Euskonews Gaztea
Gaiak: Maria de Maeztu
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Gasteizen jaio zen Maria de Maeztu Whitney 1882ko uztailaren 18an eta 1948ko urtarrilaren 7an zendu zen Argentinan, Mar de Platan. Aita arabarra zuen, ama berriz, ingelesa. Feminismoari eginiko ekarpenarengatik ezagun dugu emakume hau.
Bere aita hil zenean familia dirurik gabe gelditu zen eta ondorioz, Gasteizetik Bilbora mugitu ziren bizitzera. Han, egoera hobetzeko asmoz, Mariaren amak neskentzako egoitza bat ireki zuen eta bertan sartu zitzaion Maria gazteari irakaskuntzarako zaletasuna, amari lagunduta.
Grina hark bultzatuta, goi mailako irakasle ikasketak egin zituen Madrilen. Salamancako Unibertsitatean ere ibili zen, Filosofia eta Letrak ikasi zituen bertan. Ondoren, Europako hainbat tokitan osatu zituen bere estudioak.
Bilboko eskola publiko bat zuzendu zuen 1902tik 1912 bitartean eta bertan ekin zion buruan bueltaka zituen erreforma pedagogikoak egikaritzeari: eskolak kanpoan emanez, kantinak sortuz, udako udalekuak antolatuz, eta irakaskuntza laiko bat aldarrikatuz, besteak beste.
Konferentziak ematen hasi zen eta bai estatuan eta baita munduko hainbat unibertsitatetan ere aritu zen: Argentina, Amerikako Estatu Batuak, Mexiko, Britainia Handia eta Kuban, esaterako. Gainera, zituen hizkuntza desberdinen ezagutzarengatik, pedagogiari buruzko nazioarteko kongresuetan enbaxadore gisa ibili zela esan daiteke.
Maria de Maezturen ekimenez emakumeen lehenengo kluba sortu zen Espainian 1926an. Lyceum Club zuen izena, eta nahiz eta arabarrak mistoa izatea nahi zuen, ez zen hala izan. Helburua, emakumeen taldeko espiritua sustatzea zen eta horrez gain, emakumeek etxeko lau paretak baino zerbait gehiago edukitzea zuen xede. Literatura, zientzia, arte plastikoak, musika eta beste hainbat sail zituen eta Maria de Maeztuk ikastaroak, hitzaldiak, kontzertuak eta erakusketak antolatzen zituen, besteak beste.
Gerra piztu zenean bere anai Ramiro fusilatu zuten eta ihes egitea erabaki zuten. Hala, 1937an Argentinara abiatu eta bertan irakasle lanei eutsi zien, Buenos Aireseko unibertsitatean Hezkuntzaren Historia katedra eskuratuta. Honoris causa doktore izendatu zuten munduko unibertsitate ezberdinek.
Gustavo anaia hil zenean bueltatu zen berriro ere, 1947an. Ondoren, Argentinara itzuli zen, baina ez luzerako. Izan ere, Mar de Platan zendu zen 1948ko urtarrilean. Bere gorpuzkiak familiak Lizarran zeukan mausoleora eraman zituzten.
Maria de Maeztu feminista kontsideratzen zen eta esaten zuenez “lotsatu egingo nintzake feminista ez izateaz. Nire ustez emakumeek pertsona bezala giza kultura garatzen kolaboratu behar dute”. Estatu mailan, emakumeen askapenerako aitzindari bihurtu zen gasteiztarra.