451 Zenbakia 2008-08-29 / 2008-09-08

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskal balea (I/II)

ADEVE

Naturaren Ahotsa aldizkaria



Euskal Baleari buruzko artikulu hau Naturaren Ahotsa aldizkarian kaleratu zen eta EUSKONEWS GAZTEA astekariak bi ataletan banatuta eskainiko dizkizu. Deskribapena

Balearen gorputz sendo, obalatu eta izugarriak ez du bizkar–hegatsik, ez eta sabeleko ildo edo tolesturarik ere, eta horrek zereengandik bereizten ditu, xibarta balearengandik esate baterako; azken honek sabelaldeko toles edo ildoez gainera, bizkar–hegats txiki bat ere badu. Sardako balearen burua gorputz osoaren luzeraren %25 da. Isats–hegala bi lobuluz dago osatuta, jarrera horizontalean dute, eta zuntzezkoa da, ez du hezur eskeletorik; balea helduetan 5 metro luze ere izan daitezke. Hori da ibiltzeko erabiltzen duten organo bultzatzaile nagusia; goitik behera mugitzean, urperatu egin daiteke, eta behetik gora astintzean ur azalera igo. Bular–hegatsak, berriz, egonkortasuna hartzeko eta norabidea erabakitzeko erabiltzen dituzte. Euskal balea.

Zetazeoen gorputza larruazalpeko gantz geruza batek estaltzen du, eta hau sardako balea helduetan 35 cm lodi ere izan daiteke. Gantz pilaketa horrek ur gainean igeri egoten laguntzen die, eta, horrez gainera, eraginkortasun handiko bitartekoa ere bada energia metatzeko. Balearen ezaugarri fisiko harrigarrienetako bat bere gorputz bolumenaren eta larruazalaren arteko erlazioa da, bolumena halako 0.025 besterik ez baita larruazala (hamabost metro luze den eta hiru metroko diametroa duen balea batean). Hain erlazio murritz horrek gorputzeko bero gehiegi galtzea galarazten du, gorputzarekin sortzen duen beroa larruazaletik galtzen baitu baleak (uretan airean baino 20 aldiz lehenago galtzen du, gutxi gorabehera, gorputzeko bero kopurua). Horra hor zergatik hain erlazio murritza.

Normalean askok hala uste izan arren, bere tamaina handia eta gantz geruza lodia ez ditu isolatzaile, baizik eta energia gordailu, jan gabe denboraldi luzeak igarotzen laguntzeko, horri esker zortzi hilabete ere eman baititzake baraurik, eta baita migrazio garaietan ibilbide luzeak egin ere.

Larruazala gris iluna, leun edo berdina eta elastikoa dute, eta sabelaldean kolore eta tamaina desberdineko orbanak izaten dituzte. Ez dute ez izerdi–guruin ez sebo–guruinik, ez eta ilerik ere, mugitzeko traba egingo bailieke. Badira ia zuri jaiotzen diren balekume gutxi batzuk ere, baina, hazi ahala, beren berezko kolorea hartuz joaten dira, edo gris argia bestela.

Espirakulu izeneko bi zulotatik hartzen dute arnasa, sudurzuloak bailiran; hauek trenkada kartilaginoso batek bereizita daude, eta gihar indartsuen bidez zuloak hermetikoki ixten dituzten bi mintzez estalita, animalia urperatzen denean arnasbideetara urik sar ez dadin. Arnasa egiteko duten moduagatik, “V” itxuran alegia, erraz ikus daitezke urrutira ere, edota beste espezieengandik bereizi. Presio handiz putz egindako airea –airea baita, eta ez, lehen uste zen bezala, lurruna– lau metroko altueraraino irits daiteke.

Sardako balea da uretako bizimodura ongien egokitutako ugaztunetako bat. Itsas ingurunerako egokitze fisiologiko horiei esker, oso hondoraino urpera daiteke. Arnasketan bere biriketako airearen %80–90 ere berri dezake; lehorreko ugaztun gehienek, berriz, %10–20 besterik ez dute lortzen berritzea; horrez gainera, odol kopurua ere bere tamaina eta pisu berdintsua duten beste ugaztunena baino handiagoa denez, besteek baino oxigeno gehiago gorde dezake odolean eta, ondorioz, muskulu–ehunetara gehiago iristen zaio; hartara, oso hondora urperatzen denean odol zirkulazioa bizi–organoetara bakarrik muga dezake.

Badute oso ezaguterraz egiten dituen beste ezaugarri bat: kailu itxurako larruazaleko handidurak. Hauek 5 cm inguru ateratzen zaizkie gora, adarkizkoak dira eta buruan zehar dituzte barreiatuta; benetan erabakigarriak dira balea bakoitza ezagutu ahal izateko. Baleek jaiotzatik bertatik izaten dituzte orban horiek, eta haztean aldatzen ez direnez, norbanako bakoitzak duen orban kopurua eta hauen itxura eta kolorea erabiltzen dituzte beren bizitza osoan zehar banan–banan identifikatu ahal izateko. Roger Payne doktorea hasi zen, Argentinako Patagoniako lurraldeetan hegoaldeko sardako baleari buruz hogeita hamar urte baino gehiago ikertzen jardun ondoren, kailu horien bidezko identifikazio katalogoak egiten. Airetiko argazkiei esker, Peninsula Valdés–eko uretan hainbat balea identifikatu ahal izan zituen beren kailuen itxura kontuan hartuta. Larruazaleko handidura hauek ziaminido edo balea–zorri izeneko krustazeo txikiz daude estalita; forma eta kolore desberdinetakoak izaten dira –zuri, hori, laranja edo arrosa argiak–, eta beheko ezpainean, masailezurrean, aurpegiaren bizkarraldean eta begi gainean izaten dituzte.

Muturraren puntan duten handidura da guztietan handiena. Kailu hauek eta beren itxura bereziak direla eta, baleak biltzen diren lekuetan biztanleek hainbat izenez bataiatzen dituzte baleak: erregina deritzote, adibidez, koroa itxurako kailua duenari, eta Adarbakoitz, muturreko kailua puntazorrotza duenari. Biologia

Balaena byzcayensis edo iparraldeko sardako baleari buruzko lehen ikerketa garrantzitsuak XIX., mende bukaera aldera egin ziren, eta haietan, Kantauri itsasoan hainbat arrain espezieren sarden atzean baleak izaten zirela ematen da aditzera. Kantauri itsasoko kostaldean gertatzen zenari buruz egindako lehenengo behaketa zientifiko horietako datuek, bestalde, itsasertzera hurbiltzen ziren balea–espezie desberdinen deskripzioak egiten dizkigute.

Zereak hegaluze sarden atzetik iristen ziren; kaxalote eta sardako baleak, berriz, sardinen atzetik, eta normalean izurde, mazopa eta ezpalartekin batera etortzen ziren, iparraldetik hegoaldera, eta mendebaldetik ekialdera. Sardako balearen, edota garai hartan Balaena bizcayensis edo euscariensis zeritzoten balearen ezaugarriei buruzko lehen deskripzio zientifikoa Mariano de la Paz y Graells jaun doktoreak egina da, “La ballena en las costas oceánicas de Espa?a” izeneko ikerketan; honela dio: “...que las del género Balaena, es decir, que no tienen aleta, ni abultamiento adposo en la línea dorsal ni pliegues cutáneos en la garganta. La cabeza es poco más larga que la quinta parte de la longitud del cetáceo y próximamente igual a la cuarta parte del esqueleto...”

Aurreneko deskripzio horiek Donostia, Zarautz eta Getarian harrapatutako baleak aztertuz egin ziren; balea haien hezurdurak Gipuzkoako Ozeanografia Museoan, Kopenhageko Zoologia Museoan eta Napoliko Zoologia Museoan daude gaur egun. Balaena bizcayensis edo euscariensis zeritzon balea haren deskripzioa izan zen gaur egun iparraldeko sardako balea izenez ezagutzen dugun balearen lehen deskripzioa. Mariano de la Paz y Graells jaun doktorearen azterketa eta deskripzio haien ondoren, argi asko bereizirik geratu ziren groenlandiar balea (Balaena mysticetus) eta sardako balea; izan ere, haren aurretik, herri uste bat zela–eta, groenlandiarrari euskaldunen balea edo sardako beltza deitzen zitzaion, nahiz eta isats–hegaleko eta kokotseko gune zuri eta grisengatik oso argi bereizten diren.

(Jarraituko du)