431 Zenbakia 2008-03-07 / 2008-03-14

Euskonews Gaztea

Gaiak: Izan gaitezen pertsona

ALTUNA UGARTE, Lierni

Feminitatea

– Jaiotzen garenean arrosa pastel koloreko jantzi zatar eta finak jartzen dizkigute... – Ibiltzen hasten garenean panpina eta sukaldetxoak oparitzen dizkigute gure funtzioak ondo barneratzeko eta jolastuz gure eginbeharrak ongi markatzeko. Baloiak? Kirola mutilendako da, bestela mari–mutil bat zara... – Umetik gazte izatera pasatzen garenean finak, lasaiak eta inolako iskanbilarik atera gabe bizi behar dugu, bestela ez gara behar bezalako emakumeak... – Gure gorputzak ondo zaindu behar ditugu, neska perfektuak izan behar gara, 90–60–90 neurria da gure kanon ideala. Gero eta hurbilago neurri horietatik orduan eta hobeto, beti ongi apainduta, depilatuta... joan behar gara, gure gorputzaren morroi izan behar baitugu. – Lana aurkitzea zaila da guztiontzat, baina emakumea bazara... leku askotan haurdun gelditzeko asmoa duzun galdetzen dizute kontratatu aurretik. Gainera, orokorrean emakumeek gizonek baino gutxiago kobratzen dutela demostratuta dago... – Umeak eta pertsona nagusiak zaintzea gure lana dela dirudi jaiotzen garen momentutik, baina umeek badute aita bat eta gure familiako zaharrek badituzte familiar gizonezkoak ere, ez? – Gure gorputzeko atalak konnotazio negatiboak dituzten gauzak definitzeko erabiltzen dira: alua, que coñazo... – ... Maskulinitatea

– Jaiotzen garenean urdin pastel koloreko jantzi zatar eta finak jartzen dizkigute... – Ibiltzen hasten garenean baloiak eta kamioak oparitzen dizkigute, kirola egitea gustatu behar zaigu. Indartsuak izan behar gara eta beti ausartak eta beldur gabe ibili, inolako sentiberatasunik agertu gabe, bestela... arraroa xamarrak gara. – Umetik gazte izatera pasatzen garenean gure itxurak arduratzen gaituela kanporatzen badugu eta gure irudia zaintzen badugu... marikoiak, ahulak,... gara. – Lanean hasten garenean oso zaila da aitatasun baja bat hartzea, azken finean umeak emakumeen gauza dira, berdin da guk gure umea hazten ikusi nahi badugu. – Ez digute etxeko lanik egiten erakusten, baina gu ere etxe berdinean biziz erakutsi beharko ligukete, ez? Baina berez gure etxeko funtzioa eskulanetan abilak izatea da, baina ez badugu brikolajea gustuko? Ez bagara iaioak horretan ? – Gure gorputzeko atalek konnotazio positiboak dituzte eta izan behar dugun ausardia ondo markatzen dituzte: bi potrorekin, cojonudo... – ... Ondorioz...

Hauek topikoak dira, eta asko orokortuz idatzitakoak gainera, baina era batean edo bestean, bata edo bestea denok jasan, jasaten eta jasango ditugu gure bizitzako momenturen batean.

Bizitza antzerki obra bat bezalakoa da. Jaiotzean emakumeari femenino papera ezartzen zaio eta gizonari maskulino papera. Horrek esaten digu nolakoak izan behar garen, nola jokatu behar dugun... dena. Eta ezartzen diguten paper horretatik irtenez gero edo zerbait ez badugu betetzen, antzerki obratik, bizitzatik, gizartetik kaleratuak, baztertuak... izaten gara.

Ar edo eme jaiotzen gara, baina zergatik markatu behar digu gure sexuak geure izaera eta nola bizi behar dugun? Zergatik ez gara maskulino eta femenino generoek ezartzen diguten kartzeletatik askatzen? Zergatik ez gara garen bezalakoak izaten, nahi dugulako eta horrela sentitzen dugulako, eta ez gizarteak inposatzen digulako? Zergatik?

Gure mundu honek dena sailkatzeko ohitura edo joera du, baina sailkapen batzuk bazterketak ekarri dituzte, zergatik ez ditugu femenino eta maskulino generoak alde batera uzten, gure pentsamendu eta egitura sozialetik ateratzen eta benetan sinetsi izan behar garen bakarra pertsona dela?

Bi termino hauek desagerraraziz gero, berdintasunetik gero eta hurbilago egongo gara. Borrokatu dezagun ezarri diguten egitura honen aurka, gure buruan, kalean...

Denok daukagu nahi dugun bezalakoak izateko eskubidea!