432 Zenbakia 2008-03-14 / 2008-03-28

Euskonews Gaztea

Gaiak: Daniel Landart

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Baxenafarra da Daniel Landart. Donostirin etorri zen mundura, 1946ko abenduaren 11n hain zuzen ere, eta Ipar Euskal Herriko idazle emankorrenetakoa dela esan daiteke.

Bere ama hizkuntza euskara da, txikitatik etxean horrela hitz egiten zuten eta. Hala ere, 12–13 urte izan arte euskal kontzientziarik ez zuela eduki adierazi du behin baino gehiagotan; orduan hasi zen konturatzen Euskal Herria zabala zela eta ez zela bera bizi zen eremura mugatzen.

Gazte utzi zion ikasteari, eta bere ikastetxeko zuzendariak lan bat bilatu zion inprenta batetan. Asko gustatu zitzaion bertako lana, batez ere, kazetaritza munduari lotutakoa. Eta pentsatu zuen berak ere zerbait sortu zezakeela. Garai hartan, Gazte kazeta argitaratzen zen eta bizpahiru artikulu prestatu zituen agerkari hartan kaleratzeko asmoz. Baina nahiz eta orain dena euskaraz idazten duen, hastapeneko sormen haiek frantsesez egin zituen, euskaraz izkiriatzen ez zekielako. Hori ikusita, Jean Hiriart–Urruty prest agertu zen erakusteko, eta halaxe hasi zen euskarazko lanak gauzatzen.

Ordutik, esparru ezberdinak jorratu ditu Daniel Landartek. Antzerkigintza, esaterako, asko landu duen arloa da. Hilak hil (1963), Herro eta nigar (1964), Euskalzaleen Biltzarrak 1966an saritutako Gure haurra, Erranak erran (1981), Nola jin, hala joan (1985) eta Ama (1997) dira izenburu batzuk.

Poesigintzan, berriz, Hogoi urte izeneko poema–bilduma kaleratu zuen eta bere lan ezagunena dela esan genezake. Baina esparru narratiboa ere landu du eta izenburu batzuk aipatzearren, Aihen ahula (1978), Batita Haundia (1994) eta Anaiaren azken hitzak (1999), esan genitzake. Bestalde, itzulpenak ere egin ditu, esaterako, García Lorcaren obra bat, Odol ezteiak.

Aipamen berezia egin behar zaio Landarteren aktibismoari, eta ez bakarrik idazle gisa. Izan ere, Antzerkilarien Biltzarra sortu zuen 1967an eta Euskal Antzerki Taldeen Biltzarrea izeneko elkartearen baitan lan ugari eginikoa da.

Eta ezin dugu ahantzibere ekarpena musikagintzari; hots, hogei bat kantutarako hitzak sortu ditu Milek Laboa, Anje Duhalde, Mixel Ducau eta beste hainbatentzat.

Amaitzeko, Euskal Kultur Erakundean sartu zen 1990. urtean, eta gaur egun, bertako zuzendari–orde karguan dagoela aipatu behar da. Bertan, eta orain arte egin duen bezalaxe, Ipar Euskal Herrian euskal kultura bultzatzeko lanean dihardu, eta etorkizunean ere, halaxe jarraituko du baxenafarrak.