Euskonews Gaztea
Gaiak: Québecetik Euskal Herrira... (I)
Marina Tellechea, Haitz Aldana eta Antton Llanes
Euskal Herria Hortik–Hara espedizioak bere lehen pausuak Québecen ematen ditu, otsailaren 15etik goiti. Gure bidaia Québecen burutzera doa orain, oraindik aste bat gelditzen zaigularik. Antton, Marina eta Haitz Charlevoixen.
Montréalera iristerakoan, Peio Clarisse euskaldunen elkartearen lehendakari ordeak ongi etorria egin zigun. Peio, 30 urteko gaztea da, xiberutarra eta lau urte daramatza Montréalen. Honek laster ohartarazi digu Québecen dauden euskaldun gehienak bere belaunaldikoak edota gazteagoak direla, bereziki, migrazio berri batetik helduak.
Egia da, Kanada eta Saint Laurent ibaiaren bazterrak euskaldunek bisitatu dituzten Ameriketako lehen lurraldeak zirela, bale arrantzaleen bitartez, eta hori frantsesak baino lehen. Baina arrantzale horiek herrira itzultzen ziren gehienetan; horregatik, haien aztarnarik ez da nabaritzen gaur egun liburu ala museoak alde batera utziz. Horrez gain, euskaldunen migrazioak zailtasunez azaltzen dira, liburutegietan eta kultur etxeetan gaztelania ala frantses kulturari lotuak direlako.
Alta, euskaldunak beti izan dira Québecen eta Kanada osoan, baina gaurko euskaldunak arrazoi desberdinentzat hor daude, beti kopuru apalean, elkar komunikatzeko zailtasunekin, distantzia handiek urruntzen dituztelarik.
Noski, Montréaleko euskaldunen elkartea euskal zentro nagusi bat bezala agertu zaigu heltzerakoan, baina laster ohartu ginen, elkarteak aitzinatzeko eta berritzeko zailtasun handiak zituela, bere lehendakariak Jean Goienetchek (63 urte) esplikatu zigun bezala. Peio Clarissen hitzetan ere, ber irakurketa sentitzen genuen baina dinamika apaltze honek transmisio laneko zailtasunak agerian ematen zituen. Zaharragoentzat, gazte gutti daude eta direnek motibazio falta dutela, baita beharbada euskal herriarekiko atxikimendu falta, batzuetan. Gazteagoentzat bestalde, zaharragoak ez diete ematen konfiantza gazteei eta azken horiek zapalduta sentitzen dira iniziatibak hartzerakoan. Montrealen ikuspegia.
Kanpotik ikusita, erran dezakegu elkartearen arazoa ez dela arraroa eta erakunde guzietan halako desakordioak daudela, baina larritasuna gehiago azaltzen da komunitatearen kopuru txikian eta iraunkortasunean antolatzeko zailtasunean. Belaunaldi bat edo bi saltatuak izan dira oraingo gazteen eta zaharragoen artean, eta horrez gain, euskaldun anitz guttidanik Montréalen dira. Horretarako, integratzeko denboran, baita haien bizia antolatzen duten bitartean, ez dira prest euskal etxean inplikatzeko.
Halere, ez da dena beltz Québeceko euskaldunen artean, eta Peio batek bazkari batzuen antolatzeko eta urtean bizpahiru aldiz hor dauden ehun bat euskaldunen elkartzeko ematen duen indarra, ekintza positibo horiek esperantza ematen dute gerorako. Noski, euskaltasunarekiko atxikimendua ez da denentzat berdina eta ohartzen gara gehienek euskarazko hitz gutti dakizkitela. Baina lekukotasun guzietan agertzen dira, aldiz, herriaren maitasuna, familiarekiko lotura eta bizi moldea manera orokorrez (herriko jaiak, janaria, kantuak...).
Agur beroenak !
Infomazio gehiago: hemen sakatu.
Jarraituko du...
