432 Zenbakia 2008-03-14 / 2008-03-28

Euskonews Gaztea

Gaiak: Québecetik Euskal Herrira... (II)

EUSKAL HERRIA HORTIK HARA

Marina Tellechea, Haitz Aldana eta Antton Llanes



Euskal Herria Hortik Harako lagunek Kanadako esperientziaren zatitxo bat kontatu ziguten aurrekoa astean. Gaur, Amerikako Estatu Batuetan dabiltza hiru lagunak, baina EUSKONEWS GAZTEAn, Kanadakoaren jarraipena irakurtzeko aukera daukazu:

Eta euskara zertan da afera horretan? Preseski, euskal etxera hurbildu ginelarik, euskara klase baten kari egin genuen. Hor bildu ziren Oneka (29 urteko bilbotarra) erakaslea, eta bere lau ikasle harrigarriak: Ernest (73 urte) berrogei urte daramana Montréalen, Ludovic (22 urte) Hendaiarra Montréalen ikasle bezala, Martin (60 urte, Txiletik etorria) bere arbasoei hurbildu nahian euskara ikasten duena erretretan eta Guillaume (36 urte, Belfortekoa Frantzian). Montréaleko euskara taldea.

Azken honek ez du iduriz loturarik Euskal Herriarekin, baina laster erakutsi zigun, euskal musika taldeen arrakasta eta potentzia atzerrian esplikatuz, euskara ikasten zuela Kuraia, Berri Txarrak ala Leihotikan taldeen kantuen hitzen ulertzeko! Azkenik, ez genuke ahantzi behar heldu berria, bosgarren ikasle bat, gehitu dena kurtsoan gu etorri garen egunean. Honek ere arrazoi polita zuen: Laurencek (22 urte, Montréalekoa) bere mutil laguna Donostian du eta pentsatu du sorpresa polita izanen zela bere lagunarengana itzultzea euskara zerbait ikasirik.

Halako taldeak, lan egiten duen giro alaian, zentzu guztia ematen dio euskal etxeari eta erakusten du euskaltasunak baduela ere federatzeko eta elkartzeko potentzia, beharbada gure erroetan sartua delako.

Beste bi ezagutzek ideia horretan konbentzitu gintuzten. Lehena, Montréaleko errugbi taldeko jokalari batzuekin eta talde honen sortzaileetariko batekin (Gérard Bernatene) izandako elkarrizketa izan zen. Azken honek kondatzen zigun errugbi talde hori sortu zutela euskaldun zonbaitzuen artean duela hogei urte eta taldearen sinboloa aukeratzerakoan, hautu bat baizik ez zutela ikusten: lauburua. Hortik landa, oraingo jokalariek esplikatzen ziguten bezala, euskal nortasuna taldearen baloreetan eta historian sartu da, nahiz eta euskaldunak ez diren beti izan. Aldiz, Montréalera irixten ziren imigrante anitzentzat gune aproposa eta elkartasunezkoa izan zen integratzeko. Gaur ere, euskal nortasun horrek, errugbi munduko Euskal Herriko gazte batzuentzat motibazio berri bat da Montréalera bidaiatzeko; eta noiztenka euskal gazte batzuk heldu dira hilabete batzuentzat taldea indartzera eta esperientzia paregabe baten ezagutzeko.

Egin dugun bigarren ezagutzak eremu intimoagoan erakutsi digu euskaltasunaren indarra. Hala nola, Elissalde alaben biziek hunkitu gaituzte zentzu horretan. Biek (Marion 30 urte eta Claire 26 urte), Montréalen usu aipatzen den kultur aniztasuna azkarki bizitzen dute: Québecen bizi dira eta frantsesa mintzatzen, Québeceko kultura bereziaren erdian, baina ber momentuan ama anglofonoa izanki, ingeles kulturan ere hezi dira. Elissalde familiarekin

Horrez gain, eta hau da garrantzitsuena, aita euskalduna dutenez haurtzarotik euskal giro batean handitu dira, bizi moduan jateko moldearen bitartez, aitaren lagun euskaldunekin eta haien etxean dauden mila apaindura euskaldunen inguruan bizi izanez. Euskaltasuna beti hor izan da, baina haien baitan ere bai. Biek esplikatu ziguten ikasketa denboran eta jendeari begira, beti ezberdin sentitzen zirela euskal erro horiek zituztelako, baita aldarrikatu nahi zituztelako ere. Biek Arte Ederretako ikasketak egin dituzte eta haien lanetan, behin baino gehiagotan, euskaltasun hori adierazten eta hobeki ulertzen saiatu dira. Azkenean, bihotzeko hurbiltasun horrek Euskal Herrira bidaiatzea pusatu zituzten eta biak bizpahiru aldiz egon dira eta itzuliko dira geroan ere.

Lekukotasun horiek bildu ondoren, Montréal uzten ginuen bidaia luzatzeko Québec hirira. Baina han Adelaide Daraspe, 22 urteko Urruñarra, baizik ez ginuen ikusi. Berak, Historia ikasten du Québecen eta bi urtez ohartu ahal izan da euskaldunik kasik ez zela hor. Garaian elkarte bat izan zen Montréalekoaren antzekoa, baina ez zuen sekulan antolakuntza sano baten ukaitea lortu. Geroztik bakoitza isolatu da edo Montréalekoekin batu noizean behin.

Egoera hortaz tristeturik, gure bidea segitu dugu Québeceko hiri handietatik urrunduz, Charlevoix–ko eskualderantz “euskal baserri” bat omen zela entzun genuelako. Eta laster egia zela konturatu ginen, mila biztanleko Saint Urbain herritxoan, Jean–Jacques Etxeberrigarayen familia ezagutzerakoan. Honek, bere emazte Isabelle Mihurarekin, lan kontzeptu interesgarria sortu zuen Euskal Baserriarekin. Helburua, ahateen elikatzea zen, Euskal Herriko egin moldea erabiliz. Baina, bikotea ez zen horretan gelditu. Kontzeptua urrunago eraman zuten euskaltasun hori aldarrikatuz, izenean bertan (Euskal Baserria) eta salmenta irudian. Kontzeptuak nortasun bat hartzen zuen, haien bihotzeko nortasuna, eta aukera zen ber momentuan, batez ere duela gutti haien baserrian sortu duten dendaren bidez, euskaltasuna adieraztea bezeroei, hango jendeari Euskal Herria ezagutaraziz. Egun bat haiekin pasa ondoren, Euskal Herrira itzuli ginela iduritzen zitzaigun kasik, baserrian gure etxeetan bezala bizi diren.

Hor ere, bukatzeko, erran dezakegu isolaturik izanez ere, Etxeberrigaray familiak bere erroetara hurbiltzeko moldea atzeman duela eta egin moldeak oso desberdinak direla pertsona batetik bestera, herri batetik bestera. Izar eta Alaiak (9 eta 7 urte) haien alabek aberastasun hori haien baitan izanen dute ; aitatxi eta amatxi urtean behin Euskal Herrian ikusten dituzte eta ohartu gabe euskara, euskaltasuna etxetik eta kanpotik haien baitan sartzen da. Agian hobeki kondatuko digute egunen baten?

Bitartean, Euskal Herria Hortik–Harak bidean segituko du, hortik haruntz...

Bidaiaren infomazio gehiago: hemen sakatu.