Euskonews Gaztea
Gaiak: Emakunde
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Euskal Herrian emakumearen alde lan egiten duen elkarte garrantzitsu eta aitzindari bat badago. Nahiz eta orain makina bat diren horretan dihardutenak, 1988ko otsailaren 5ean Emakunde sortu zen. Berez, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren menpekoa da, eta horregatik, urtero agerraldi bat egiten du erakundeko ordezkari batek legebiltzarrean. Hala, urteko txostena eta balantzea aurkezten ditu eta etorkizuneko asmoei buruzko azalpena ematen die biltzarkideei.
Hogei urte bete berri dituen erakundea arrazoi zehatz batengatik jaio zen: emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna. Baina benetako berdintasuna da lortu nahi dutena, eta hala, bai politikan, bai lanean bai eta gizarteko beste arloetan ere, egoera hori hobetzeko esperantzaz dihardute buru-belarri. Txaro Arteaga eta Izaskun Moyua, hurrenez hurren.
Emakundek, besteak beste, berdintasunaren politika bultzatzea eta aholkuak ematea izan du xedea urte guzti hauetan. Gainera, kontuan hartuta jasotzen dituzten kexa gehienak lan munduaren ingurukoak direla, erakunde eta enpresen sentsibilizazioa landu du alde batetik, eta bestetik, beharrezko laguntza teknikoak eman.
Azken hori zertarako? Desberdintasun egoerak ote diren argitu eta horiek aldatzeko ekintza positiboak antolatzeko eskaintzen ditu baliabideak. Erakundearen esanetan, “guzti horrekin, aukera berdintasunaren aldeko gizarte prozesua abian jartzea” izan da asmoa. Gainera, berdintasunaren alde lan egiten duen edozein euskal erakunderi sostengua ematen dio Emakundek.
Bitxikeria bezala, Emakundek pertsonaia bat sortu zuen: Sorkunde zuen izena eta emakume langile baten irudia zen; 1992. urtean kaleratu zen aurrenekoz.
Ezin ditugu ahaztu Emakunde aurrera eraman duten zuzendariak. Lehenengoa Txaro Arteaga izan zen. Hamasei urtez aritu zen bere lankideekin batera gizartea “normalizatzeko” lanak aurrera eramaten. Hala ere, 2005. urtean kargua utzi eta bere ordez Emakundeko orduko idazkari nagusia jarri zuten zuzendaritzan: Izaskun Moyua oñatiarra.
Erronka berriei egin beharko diete aurre. Nahiz eta garaiak aldatu diren, oraindik lan asko eta asko dagoela egiteko argi dute eta horregatik, berdintasunaren aldeko beharrean jarraituko dute, egunen batean errealitatea bihurtuko den itxaropenez.