432 Zenbakia 2008-03-14 / 2008-03-28
Gaur egun alde batera begiratu edo bestera, nonahi ikusten ditugu etorkinak. Kolore ezberdinetakoak izan daitezke, edota erlijio eta ideologia ezberdinetakoak. Baina guztiak bizi dira geurean.
Zer desberdintasun dago begi berdeak edota azal kolore bat edo beste bat izan? Arrazakeriaren atzean ezkutatzen dena sarri ezjakintasuna da, eta gu bezala, pertsonak direla pentsatu behar dugu. Era berean, guk ditugun beharrizanak izaten dituztela ere ezin dugu ahantzi, eta guzti horregatik, errespetua merezi dutela iruditzen zait. Baina maiz ez da horren erraza izaten.
Jende askok aurreiritziak ditu etorkinen inguruan eta kasu batzuetan haien jokamoldeak ere ez duela aski laguntzen egia da. Baina ohartzen al gara sarritan zein egoeratan iristen diren etorkinak gurera? Zer nolako gogorra den mundu berri batera ohitzea? Askotan ahantzi egiten dugu geure buruari galdera horiek egitea, eta lagundu eta ulertu beharrean, gaizki begiratu eta bizkarra ematen diegu. Eta normaltasunaren bidean hainbat urrats egitea egokitzen zaigula iruditzen zait.
Gure gizartean xenofobia eta arrazakeriaren kontra lan egiten duten talde ugari daude eta SOS Arrazakeria dugu horietariko bat. Bertan, sentsibilizazio kanpainak eramaten dituzte aurrera. Hala, etorkinek eta beraien bizimoduagatik baztertuak diren pertsonek bizi behar duten errealitatera urreratu, eta horren gaineko hausnarketa egiten dute, esaterako. Eta gainera, asistentzia juridikoa jartzen du beraien eskura, eskaerei erantzuna emateko asmoz.
Kolektibo gisa lan egiten dutenen beharra daukagu, zalantzarik gabe. Baina bestalde, norberak bere ekarpena egin beharko luke eta ahal dugun neurrian toleranteak izan eta laguntza eman behar duenari. Gogoratu behar baitugu, gu ere noizbait izan gaitezkeela etorkin. Beste herrialde batera bidaiatu, eta errealitate berri bati aurre egin beharrean egon gaitezke. Nik behintzat, jendeak errespetuz jokatzea nahiko nuke. Zer deritzozu?