444 Zenbakia 2008-06-13 / 2008-06-20

Euskonews Gaztea

Gaiak: Kontzertuetarako gida

BEREZIARTUA, Loren



Asteburuetan zer egin ez dakizula? Begiratu agenda eta ea zer aukeratu dezakegun... Beti egoten da zer egin gure inguruan. Esate baterako musika talde bat entzutera joan gaitezke.

Erraza dirudi. Hala ere, musika edonon egonda ere, aukeratu beharko dugu gutxienez izenez ezagutzen dugun talderen bat... edo osterantzean, izen barregarridun taldeak ere ondo egon litezke. Nik gustuko izaten dut itsu–itsuan abiatzea halako ekitaldietara... Batzuetan musika lasaia entzuten dut, eseritako emanaldiak–eta. Bestetan, aldiz, saltoka igarotzen dut denbora, heavya entzuten edota ska doinuekin nire metro eta laurogeia mugitzen. Hautu bakoitzak betebehar batzuk eskatzen dizkit, eta horrexegatik, zuekin konpartitu nahiko nuke jarraitzen ditudan urratsak. Hemen daukazue...

Kontzertuetara joateko gida!

1. Look–a aukeratu: goitik behera aldatu gabe, behintzat ukitu bat emaiozu zure itxurari: pintxodun gerrikoa jantzi, edota operarako gorbata elegante horietariko bat jantzi (hori bai, inoiz ez txandala janzten badugu, edo kirola egiteko zapatilekin...) 2. Abestiak behintzat behin entzunda izatea gustatzen zait niri. 3.Eta ezin izan badut inoiz taldearen kanturik entzun, normalean denek izaten dute errepikatzen diren letrak, horiek jarraitzen saiatzen naiz. 4. Abestiak motelak direnean lehen behintzat metxeroa pizten zen. Gaur egun batzuk jarraitzen dute ohitura horrekin, beste batzuek mugikorrak edo argia daukaten tramankuluak pizten dituzte. Hori, eskura dudanaren araberakoa izaten da. 5. Telefonoa eskuetan duzula aprobetxatuz, etxean geratu den horri inbidia emateko deitu iezaiozu. Eta nahiz eta abestia entzun ez, zu entzun zaitzala abesten! 6. Txistu egin abesti bakoitzaren amaieran. Ados, toki lasai batean ez du itxura oso ona emango... baina zer demontre! Nire sentimenduak adierazteko modua da!

Akaso tontakeria dirudi, eta askotan inozo gisa uzten du nire burua... Baina orain arte behintzat emaitza onak eman ditu dekalogoa jarraitzeak. Ederto pasatzen dut, nahiz eta barregarri geratu batzuen ustez. Zer litzateke nire bizitzaz, neure buruaz barre egiten jakingo ez banu?