458 Zenbakia 2008-10-24 / 2008-10-31

Euskonews Gaztea

Gaiak: Xabier Diharce, Iratzeder

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Iratzeder, 1952an. Argazkia: Manuel Lekuona saria liburutik.

Donibane Lohitzunen sortu zen Xan Diharce (gerora Xabier) 1920ko urtarrilaren 4an Tourasse eta Gambetta kaleen arteko ezkinan zegoen Martikotenea etxean. Olerkaria, bere ezizenagatik –Iratzeder– ezagunagoa zen. Euskal poeta eta fraide beneditarra izan zen.

Bost anai-arrebetatik laugarrena, gaztetatik olerkiak idazten zituen. Bere aitak musikarekiko sekulako zaletasuna zuen eta afizio hori kutsatu zion semeari. Arrazoi hori medio, Iratzederrek musika eta poesia erlazionatuta zeudela ikasi zuen.

Uztaritzeko apaiztegian hamaika urte besterik ez zituela sartu zen eta bertan bere euskara lantzeko aprobetxatu zuen, Pierre Lafitteren laguntzarekin. Honek, Bi saindu hescualdunen bizia: San I?azio Loyolacoarena eta San Franzizko Zabierrecoarena liburua eman zion, eta Iratzederrek eskuz kopiatu zituen. Lan horrek hizkuntza hobeto menperatzeko balio izan zion.

Hogeita bat urterekin, 1941ean, Belokeko apaizetxean (Lapurdiko Ahurti herrian) kokatu zen eta bertan hautatu zuen izen berria: Aita Xabier. 1972an berriz, bertako priore izendatu zuten. Hala ere, kargua alde batera utzi zuen Afrikara bidaiatzeko; 1987. urtea zen. Benin eskualdean hamazazpi hilabete egin zituen; berak nahi baino denbora gutxiago zeukan osasun ahula medio.

Euskal Herria eta gai erlijiosoak izan ziren ildo nagusi bere olerkietan. Editorial propioa kreatu zuen, Ezkila eta lehendabiziko lanak argitaratu zituen horren bitartez; esaterako, Pindar eta lanho. Bere aurreneko liburua izan zen, 1938 eta 1941 urte bitartean sortutako olerkiak jasotzen zituen.

Poesiari dagokionez, Uhaineri nausi (1972), Biziaren olerkia (1983) edota XX. mendeko poesia kaierak (2000) liburuak aurki daitezke publikatutakoen artean. Baina Iratzederrek kronikak ere egin zituen, esate baterako, Hamazazpi hilabete Afrikako bihotzean (1991), Biziaren gudaldia (1997) eta Lur sainduan hamar egunez beilari (2000). Gainera, bi antzerki obra ere sortu zituen, Harrapallu (1956) eta Biziaren airaldia (2000).

Sari ugari jaso zituen Iratzederrek egindako lan handiarengatik. Esaterako, Eskualtzaleen Biltzarrean lehen saria eskuratu zuen Zakalar dramarekin eta errepikatu egin zuen 1946an Pindar eta Lanho poema bildumarekin. Bestalde, euskaltzain oso izendatu zuten 1967an eta Eusko Ikaskutnzako Manuel Lekona saria jaso zuen 1994an.

Belokeko apaizetxean bizi izan zen urte luzez eta bertan zendu zen 2008ko urriaren 13an 88 urte zituela euskal olerkigintzari, eta euskal kulturari oro har, horrenbeste ekarpen egin zizkion gizona.