443 Zenbakia 2008-06-06 / 2008-06-13

Artisautza

José Fernández. Upelgilea: Historia

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

HISTORIA

Plinio Zaharrak, historialari latindarrak, idatzi zuenez, galiarrak izan ziren egurrezko upelak egiten lehenak. Upelak estutzeko ez zuten ez iltze-multzorik ez mihiztadurarik erabiltzen: adarrezko edo zumezko uztaiek estutzen zituzten upelen oholtxoak.

Hasieran, edariak garraiatzeko sortu ziren upelak, baina gaur egun, ardo ondua zahartzeko baliatzen dira.

Upelaren egur motak (upel berriei buruz ari gara) eta bertan sartzen den ardo motak erabakiko dute ardoaren zahartze-maila. Horrez gain, ahoan nahiz geroko zaporean bereiziko ditugun hainbat usain gozo emango dizkiote ardoari. Kalitatezko ardoetarako ondo aztertzen dira upelak; egur motaz gain, horien hezetasuna eta jatorria begiratzen dira, eta baita upela zenbat “txigortu” den ere (ondoren azalduko dugu zertan datzan datu hori). Horrela, upela asko txigortu bada, ardoak bainila kutsuko usain bizia izango du, eta gutxi txigortu bada, aldiz, berdetasun-sentsazioak.