Euskonews Gaztea
Gaiak: Bizitzan beti aurrera
Ametsetan murgildu zen. Garai latzak igaro berri zituen eta momentu batez errealitatetik ihes egin nahian, txikia zeneko mundu magiko hura irudikatu zuen. Bertan ez zegoen saminik, ez beldurrik. Animaliek hitz egiten zekiten eta zeruak kolore urdin bizia zeukan. Euri beharrik ez zuen lurralde hartan, gaixotasunak ere ez ziren existitzen.
Baina aspaldiko kontuak ziren haiek. Fantasia hartatik irten zen, eta lehenengo hanka jarri zuen lurrean, bigarrena ostean eta egun berriari egingo zion aurre. Dutxatu, mokadutxo bat hartu eta jantzi egin zen. Bere betiko botak, fraka beltz estuak eta kamiseta beltzarekin irten zen kalera. Ilun. Hala deitzen zioten lagunek, urteetan zehar janzten zen eta berdin. Momentu horretara arte, ez zeukan beste kolorerik bere bizitzak eta.
Baina ze arraio! Pentsatu zuen. Eta zuzen zuzenean, eta estudiotik pasa aurretik, kale amaierako dendan sartu zen. Bere estiloan, baina beste kolore bat sartuko zuen ekin berri zuen bizitzan. Eta morea aukeratu zuen.
Lanera iritsi zenean, inork ez zuen sinesten ikusten zuena. Baina inortxok ez zion ezer esan. Akordeak sortzeari ekin eta melodia interesgarriak hartu zuen gela txikia; letra tristeekin hasita ere, alaitasuneko estrofa izan zen amaiera.
Bai. Berak merezi zuelako. Borroka latz hartan, biak batera egon zirelako. Eta abestia bukatu zuenean, malkorik isuri ez zuela–eta, harrituta geratu zen. Bai. Azkenean gainditu zuen sufrimendu latza. Mikel ez zegoen eta ez zen inoiz gehiago egongo bere aldamenean, baina bazekien jakin, melodia hark beti gogoraraziko ziola zein borrokalaria zen. Ez zen kikildu eta minbiziari irribarre batekin egiten zion aurre egunero, joan zen arte.
Eta horrek, bizitzeko motibazioa eman zion Iboneri. Eta astearte hartatik aurrera, musikaltasun atseginez biziko zituen minutu, ordu eta egunak. Beragatik. Hamaika urtez alboan izan zuen lagunagatik.