435 Zenbakia 2008-04-11 / 2008-04-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Amerikako Estatu Batuetatik... Euskal Herrira! (II)

EUSKAL HERRIA HORTIK HARA

Marina Tellechea, Haitz Aldana eta Antton Llanes



San Frantziskon egon ondoren, Euskal Herria Hortik Hara taldeko lagunek Garndevillerako (Nevada) bidea hartu zuten aurreko asteko artikuluan. Ondoren, kasinoen hirira egin zuten salto, Renora hain zuzen ere, han astebete emateko. Bertan, “euskaldun desberdinak aurkitu genituen...” Renoko ikuspegia.

Lehenik, erran behar da Nevada eta Kalifornia artean mundu bat dagoela, batez ere kasinoen garrantziak esplikatzen ahal duena. Dinamika gutti dago eta Renoko kasinoen itzalean, pobrezia nabarmentzen da. Kasinoez kanpo, hiriak (ehun mila biztanle) hila dirudi : eskerrak unibertsitateak eguzki izpi bat eta gaztetasun pixka bat ekartzen dion. Hamar mila ikasle daude han, eta unibertsitatean bertan kokatzen da azkenean hango euskaldun gehien.

Unibertsitatean dago Euskal Ikerketa Zentroa eta hor daude laupabost lankide eta zenbait ikasle. Haien artean, Argitxu Camus xiberutarrak tesia bukatzen du Estatu Batuetako gizarteari eta haien elkarteei buruz. Honen bilakaera aztertzen du eta esplikatu zigun bere irakurketa azalduz euskal komunitateak ezagutzen zituen zailtasunak, gune ezberdinen arabera, belaunaldien arteko, eta batez ere gazteekiko transmisioan, jakinez azken bi belaunaldiak amerikanoak direla. Kultura ezberdinen nahasketak euskal kulturaren bizitzeko moldaketak inplikatzen ditu mundu globalizatu honetan eta baliabide berriak bilatu behar dira.

Internet tresna komunikabide garrantzitsu bat da zentzu honetan, eta Joseba Zulaikak, zentroko arduradunak azpimarratu zigun munduko beste euskal komunitateekin azkartu behar zirela harremanak, elkar gogoeta baten inguruan euskal kulturaren geroari begira munduan zehar.

Azken honek kontatu zigun ere, zentroaren historia eta bere funtzioa. Ikasle eta ikertzaile trukaketa aunitz errexten ditu Euskal Herriarekin eta bere liburutegiaz lagundurik, Ameriketako euskaldunen idazlanak, ingelesezkoak edo euskarazkoak, argitarazteko baita aztertzeko ere indar handiak egiten ditu. Zentroan pasatutako denbora aukera izan da guretzat beste ezagutza baloretsuen egiteko. Euskarazko eskolak Euskal Ikerketen Zentroan.

Han, Kate Caminok, Euskal Zentroko idazkariak, euskara kurtsoak ematen ditu. Euskara aukera gisa proposatua da ikasleei eta noski Ameriketan izanki, ezjakintasunagatik ikasle guttik aukeratzen dute. Hala ere, bere klasean lau ikasle aurkitu genituen: bi amerikar, euskaldun amerikar bat eta Hungariako neska bat. Euskal amerikarrak Mateo izena du eta 20 urte dauzka. Familia euskalduna du baina bera Renon sortua da. Bere arrebak bezala, euskara ikasi nahi du eta helburu honekin klaseak segitzen ditu. Teresak (bere arreba), 23 urte ditu eta euskara jakiteaz gain talde aski berezi bat sortu du lagun batzuekin urte bat pasa ondoren. Hango jaien nostalgia sentitu behar zuten menturaz Kalimotxo–Girls taldea sortzeko: hor azaltzen da euskal eta amerikar kulturaren arteko irudi adierazgarria, arnoa eta koka–kolaren bihurgunean.

Hungariako neska bat aipatu dugu ere. Honek Mariann Vaezi izena du eta 30 urte dauzka. Hungariatik Estatu Batuetara etorri da antropologia ikastera eta bizi baldintza hobeagoen bila. Biziaren gorabeherak Reno euskal zentroa ezagutarazi zion eta euskal nortasunari interesa emanik, Euskal Herrian urte bat pasa zuen ere. Orain, euskal ikerketak segitzen ditu eta lan handi bat hasiko du Bilboko Athletic futbol taldeari buruz...

Amerika handia dela ikusi dugu: distantziak, etxe erraldoiak, hiriak, hanburgesak; baina bidaia honek geroz eta gehiago erakusten diguna euskal kulturaren zabaltasuna eta aberastasuna dira.

Laister arte, euskaltasunaren mugak harago zabal ditzagun elgarrekin !!!

Informazio gehiagorako: www.myspace.com/ehortikhara