435 Zenbakia 2008-04-11 / 2008-04-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Jankin-mina

AIESTARAN, Nagore



Esnatu Aizpea, esnatu eta begiratu leihotik!!

Horrela hasi zen apirileko egun argitsu hura. Goizeko 8.30ak ziren. Begiak pega–pega eginda, minutu pare bat behar izan zituen aurrean zeukanaz konturatzeko. Ama irribarretsu zegoen kristaletik so egiten eta nagikeria handiz, baina kuriositate osoz, astiro–astiro mugitu zen kalean gertatzen ari zena zer ote zen argitzeko.

Jakin–mina baitzen Aizpearen ahulgune nagusia... eta horregatik erabakita zuen handia izatean telebistan ikusten zituen pertsona haiek bezalakoa izango zela; mikrofonoa eskuetan, pertsonei zer geratzen zitzaien jakin, salatu eta argitzen laguntzeko. Baina nork daki, hilabete lehenago albaitari izan nahi baitzuen!

Hotzari aurre eginez, leihora gerturatu eta elurtutako lorategia aurkitu zuen. Begi txikiak bat–batean handitu zitzaizkion eta birritan pentsatu gabe, pijama soilik soinean, korrika irten zen elurra ukitzeko asmoz. Eguzkia irteten ari zen, bai, baina zer nolako hotza!

Hotzikarek bultzatuta egongelara sartzerakoan, aitona aurkitu zuen sutondoan eserita eta amak emandako esne katilua eskuetan, bere inguruan eseri zen. Orduan, zimurrez betetako gixon zahar haren ahotik horrenbeste atsegin zituen kontuak irteten hasi ziren, hitz bat bestearen atzetik. Aizpeak ez zuen gogoan inoiz aspertu zenik burusoil haren kontakizunekin eta isil–isilik geratu zen, begiak ia klikatu gabe, aitonak zer esango zion esperoan.

Eta gaztetako istorio batekin hasi zen. Inoiz ikusitako elurte handienaren pasadizoa hizpide, hamaika abenturaren protagonista hark egoera latzei nola aurre egiten zien jakin zuen hamar urtetako neskatxak. Eta anekdota hark denetarik zeukan gainera! Otsoak, lapurrak, behiak... Berari gertatu izan balitzaio bezala irudikatu zituen pasarte guztiak eta aitona isildu zenean, bere logelara itzuli zen.

Istorioa izugarri gustatu zitzaion arren, kezkatuta geratu zen Aizpea. Aitona inoiz faltako balitzaio, nola aseko zuen bere jakin–mina? Eta erabaki zuen, ahalik eta pasadizo gehien kontatzeko eskatuko ziola aitonari.