463 Zenbakia 2008-11-28 / 2008-12-05

Gaiak

Euskararen status legala gaur: hizkuntza bat, 3 administrazio, zazpi geografia desberdin eta diaspora

RETEGUI AYASTUI, Javier



The Legal Status of the Basque Language Today: One Language, Three Administrations, Seven Different Geographies and a Diaspora / Gloria Totoricagüena, Iñigo Urrutia, eds. – 265 p. ; 24 cm. – Donostia : Eusko Ikaskuntza, 2008. – ISBN: 978-84-8419-164-3 liburuaren hitzaurrea.Pdf-a deskargatu

Eusko Ikaskuntza - Sociedad de Estudios Vascos-ek (EI-SEV), 1918an jaio zenez geroztik eta bere historia luzean zehar, agerian utzi du beti euskararekiko maitasun sakona. Sozietatea sorraraziko zuen Eusko Ikaskuntzen I. Kongresuan, 1918an, nabaria izan zen sortzaileek euskara ikasteko eta babesteko beharrari emandako erabateko lehentasuna. Kongresu haren ondorioz Euskaltzaindia, Euskararen Akademia, ere sortu zen. Haren zeregin nagusia, jakina denez, hizkuntza bateratzeko prozesua aurrera eramatea izan da.

“Euskera” aldizkaria.

Revista Internacional de los Estudios Vascos (RIEV) aldizkariak, orobat, euskara izan zuen kezka nagusi. Julio de Urquijok sortu zuen aldizkaria, mundu zabaleko hizkuntzalariei euskara ikertzeko zientzia-organo egokia eskaintzeko asmoz. Hainbat egilek azpimarratu dutenez, hizkuntzalaritzaren eremuan eginkizun erabakigarria jokatu zuen aldizkariak 1907tik 1919ra arte, hau da, Euskaltzaindia jaio arte; eta Euskaltzaindia sortu ondoren ere, “Euskera” aldizkaria agertu arren, RIEVen hizkuntzalaritzari buruz jardun ohi zuten kolaboratzaile taldea paregabea izan zen. Euskararen historiarentzat funtsezkoak ziren testu tradizionalak berreskuratzeko eta argitaratzeko zeregina ere RIEVen esku utzi zuen Urquijok.

Baina Eusko Ikaskuntzako bazkideentzat ez zen aski Sozietateak euskarari buruzko ikerketa sendo eta zientifiko baten sustraiak errotzea eta geroko normalizazioaren oinarriak finkatzea. Idoia Estornesek, Eusko Ikaskuntzari buruz egindako ikerlanean adierazi zuenez, hizkuntza berreskuratzea ere izan zen Sozietatea sortzearen beste helburuetako bat: Kontua ez zen hizkuntza operazio-mahaira eraman eta aztertzea soilik; jazarpenezko eta erdeinuzko politikak kendu zizkion osasuna eta bizitza itzuli behar zitzaizkion euskarari. Lehenengo aroan zehar, irakaskuntzaren eremuan egindako lanaz gain, EI-SEVek euskarazko ikastaroak eta azterketak ere antolatu zituen, Euzkel Bazkunen Alkartasuna - Federación de Acción Popular Euskerista (FAPE) izenekoa babestu zuen, eta “Baraibar” sekzioa sortu zuen Araban, euskarak lurralde horretan bizirik zirauen azken bazterretan suspertzeko xedez. Sozietateak, bere hastapenetik 1936ra bitartean, euskarazko hainbat katedra sortu zituen eta 1918ko Kongresuaren deialdiari erantzunez agertutako katedra edo ikastaro guztiak babestu zituen.

Eusko Ikaskuntzaren V. Kongresua.

Gaian sakonduta, gogoratu daiteke 1930eko Eusko Ikaskuntzen V. Kongresuak Euskararen Eguna bideratu zuela, Euzkel Bazkunen Alkartasunaren eskutik. Ekimen horren inguruan sei erakunde bildu ziren, guztiak ere euskararen sustapena xede zutenak eta hizkuntza Euskal Herri osoan hedatu eta berreskuratzeko lanean zihardutenak, hau da, Pirinioez bi aldeetan, Frantziako eta Espainiako estatuetan. Ekimen harez geroztik, euskarak bere Nazioarteko Eguna du 1948tik. Urte hartan Baionan (Lapurdi) egindako VII. Kongresuan, honako erabaki hau hartu zuten: “Une journée de la Langue Basque dans le monde entier sera celebrée une fois par an, le 3 décembre, jour de la fête de Saint-François Xavier, sous les auspices d’Eskualzaleen Biltzarra et d’Eusko Ikaskuntzen Lagunartea” (“Euskararen eguna ospatuko da urtean behin mundu osoan, abenduaren 3an, San Frantzizko Xabierkoaren egunean, Eskualzaleen Batzarrak eta Eusko Ikaskuntzen Lagunarteak babestuta”).

Sozietateak susperraldia bizi izan zuen 1978tik aurrera, eta, ondorioz, euskararekiko konpromisoa berreskuratu zuen. Hala, hainbat Ikerkuntza-jardunaldi eta argitalpen sustatu zituen, baita era guztietako ekitaldi publikoak ere. Hala ere, konpromiso hori hasierako garaikoa bezain loteslea edo lotesleagoa izanik ere, ez dugu ahaztu behar XXI. mendeko gizartea XIX.ekoa ez bezalakoa dela oso. Garai hartan identitatearen eta hizkuntzaren inguruan eratutako ideologiak eta sentimenduak eguneratu behar dira orain, garapen kolektiborako oztopo bilakatuko ez badira. Eusko Ikaskuntzak sustaturiko Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran ikerlanak ondorioztatu duenez, kultura eta identitate anitzeko pilaketa da Euskal Herriko egungo gizartea. Demografiaren eta migrazioaren errealitateak areagotu egin du herritar berriak barneratzeko erronka, kulturaren aldetik baztertuta eta gizartearen ikuspegitik zokoratuta egon ez daitezen. Euskal Herriaren ikuspegi estatiko eta esentzialista, eta ikuspegi hori kausa ustez egiazko eta baztertzaile batean gauzatzea, hizkuntza arma politiko gisa darabilena, kalte handiaren eragilea izan da beti. Bai politikaren eremuan eta baita, hedaduraz, Euskal Herriaren barruko eta kanpoko bestelako eremuetan ere. Euskal identitatearen ikuskera ebolutiboak talka egiten du euren burua euskalduntasunaren muinaren eta, horren barruan, euskararen zaindaritzat dutenen jarrera integristarekin.

Aitzitik, jokaera eraikitzaile eta integratzailea, jarrera politiko eta jatorrizko identitate ezberdinetatik kulturari atxikitzeko askatasuna errespetatzen duenak, lagundu egiten dio hizkuntzari jarrera amoregaitz eta esentzialistatik egindako halako “presio hertzatzaile” hori kentzen. Horri esker, identitate partekatua eraikitzeko aktiboa izan daiteke hizkuntza. Oso argi ikusten dugu euskal erkidego anitzetan elkarbizitza eredu berria lortu behar dugula, integratzaileagoa, baina aldi berean, hizkuntzari atxikitzeko sustraiz eta sentimenduz hornitua. Horri buruzko datu esanguratsua nafar gurasoek beren seme-alabak euskaraz eskolatzeko gero eta interes handiagoa izatea da, nahiz eta Foru Erkidegoko administrazioek hizkuntza suspertzeko interes eskasa erakutsi, lan honetako orrialdeetan agerian geratu denez. Euskal hizkuntza eta kultura herritar guztien ondasun kolektiboa eta askatasunez eta ilusioz parte hartzeko gunea izan behar dira argi eta garbi. Ildo horretan, EI-SEVek, edozein mendekotasun politikotik kanpo, hizkuntzaren inguruan elkarrekin bizitzeko proiektu bateratuaren paradigma izan behar du

Espiritu horrekin eta gure tradizioarekin leialak izanik, hizkuntzari buruzko ikerlan bat bultzatu nahi izan dugu beste behin ere, bereziki irakurle euskaldunei zuzenduta. Euskal hiztunak bizi diren hiru lurraldeetan diseinatu eta ezarritako hizkuntza-politika guztien balantzea egiten du ikerlanak. Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrak ateratako Euskararen Normalizazio Legeak mende laurdena bete du indarrean, urte batzuk gutxiago ditu Nafarroako Vascuencearen Foru Legeak, eta azkenik, Frantziako Estatuak Iparralderako euskararen inguruan emandako araudia sakabanatua dugu. Arau horiek guztiak aztertu eta baloratu dituzte aditu ospetsuek orrialdeotan.

Etorkizunari begira eta euskara sustatu eta iraunarazteko betidanik izan duen bokazioari leial, EI-SEVek nahi luke lan honetan bildutako ekarpenak hizkuntza-politikaren inguruan azken mende laurdenean gertatutakoari buruz gogoeta egiteko lagungarri izatea, ondo egindakoa hobetzeko eta gaizki egindakoa zuzentzeko xedez.