461 Zenbakia 2008-11-14 / 2008-11-21
Helena Taberna Altsasun jaiotako zinemagilea dugu. Horixe da emakume honek ematen duen datu pertsonal bakarra, bere inguruko zehaztasun denak zertzelada profesionalak baitira. Hala nola, ezkonduta dagoen edota zein ikasketa egin dituen jakitea zaila da, harik eta gertuko norbait ez bazara. Txikikeria hutsa, garrantzitsuena nafar honen ibilbide oparoa eta euskal zinemari egin dion ekarpena delako. Argazkia:Justy García Koch
Helena Nafarroako Gobernuarentzat hasi zen lanean; 1986an Teknologia Berrien koordinatzaile kargua eman zioten. Baina aldi berean bere pasio zena uztartzen zuen eta bideo didaktikoak, dokumentalak edota laburmetraiak egiten zituen; azken horien artean, 87 cartas de amor (1992) deitutakoa. Hala ere, erabaki bat hartu zuen 1994an: administrazioa albo batera utzi eta zinemari buru–belarri dedikatzea.
Orduan denbora zeukan gustuko zuena egiteko: filmak idatzi, ekoiztu eta zuzentzeari ekin zion. Urte hartantxe Alsasua 1936 film ertaina sortu zuen; hau, bere osaba Marino Ayerra idazle eta parrokoan oinarrituta zegoen. Nerabe (1995) deitzen zen laburmetraia izan zen nafarraren hurrengo lana.
Etenik hartu gabe, aurrera jarraitu zuen eta 1999an bere aurreneko luzemetraia pantailaratu zen, Yoyes. Zuzendari eta gidoilari lanak egin zituen bertan. Ez zen oharkabean pasatu pelikula. Estreinatzeko arazoak izan zituen eta azkenean, kostata, Bilboko Guggenheim museoan aurkeztu zen. Askotariko kritikak jaso zituen orduan Helena Tabernak, baina esanak esan, sari ugari eskuratu zuen bere opera primarekin. Horietariko batzuk dira Mexikoko Mazatlango Nazioarteko Zinemaldiko sari nagusia, Viña del Marko XIII. Zinemaldian epaimahaiak eta ikusleek emandakoak edota Gasteizko Euskal Zinemaren XVII. Astean ikusleek emandakoa.
Hurrengo luzemetraia ere emakumeen ingurukoa egitea erabaki zuen Tabernak. Extranjeras izena zeukan eta 2003an estreinatu zen. Gizarte gaiak jorratzen zituen bertan eta sari ugari eskuratu zituen. Jarraian aurkeztu zuen lana La Nueva Nova (2007) izan zen. Hemen, protagonista gizonezko bat izatera pasa zen. Hala, Marino Ayerraren bizipenak berreskuratu zituen, eta gerra zibileko galtzaileei omenaldi xumea egin nahi izan zien.
Bestalde, zinemagile nafarrak bestelako lanak ere egin izan ditu, Nafarroa Oinez 1996ko bideoklipa (Herriko Lore) edota Hamabost urte dokumentala, besteak beste. Gainera, La flor de la canela izeneko proiektua alde batera utzi zuen jendeak genero batean edo bestean sailkatzerik nahi ez zuelako.
Orokorrean emakumeen inguruko gaiak interesatzen zaizkion arren, esparru zabalak jorratutakoa da Helena. Errealitate hunkigarria erakusteko gogoa izaten du beti eta bere lanetan irudikatzen jarraituko du.