451 Zenbakia 2008-08-29 / 2008-09-08

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gu bueltan eta animaliak, abandonatuak

BEREZIARTUA, Loren

Oporretatik itzuli eta ohikoena da, edo niri behintzat gertatu izan zait, nagikeria antzeko bat sentitzea. Zein ondo bizi nintzen ezer egin gabe! Eta orain, maletatik gauzak atera, garbigailua jarri eta berriro ere errealitatera itzuli beharra daukat, nahi ala nahi ez. Eta urtero gertatzen zait laino artetik kolpean lur hartzen dudala. Nola, eta ohiko datuekin gainera. Aurten ere, zifrak latzak izan dira; ados, bakarra ere, asko iruditzen zait niri.

Urtean zehar bihotzez maite izaten ditugu animaliak, konpainia egiten digute eta. Atea ireki eta hor egoten dira lagunaren zain, gogotsu. Baina opor garaia heltzean, badirudi ordura arte fidela izan zaigun adiskideak enbarazu egiten digula; eta pertsona anker askok erabakitzen dute animaliak bertan behera uztea. Harrizko bihotza daukate ezbairik gabe! Zergatik ez planifikatu bidaia beraiekin? Ez al dira bada gure lagun eta familia–kide bihurtzen? Ezin uler dezaket hauen portaera; iragarki hark zioen moduan, beraiek ez lukete egingo.

Zortea aldeko izanda, animalientzako aterperen batean amaitu du jabea ikusi eta isatsa etengabe alderik alde mugitzen duen txakurrak, edo begi bizidun katuak... Aukerarik txarrenean, bide bazter batean ikusiko dugu hilda, eta bihotza ukabil batean sartuta geratuko zaigu panorama negargarri horrekin.

Bestalde, albiste ona da geroz eta gehiago direla animaliak oporretara ezin eraman baina hotel batetan uzten dituzten pertsonak. Astebete, bi aste edota lau egun igaro ditzakete bertan, askotariko zerbitzuekin eta behar bezala artatuta. Ez da erabaki txarra, ez horixe! Noski, zenbait kasutan poltsikorako garesti irteten da eta ezingo dugu bertan laga. Orduan zer geratzen zaigu? Ba orain arte planifikatu ohi ditugun oporrak aldatu eta lagunarekin egin dezakedan zerbait antolatzea, eta ez da horren zaila!

Edozeinek bezala, bizi kalitate bat merezi dute nire ustez. Beraiek jakingo dute nola eskertu; izan ere, pertsonok animaliarik basatienak bihurtzen gara inoiz salduko ez gintuen hori bertan behera utziz.