443 Zenbakia 2008-06-06 / 2008-06-13
Krisiaaaaaaaaaaaaaaaa!!!! Krisia omen dator, has gaitezen aurrezten, laster hasiko dira langileen grebak, edo uste dut hasi direla jada: kamioilariak, arrantzaleak... Agian astea bukatu baino lehen elikagaiak faltatzen hasiko dira supermerkatuetan eta gasolina gasolindegietan. Goazen guztiok eroak bezalaxe erosketa gurdiak bete eta gure erreserbak hornitzera, bestela agian janari gabe geldituko gara eta gosez hil gaitezke.
Eta, orain nola erosiko dugu bizitza osoa edo gehiago ordaintzen eman beharko dugun etxebizitza hori? Eta bigarren edo hirugarren etxe bat oporretara joateko? Nola aldatuko dugu kotxez hilero, autoz aspertzen garenean? Nola erosiko ditugu dirutza balio duten arropak? Nola egingo dugu nahi duguna nahi dugunean eta nahi dugulako?
Nola biziko gara kontsumismoaren uholdearen menpe ez badaukagu dirurik? Hau da krisiaren inguruan aipatu nahi dudan lehen puntua. Uste dut arazoa hori dela, askotan ez garela kapazak sinpletasunetik irten eta sakonera begiratzeko; konturatzeko nola gehienok (badakit hemen ere txiroak badaudela) oso ondo bizi garela, ez daukagula ezeren faltarik eta orain arte sekula ez dugula izan. Baina agian orain kapritxo gutxiago izaten ikasi beharko dugu, behar duguna erosten; kalera irteteko arropa nahikoa baditugu gehiago ez erosten; etxe bat oso garestia baldin bada eta ezin badugu ordaindu beste bat merkeago bat aurkitu beharko dugu edo agian alokairuan bizi. Zergatik ez?
Zergatik ez dugu kotxea ere daukan funtziorako erabiltzen eta apurtzen denean beste bat erosi, eta ez lehenago? Esan nahi dudana da, pertsona asko bere aukeren gainetik bizi izan dela denbora askoan, eta zor askotan sartu da dena erosi behar horregatik. Eta beste batzuk ba ez gara sartu, eta eskerrak! Baina agian ezingo gara horrenbeste aldiz parrandan edo kanpora afaltzera irten edo oporretan urrunera joan edo... Baina hori bakoitzak ikusiko du, beste guztia bezalaxe.
Badirudi gosez hilko garela krisia datorrelako, baina zergatik izan behar dugu pertsonok horren alarmista beti? Agian ezingo gara orain arte bezalako mugarik gabeko neurrigabekeria horrekin (parrandak, afariak, oporrak, arropak...) bizi, baina ez dut uste gosez hilko garenik. Hilabete bukaerara larriago helduko gara, baina hala ere, agian zerbait positiboa izan dezake honek, behingoz ikasiko dugu zoriontasuna ez dagoela diruan eta kapritxo gabeko mundu baten ere zoriontsu izan gaitezkeela konturatu. Baina uste dut batzuei asko kostatuko zaiela eta beste batzuk ez direla hartuko duten depresiotik sekula irtengo.
Aipatuko dudan bigarren eta azken puntua hauxe da: benetan horrelako krisi handi bat al dator? Horrenbeste sufrituko al dugu? Gure ekonomia zulo beltz batean eroriko da, edo soilik beherakada txiki bat jasango du? Azken finean ezin da beti ondo joan, ezta? Nik ez dut asko ulertzen ekonomiaz, baina agian, beti bezala, mundua kontrolatzen duten x pertsona horiek gizartea beldurpean, isilik, erreakziorik gabe eta deuseztatuta edukitzeko beste estrategia bat da, edo ez? Gogoratzen besteak? Irakeko gerra, hegaztien gripea...