Euskonews Gaztea
Gaiak: Ametsak dirau, Bastidan!
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Ez da herri handia, 1.500 pertsona inguru bizi baita bertan. Bastida inguratzen duten lurrak gorrixkak dira, eta adituen arabera, ezin hobeak ardogintzarako. Mahatsondoa herrialdeko ikurra dela esan genezake, eta ez da kasualitatea Bastidan ospatu diren orain arteko hiru Araba Euskaraz festen logotipoek mahatsa edukitzea oinarri; bai 1998koak, 2004koak eta baita aurtengoak ere. Ikasleak kantari
Abestiari dagokionez, Bastida Ikastolako neska–mutikoen ahotsak dira protagonista eta Juanma Saezen musika eta Orlando Arreitunaindiaren hitzei bizia ematen diete. Grabaketa egiteko Gasteizera bidaiatu zuten, Sonora estudioetara, hain zuzen ere. Ikasleak kantuaren aurkezpen egunean. Argazkia: Araba Euskaraz.
Alaitasun eta positibismoz betetako kantuan Toloño mendiaren magalean dagoen herrixkako errealitatea islatu nahi izan dute. Izan ere, Arabako Errioxan euskararen egoera zaila bada ere, ikastolari esker bizirik daudela adierazi nahi izan diote munduari.
Amesten jarraitzen dute Bastidan, eta Bastidak euskara berreskuratzen jarraitzen du neurri handi batean beraiei esker. Ikastolaren garrantzia ezinbestekoa da horrelako lurralde batean eta amets horrek irauteko, proiektuan sinesten duten pertsona guztien laguntza ezinbestekoa dute.
Horregatik, ibilbidea egiteko arropa erosoa jantzi eta ahal delarik garraio publikoa erabiliz, gertura gaitezen Arabako Errioxaraino ekainaren 15ean. Bertakoek ederto dioten bezala, Araba euskaraz landuz, ametsak egi dirade eta!
Abestia entzuteko, sakatu hemen.