431 Zenbakia 2008-03-07 / 2008-03-14

Euskonews Gaztea

Gaiak: Adelaide Daraspe. (Ikaslea): Egunero begiratzen dut Euskal Herrian zer gertatzen den prentsa eta Internet bidez

EUSKAL HERRIA HORTIK HARA

Marina Tellechea, Haitz Aldana eta Antton Lannes

Adelaide Daraspe duela urtebete eta erdi joan zen Québecera. Historia ikasi eta bertako euskaldunei buruzko ikerketa egiten dihardu Kanadan. Oraindik ez daki etorkizunean zer egingo duen, baina bitartean han bizitakoari buruz eta somatutakoari buruz hitz egin die Euskal Herria Hortik Harako lagunei. Nola ikusten duzu euskal komunitatea Québecen?

Oso interesgarria atzeman dut berezia delako. Nire helburua, hemengo euskaldunak ezagutzea izan da, gazteak eta zaharrak, haien nortasuna eta kultura lantzea, etxe barnetako objektuak ikusiz (makila, txapela...). Etxe barnetara sartu naiz, horiekin hitz egin dut jakiteko zer ohitura atxiki dituzten, zer objektu jartzen dituzten paretetan eta zeintzuk duten garrantzia gehien haientzat.

Zer kopurukoa da euskal komunitatea Québecen? Zer adineko jendea ikusi duzu?

Ikusi dudanez, Québec hirian ez dago euskaldunik edo oso gutti daude, familia batzuk bakarrik. Québec eskualdean, orokorrean, etorkin gehienak Montréalen bizi dira eta ber fenomenoa ikus dezakegu euskaldunentzat. Montréalen, gutti gorabehera 200 familia euskaldun daude, eta euskal etxeko familiak dira. Erreferendum bat izan zen 2001ean eta 1300 pertsonek euskal jatorriak zituztela erran zuten. Baina ez dakigu zehazki euskaldun sentitzen diren. Adin guzikoak daude : ikasle aunitz baita 70.hamarkadan lan bila etorritakoak. Azken hauek anitz dira eta azken 30 urteetan lotura tinkoa atxiki dute haien artean.

Zer ezberdintasun ikusten duzu zahar eta gazteen artean euskaltasunari dagokionez?

Ezberdintasun bat ikusten da kultura bizitzeko moduaren aldetik, baina ez euskal nortasunaren aldetik. Haiekin hitz egin dudanean, etxeetan edo bestetan, argiki adierazten zuten euskaldun sentitzen zirela. Aldiz, zaharren haurren eta etorkin gazte berrien artean desberdintasunak badaude: zaharren haurrak Québecen sortuak izanik, ipar amerikar sentitzen dira, ez dute euskal kultura barnetik ezagutzen, beraiekin hitz egitean sentitzen da.

Pertsonalki, nola atxikitzen duzu euskal kulturarekiko harremana?

Harremana egunerokotasunean nire lanaren eta ikasketen bitartez badut. Egunero begiratzen dut Euskal Herrian zer gertatzen den prentsa eta Internet bidez. Bestela, joan den urtean, Montréaleko euskal etxean euskara kurtsoak ematen nituen; modu bat zen niretzat lotura atxikitzeko, kultura eta hizkuntzarekin, bereziki.

Egunerokotasunean, ohiturak atxiki al dituzu? Ala kebekiarren bizimoduari ekin duzu?

Bizitzeko eraren aldetik, aldaketa bat sumatu dut, jatorduarekiko adibidez. Québectarrak bezala egiten dut. Gainera, kebekiar batekin bizitzeak, nire bizian gauza anitz “kebekiartu” ditu, eta gauza anitz ere ezagutarazi kultura mailan. Aldiz, etorri nintzenean, lehen sei hilabeteetan, euskal ohiturak atxiki nituen.

Askotan itzultzen zira Euskal Herrira ? Zer inpresio itzultzerakoan?

Aurten bi aldiz sartu naiz. Zaila da, urte oso bat pasa nuelako Québecen. Bitxi sentitzen nintzen... Ez dakit nola esplikatu... Ohitura batzuk hartu ditut herri batean, aski zaila izan da Québeceko kulturan integratzea, pertsona berriak ezagutu behar izan ditudalako... Itzultzerakoan, gauzak desberdinki ikusten dira...esplika ezina da, bidaiatu duen jendeak ulertuko du agian...

Pentsatzen duzu Québecen gelditzea?

Ez dakit xuxen... Aukera bat da... Bi proiektu ditut: Euskal Herrira itzuli hiru edo lau hilabeteren buruan eta han egoten saiatu, edo Québecen bizi urte batzuk doktorego bat egiteko euskaldunei buruz.

Zure ikasketek ez al dute zure euskaltasuna bizitzeko modu bat islatzen?

Bai, hasieran oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan euskaldunei buruz ikasketak egitea, Québecen euskaldun gutti daudelako eta ez dutelako horiei buruz azterketarik oraindik egin. Adibidez, Euskal Herria Mugaz Gaindi dokumentalean, denek Ipar Ameriketako euskaldunei buruz hitz egiten dute Estatu Batuetakoak kontutan hartuz bakarrik, Québecekoak alde batera utziz. Euskaldun gutti dauden beste herriak ere gustatzen zaizkit, Kaledonia berrian bezala, adibidez nortasunari buruz lanketa baten egiteko.

Azkenik, nola azalduko zenuke euskaltasuna atzerrian?

Euskal Herriarekin lotura ezin da galdu. Bide batez, zure herritik kanpo egotea aberastasun bat da, gure kultura beste herrietan zabaltzeko aukera bat baita. Horrela garatzen da euskal kultura.

Hemen EUSKOSAREk 2007an Adelaideri eginiko elkarrizketa:

Adelaide Daraspe (Urruña, 22 urte) Historia ikasketak egitera joan zen Kanada aldera eta Québecen hartu zuen ostatu. Han ari da Historia Master bat egiten eta aldi berean euskaldunak ikertzen. Asmoa, bertako euskaldunak ezagutzea eta orain arte inork landu gabeko arloan aritzea.