444 Zenbakia 2008-06-13 / 2008-06-20

Euskonews Gaztea

Gaiak: Hizkuntzekin mundura udan

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Betidanik gustatu zaizkit hizkuntzak. Gehien–gehien, noski nire ama hizkuntza maite dudala. Euskaldun gehienok bi hizkuntza jakiteko aukerarekin hazten gara, eta akaso horrexegatik, hirugarren bat ikasteko erraztasuna izaten dugu. Batzuk alemanak, espainierak edo frantsesak erakartzen ditu, ni ordea, ingelesak. Badakit ez naizela oso originala, baina zer egingo diot bada?

Hala ere, ni ez naiz akademietara joan den horietarikoa, nire ingeles hezkuntza soilik ikastolatik baitator. Hala ere, urte guzti horietan ikasitakoa hobetzeko asmoz herri anglosaxoi batetara joan nintzen hamasei urte nituela. Bertako familia batean egon nintzen arren, eskolak hartzen nituen astean bost egunetan, goiz eta arratsaldez. Hori ona litzateke euskaldun jendearekin egon ez banintz... Adin horretan ez nintzen konturatzen, jendearekin pozik nenbilen elkar ulertu ahal baikenuen. Baina konturatzen naiz ez nuela askorik ikasi, egia esan!

Hogei urterekin nire barruan har bat sentitu eta abuztuan beste hilabetez joan nintzen kanpora, baina bakarrik. Etxe batean sei gazte bizi ginen, bakoitza herrialde batekoa, eta ezinbestean ingelesez moldatu beharra izan genuen elkar ulertu nahi bagenuen. Eta nik uste dut esperientzia aberasgarria izan zela zinez. Munduan zehar bakarrik moldatzeko gai nintzela erakutsi zidan eta mundua horren handia ez denez... beti aurkitzen da euskara edo gaztelania dakien norbait, barrua hustu nahi izanez gero. Eleanitza izatearen abantailak!!

Bizitzak ematen dituen ustekabe batek bultzatuta, nire etorkizunaz gogoeta egin nuen lau urte beranduago. Shakespeareren hizkuntza behar bezala menperatzen ez nuela ohartuta, abentura luzeago bati ekin nion eta berriro abiatu nintzen atzerrira. Hamar hilabeteko egonaldi hartan, lagun ugari egin nituen, eskolara joaten nintzen eta lanerako aukera ere eduki nuen.

Hizkuntzek ematen diguten aberastasuna infinitua dela iruditzen zait. Aukera edukita, nik neuk ahalik eta gehien praktikatzen ditut dakizkidan hiru hizkuntzak. Euskara nire bizitzan uneoro presente dago, euskaraz amesten dut, euskaraz mintzatzen. Gaztelania erabiltzeko ere ez daukat arazorik.

Eta ingelesari dagokionez, niretzako errazena izaten da telebistan filmak–eta ikustea, eta baita irakurtzea ere. Erraza eta lagungarria. Bestalde, niretzat zailena hizketan egitea da. Horregatik kanpora irtetea gomendatzen dut. Alde batetik abentura interesgarria delako eta norbera ezagutzeko modu bikaina delako, bestetik.

Eta zergatik ez uda honetan? Akademiek toki askotara joateko aukera eskaintzen digute, familia bat bilatuz eta eskolak eskainiz. Ingalaterra, AEB, Alemania edo Frantzia aldera joatea erabakitzen dute askok eta askok. Oporrak beste modu batera planifikatzeko parada.