444 Zenbakia 2008-06-13 / 2008-06-20

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gotzon Garate

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Elgoibarren jaio zen Gotzon Garate; 1934ko irailaren 1ean, hain zuzen ere. Elizgizon, irakasle eta idazle euskaldun honek ekarpen oparoa egin dio euskal kulturari.

Loiolan eta Bartzelonan egin zituen jesuita izateko ikasketak. Hala ere, Austrian dagoen Innsbrucken Teologian lizentziatu zen. Bestalde, Deustuko Unibertsitatean Euskal Literaturan Katedradun gisa eskolak ematen hasi zen. Baina 70. hamarkadan beste urrats bat eman zuen; izan ere, Euskal Filologia Fakultatea sortu baitzuen bertan 1978an.

Ikasketei dagokienez ez zen hor gelditu eta Madrilgo Unibertsitate Komplutentsean Filosofian doktoratu zen, eta Friburgoko (Alemania) Unibertsitatean Soziologia Marxista ikasi zuen. Hala, marxismoa ardatz hartuta, saiakera ugari kaleratu zituen 70. hamarkadan eta 80ko hasieran. Besteak beste, Marxen marxismoa (1971), Marx eta nazioa (1972), Marxen ondoko errebisionismoa, Rosa Luxemburg (1974), Lenin eta nazioen autodeterminazioa (1980) eta Leninen marxismoa (1983).

Baina Gotzon Garate nobela beltzarekin lotuko dute askok. Izan ere, genero honetan trebea dugu elgoibartarra eta Elizondoko eskutitzak (1977), Goizuetako ezkongabeak (1979), Izurri berria (1981) eta Alaba (1984) bezalako izenburuen sortzailea dugu. Izurri berria deitutakoarekin gainera, Azkue Saria eskuratu zuen 1981.urtean. Aurretik ere sari berbera eman zioten Lehortean ipuin bildumarengatik, 1979an.

Bestalde, Erdarakadak deituriko liburu bat kaleratu zuen 1988an. Hala, euskararen baitan gaztelaniak duen eragin negatiboari buruzko erreferentzia egiten du, lexikoa eta sintaxia aztertuta.

Garateren lan mardulenak, baina, 1998. urtean ikusi zuen argia; hogeita hamar urte luzetako lan borobila, atsotitzez osatutakoa. Baserriz baserri ibili zen Garate esaera zaharrak jasotzen Zazpi probintzietako hogeita hiru baserritan 14.458 euskal atsotitz biltzeaz gain, 5.208 espainol, 4.045 ingeles eta 3.462 latinezko ere eskuratu eta bere lanerako erabili zituen. Guztira beraz, 27.173 desberdin batu eta lan garrantzitsu hau osatzeko gai izan zen. Gainera, 2004. urtetik sarean dago erabilgarri.

Makina bat artikulu idatzi ditu euskal agerkarietan eta kronika literarioak ere egin izan ditu. Hala, New York aldean igarotako denbora aprobetxatuz, New York, New York deituriko liburu bat kaleratu zuen 1988an, eta New Yorkeko kronika beltza eta beste kontu periferiko batzuk 2004an. Bestelako kronikak ditugu eta India harrigarria (2001) eta Zakurra, zeure laguna (2002).

Ekarpen eskuzabala egin dio zalantzarik gabe gipuzkoarrak euskal kulturari eta bere lan bikainaren ordain gisa, hainbat sari eman dizkiote urte hauetan zehar: 1977an Donostia Hiria Saria eman zioten, 1977an Irun Hiria eta 1977an Txomin Agirre sariak, esaterako.

Hurrengo lana argitaratu arte, orain artekoez eta agerkarietan kaleratzen dituen artikuluez gozatzeko aukera izaten jarraituko dugu.