzarrak aholkaturiko neurrietako batzuk bete badira ere, arau aipagarrienetako bat eragin nabarmena eduki zezakeena —euskara Europako hizkuntzak ikastera eta hobetzera zuzenduriko programa komunitarioetan sartzea adierazten zuena— espresuki bazterrean geratu zen. Duela gutxi, eta ikasketa iraunkorraren arloko ekintza Programari esker, Europako Legebiltzarreko eta Kontseiluko 1720/2006/CE Erabakiak finkatua berau, hizkuntzak ikasteko programa garrantzitsuenek hizkuntza atzerritar moderno guztiak kontuan hartzen hasi dira, beraz, orain euskara zein katalana bezalako hizkuntzekin ere lan egiten dute.
Irlanderaren eta malteraren onarpenaren bidez, jakin dakigunez ezinbesteko kontua ez zena, Batasuneko hizkuntza-erregimena aldez aurretik zena baino bidegabeago bihurtu da. Katalana zein euskara bezalako hizkuntzek, aipatu bi hizkuntzek baino hizlari gehiago eduki arren, inolako onarpen instituzionalik ez dute Estatu bateko eremu jakin batzuetan bakarrik direlako hizkuntza ofizialak. 2005eko ekainaren 13ko Kontseiluaren Erabakiek, “Kontseiluko 1/1958 araudian jasotako hizkuntzen artean agertzen ez diren hizkuntzen gainean jarduten dute; Estatu kideren baten Konstituzioak onartu egiten ditu hizkuntza horiek eta haren lurralde osoan edo lurraldearen zonalde batean edo nazio hizkuntza gisa erabiliak dira, legeak hala baimenduta”, ondorioz, euskara ere kontuan hartzen dute. Alabaina, erabaki hauek ez diote onura eraginkorrik ekarri euskarari, Kontseiluko bileretan ahoz erabilia izateaz aparte. Halaxe frogatzera datoz aipatu Erabakien harira Espainiak sinaturiko administrazio akordioak. Batasuneko herritar bat nekez ausartuko da akordioak adostu dituzten Europar Batasuneko instituzio eta erakundeei euskarazko idazkirik bidaltzen, jakinda idazkia gaztelerara itzuli beharko dutela, gaztelerazko itzulpena dela helburu komunitarioei begira testu ofizial bakarra, erakunde komunitarioek ez dutela itzulpenean egon daitezkeen akatsen erantzukizunik hartzen, eta gaztelerazko itzulpenak edo erantzunen gaztelerazko bertsioak aurkeztuak diren unetik aurrera jartzen direla prozedura epeak martxan.
Lisboako Itunean jasotako aurreikuspenen arabera, Europar Batasuneko eta haren funtzionamenduari buruzko Itunak, “era berean, Estatu kideek zehazturiko beste hizkuntza batzuetara itzuli ahal izango dira; hizkuntza horiek, ordenamendu konstituzionalei jarraituz lurralde osoan edo haren eremu batean hizkuntza ofizialak direnen artean hautatuko dira”. Aurreikuspen horiek, ordea, ez dute euskararen egoera modu nabarmenean hobetuko Espainiar estatuak klausulari heltzea erabakitzen badu eta euskarara itzultzen baditu Itun guztiak. Azken batean, behin-behineko bertsio hauek Kontseiluko artxiboetan jarriko dituzte, eta ez dute benetako baliorik ezta balio ofizialik ere izango; dibulgaziozko balioa, balio sinbolikoa bakarrik edukiko dute. Nire ustez, arau horrek duen garrantzi bakarra zera da: hizkuntza hauen etorkizuneko onarpen instituzionalaren oinarri izan daitekeela. Kontuan hartzekoa da, Lisboako Itunaren Azken Aktari erantsitako 16. Deklarazioak azaltzen duenez, “Biltzarrak Batasunak Europako dibertsitate kulturalarekiko duen konpromisoarekin bat egiten du[ela], eta hizkuntza hauei zein beste batzuei ardura berezia eskaintzen jarraituko du[ela]”. “Hizkuntza hauek” lehenago azalduriko itzulpen prozesuaz baliatu diren hizkuntzak lirateke.
Ordenamendu konstituzionalaren arabera, Estatu kide bateko zonalde batean ofizialak diren hizkuntzentzat, euskararentzat besteak beste, Europan sartzea bereziki gogorra egiten da, Batasuneko erakundeen onarpen ezak eragiten dituen ondorioez gainera, hizkuntza hauek Zuzenbide komunitarioaren aurreikuspen linguistikoetatik sistematikoki baztertuak direlako. Araudi eta zuzentarau askok, Estatuak Batasunean ofizialak diren hizkuntzen erabilera ezartzera baimentzen edo behartzen dituzte eta, aldi berean, gainerako hizkuntzen (lurralde eremu batean ofizialak diren hizkuntzak barne) erabilera behartzea eragozten dute. Horren ondorioz, esaterako, Europar Batasuneko Zuzenbideak Euskadin emandako arau batek lurraldean banaturiko elikagaien etiketetan euskararen erabilera derrigortzea galarazi dezake, baina Batasuneko Zuzenbide berak Espainiar estatuak jarduera jakin batzuetan gazteleraren erabilera inposatu ahal izatea eta inposatzea ahalbidetzen du. Edo, esaterako, denbora partekatuko erregimenean higiezinak erosteko eskubidearen erosketa kontratuei buruzko Europako araudiak, aipatu kontratuetan euskara erabiltzea eragozten du bai informazio dokumentua bai kontratua bera Europar Batasuneko hizkuntza ofizialetan idatzita egon behar dutela ezartzen duelako. Ondorioz, araudia Estatu kide bateko zonalde batean ofizialak diren hizkuntzekin ahaztu egiten da; aldi berean, ez du aintzat hartzen hizkuntza ofizial horietan idatziriko kontratuak, erabilitako hizkuntza beragatik, erabat baliozkoak eta eraginkorrak direla beren lurraldeetan.
Alegia, premiazkoa da Batasunak euskararen antzera Estatu kide bateko zonalde batean erabat ofizialak diren hizkuntzei estatutu eraginkorragoa onartzea, eta ez ditzala aipatu hizkuntzak sistematikoki baztertu Zuzenbide komunitarioaren bidez. Erakunde komunitarioek —Europako Komunitateen Justizia Auzitegia barne— Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 22. artikuluan jasotako aurreikuspenetatik ondorio praktikoak atera beharko lituzkete, Batasunak hizkuntz aniztasuna errespetatzen duela adierazten duela kontuan hartuz. Jarrera hori derrigorrez agertu beharko dute Lisboako Ituna indarrean jartzea erabakitzen badute azkenean. Itun horri jarraituz, aipatu Gutunak Itun izaera lortuko luke eta hizkuntz aniztasunarekiko errespetua Batasunaren helburuetako bat izatera igaroko litzateke expressis verbis.