Euskonews Gaztea
Gaiak: Martin Fiz
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Gasteizek Martin Fiz hazten ikusi du. Arabako hiriburuan sortu zen 1963ko martxoaren 3an eta mundu mailako kirolari ezaguna bihurtu da atleta. Maratoia egin du batez ere.
Oso gazte hasi zen kirola egiten Martin. Izan ere, hamabi urte zituela etxetik ihes egin zuen mendian egiten zen lasterketa batean parte hartzeko asmoz. Eta ez zitzaion oso gaizki eman, zazpigarren postua eskuratu baitzuen. Nahiz eta gurasoek zigortu, korrikalari gisa aritzeko motibazioa eman zion ekintza hark.
Urteetan zehar eramandako entrenamendu gogorrak, atleta gisa garaipen zerrenda luzea eskuratzeko aukera eman dio; Sabino Padilla izan zuen entrenatzaile zientifiko. Profesional mailan 1990. urtean ekin zion lehiatzeari; Espainiako krosa irabazi zuen orduan.
Hala eman zion hasiera bere bizitzako lasterketari. Palmares luzea dauka atletismoan eta bere esparruan onenen artean egotera iritsi zen aktibo zebilenean. Esan bezala, Espainiako krosa irabazi zuen 1990ean baina baita 1992an ere; Helsinkiko (Finlandia) maratoia 1993 eta 1994 urteetan; Europako Txapelketan (Helsinki, 1994) urrezko domina jantzi zuen eta Munduko Txapelketetan, urrea Gotemburgen (Suedia) 1994an eta zilarra Atenasen 1997an.
Olinpiadetan ere esku hartu du. Aurrenekoz, 1996an Atlantan ospatu zirenetan aritu zen eta ez zen oso gustura itzuli bertatik. Izan ere, gutxigatik ihes egin zion podiumak eta laugarren postua eskuratu zuen. Ondoren, Sydneyraino egin zuen hegan 2000. urtean eta seigarren tokian amaitu zuen maratoia.
Eta errekorrak ere hautsi ditu; Espainiako markak ezarri zituen behin baino gehiagotan, esaterako, Japonen 1997.urtean lortutakoa.
Kirol munduari eginiko ekarpenengatik saritu izan dute Matin Fiz. Besteak beste, Arabako Merezimenduzko Kiroleko Urrezko Domina eman zioten, baita Principe Asturias Saria ere maratoi korrikalari onenari, 1997an.
Profesional gisa aritu zen azkeneko aldia Donostiako Maratoian izan zen, 2001ean. Erretiroa hartu zuenean, modu berezian egin zuen, bere ohorezko lasterketa antolatu baitzen Gasteizen. Ohitura bilakatu eta urtero egiten den lasterketa da, Martin Fiz Maratoia; 2008ko maiatzaren 11n VI. edizioa ospatu zuten.
Fizentzat kirolak dena adierazi du bizitza honetan, bizimodu gisa ulertzen du kirola praktikatzea. Askatasun sentimendua ematen zion korrika egiteak eta bere bizitzako pasarteei aurre egiten erakutsi diola aitortzen du.