Euskonews Gaztea
Gaiak: Sabin Salaberri
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Aramaioko herria (Araba) Sabin Salaberriren jaiotzaren testigu izan zen 1934ko abuztuaren 20an. Zuzendari, konpositore, irakasle eta ikerlaria da bera eta musikagintzaren alde egindako lan eskergagatik Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria emango diote 2008ko apirilaren 20an.
Musikarekiko duen zaletasuna txikitan iritsi zitzaion Salaberriri eta, Aramaio bertako organo jotzaileak irakatsi zizkion lehen notak. Hortik aurrera, ibilbide oparoa burutu du aramaioarrak musika munduan. Gasteizen jarraitu zuen ikasketekin, eta hiriko apaiztegian egin zuen karrera, Teologian Lizentziatuz. Baina beste ikasketarik ere egin zuen arabarrak; izan ere, piano eta musika konposaketako goi mailako tituluduna dugu.
Bere ikastegiko, hots, apaiztegiko Schola Cantorumaren zuzendari karguan aritu zen 17 urtez, 1960an hasi eta 1977ra arte, hain zuzen ere. Tartean, Arabako hiriburuan, Araba Abesbatza sortu zen 1968.urtean eta sortzaileek, zuzendari artistiko postua eskaini zioten Salaberriri, eta honek onartu egin zuen. Bestalde, aipatu hamazazpi urte izan zirela baita ere apaiz izandako denbora; baina azkenean, bide hori alboratu zuen.
Beste lanik ere egin du, gehien bat irakaskuntzan. Besteak beste, armonia irakasten aritu da 1975.urtetik erretiratu arte Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan eta 1991. urtean, gainera, bertako zuzendari izendatu zuten.
Egin dituen konposaketei dagokienez, batez ere abesbatzetarako prestatutakoak izan dira. Baina egon dira salbuespen batzuk; hala nola, ahots eta pianorako abestiak edota orkestra eta ahotsez interpretatzekoak. Gainera, Arrasateko Doke antzerki taldeak taularatutako Jose Ignacio de Barrutiaren Actto para la Nochebuena obrako musikaren sortzailea izan zen.
Bestalde, musika mundua besarkatu zuenetik egindako lana errekonozitu zaio makina bat bider: San Fernando Arte Ederretako Akademiako kide urgazle 1996an; Aramaioko Seme Kuttun 1999an eta Urrezko Zeledoia saria 2006an.
Eusko Ikaskuntzaren 2007ko Manuel Lekuona Saria emango diote 2008ko apirilaren 20an mundura etorri zen herrian bertan, Aramaion. Eginiko ibilbide profesional aberatsa aitortuko diote beste behin ere, ahaztu gabe, euskal musikagintzari ekarpenak egiten jarraituko duela arabarrak.