Euskonews Gaztea
Gaiak: Donejakuera bidean
Europa osotik irteten dira adin guztietako gizon eta emakumeak eta normalean bidea oinez edota bizikletara igota egiten dute. Horietariko asko fedeak mugituta animatzen dira; beste batzuek berriz, kirol pixka bat egin eta paisaia ezberdinekin gozatzea dute helburu. Eta nahiz eta Compostelako Donejakuera iritsi ez, esperientzia errepikatzen dute gehienek; nondik eta gehienetan, azkenekoz amaitu zuten toki berberetik. Euskal igarobideak
Esan bezala Europako txoko gehienetatik abiatzen dira bidea egitera, eta ez dira gutxi Euskal Herritik pasatzen direnak! Gure lurraldeak hiru aukera eskaintzen dizkie bidea egin gura dutenei: Nafarroako, barnealdeko edota kostako bideak, hain zuzen ere.
Nafarroakori dagokionez, Donibane Garazi, Orreaga, Iruñea, Gares, Lizarra eta Viana bezalako tokietatik igarotzen dira erromesak. Behin Nafarroa utzita, bideak Errioxa, Gaztela eta Leon eta Galizia zeharkatzen ditu helmugara iristeko.
Bestalde, Kostaldeko bidea Irunetik hasten da eta Donostia, Zumaia, Gernika eta Balmaseda dira beste hainbat herriren artean topatuko dituztenak. Bizkaian atzean lagata, Kantabria, Asturias eta azkenik Galiziara iristen dira oinezko zein txirrindulariak.
Eta azken aukera barrualdetik egitean datza eta hau ere, Irunetik hasten da. Besteak beste Andoain, Zalduondo edota Argantzun zeharkatu eta Errioxara sartzen da bidea. Atsedena, beharrezkoa
Funtsezkoa da atseden hartzea Donejakue bidea egiterakoan. Horregatik, aterpetxe asko aurkituko dituzte bidaiariek doazen tokitik doazela. Asko doakoak izaten dira, beste batzuetan berriz, zertxobait ordaindu behar izaten dute; baina, normalean balio sinbolikoa izaten du prezioak. Gainera, kontuan hartuta erromesek egunean kilometro dezente egiten dituztela, dutxa bat hartu, mokadutxo bat jan eta lo egitea, aurrera jarraitzeko ezinbesteko erritu bihurtzen dira.
Lagunak egin eta bide berrietatik ibiltzea gozagarri zaien horientzako, opor–modu polita izan daiteke Donejakuerako bidea egitea. Gainera gure bazterretan barna sartu eta bertatik bertara Euskal Herriak eskaintzen dizkigun parajeak ezagutzeko era ederra da eta egunerokotik deskonektatzeko aukera ezberdin bat.