443 Zenbakia 2008-06-06 / 2008-06-13

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ingurumenaren auzia

GARAI, Maite



Euskonews Gaztean ingurugiroaren gainean idazteko aukera dudan honetan, hausnarketara eraman nauten puntu batzuekin egin dut topo, gehienak, kezkagarriak gainera.

Jende askok dauka ingurugiroa zaindu behar denaren kontzientzia eta esango nuke geroz eta gehiago direla neurri ezberdinak hartuta horretan dihardutenak. Hala ere, beti dago ingurugiroari erreparatu ere egiten ez dion pertsona eta noski, azkenean eraginak denok pairatzen ditugu.

Kutsaduratik hasita, zaborra botatzeraino; eta nola ez, lur basatiak zirenak hondatu eta gure inguruak birmoldatzera. Denak dauka eragina, eta hori ukatzerik ez daukagu. Animaliak arriskuan jartzen dira eta florari ere kalte handia eragiten diogu. Eta sarritan ez gara pentsatzen jartzen eta ez diogu erreparatzen beraien etorkizuna gure esku dagoela neurri handi batean.

Duela ehun urtetik hona nola aldatu diren kontuak! Ongi da, nik ere ez nuen ezagutu. Eta ezin dut ukatu aldaketak beti ematen direla. Hala ere, nola eraldatzen diren da kontua; hots, modu arduratsu batez jokatzen dugun ala ez.

Azkartasuna kapitain den mundu honetan, abiadura dugu ardatz nagusi. Lehenago iritsi nahi dugu tokietara, eta ez zaigu axola mendiak zulatzen baditugu edota oreinei bizilekua kentzen badiegu. Kutsatzen jarraitzen dugu neurriak jarri gabe eta edozer isurtzen dugu erreketara, zer nolako eragina izango duen kontuan hartu gabe. Ados, legeak sortu dira, bana nahikoa al da?

Horregatik, minutu pare batez utzi egiten ari zarena eta pentsatu orain hamar urte nolakoa ziren zure herria, inguruko mendiak... ez al duzu desberdintasunik sumatzen? Eta nola egongo dira hemendik hamar urtetara gauzak aldatzen ez baditugu? Abiadura jaitsi ez eta kutsatzen, apurtzen jarraitzen badugu? Ni ikaratuta geratu naiz, eta nire eskura dagoen guztia egingo dut etorkizun oparoago bat izateko. Akaso alarmista hutsa naiz...