461 Zenbakia 2008-11-14 / 2008-11-21

Artisautza

José Luis Urbieta. Talla herrikoia: Prozesua

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Prozesuak

Egurra berrerabiltzea da gure artisau maisuaren obsesioetako bat. Beretzat zuhaitzak errespetatu beharreko izaki bizidunak dira. Hortaz, ahal duen guztietan “hildako egurrak” erabiltzen ditu bere lanetarako, hau da, hildako zuhaitzen egurra, edo arrazoiren bategatik moztera doazen zuhaitzena. Produktura egokitzeko horien egitura eta forma ere ikertzen ditu. Dioskunez, “askotan egurrak berak esaten dizu zer egin behar duzun, duen formaren, tamainaren eta egituraren arabera”.

Jakina, armarri bat edo baserri baten izena duen kartela enkargatzen diotenean, esaterako, egur egokiaren —tamaina egokikoa, laua eta sikua— bila joaten da zerrategi batera.

Normalean gaztainondo- eta haritz-zura erabiltzen ditu, nahiz eta beretzat gustukoena intxaurrondoa den: “Zatitxo bat apurtzen bazaizu eta egungo berehalako kolarekin itsasten saiatzen bazara, egurra gaztainondoarena edo haritzarena denean ez da itsasten, izan ere, poro asko dituzte eta kolak zuloetatik ihes egiten du. Intxaurrondoarena denean, berriz, lehenengoan eta arazorik gabe itsasten da”.

Behin ideia marrazturik duenean, piezak banan-banan fabrikatzen hasten da, eta behin horiek amaitutakoan muntatu egiten ditu, produktuari forma emateko.

Taila amaitutakoan, lixatu eta berniz geruza bat ematen dio, batzuetan koloregabea eta beste batzuetan koloreduna, lanaren arabera. Esan digunez, garai batean berniz gardenari intxaur-tinta eta beste koloratzaile batzuk eransten zizkion, beharrezko tonua lortzeko, baina gaur egun mota guztietako produktuak daude merkatuan eta ez da beharrezkoa nahasteak egitea. Gainera, nahi izanez gero, lehenik tinta-geruza bat eman ahal zaio, sikatzen utzi, ongi lautzeko leun-leun lixatu eta azkenik berniz garden geruza bat emateko.

Lanerako tresna hauek erabiltzen ditu: arraspak, zerrak, mailuak, mazoak, gubiak, trintxak, kurrikak, aliketak, bihurkinen bat eta bestelako tresnen bat, nahiz eta motozerra, zulagailu elektrikoa eta gubiak zorrozteko bi harridun esmeril-makina ere erabiltzen dituen. Erabilgarriei dagokienez, hainbat aletako lixak, esmalteak, pintzelak eta abar baliatzen ditu.