Euskonews Gaztea
Gaiak: Igor Elortza
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Igor Elortzak bat–batekoan ona dela erakutsi du eta behin baino gehiagotan txapela jantzi duen bertsolaria dugu. Bizkaitar hau, 1975. urteko abuztuaren 18an jaio zen Durangon. Ikasketez Ingeniaritzako Topografian lizentziaduna den arren, bertsogintza arlori esker bizi da gaur egun. Argazkia: Gu ta gutarrak taldearen orritik hartua.
Gazte–gaztetatik begiko izan du inprobisazio mundu hau, eta horren erakusgarri, eskolan hasi zela aurrenekoz bertsotan. Batzuek baloiari ostikoak ematen zizkioten bitartean, Jon Lopategiren eskutik hasi zen bat–bateko jardunean.
Hitzak ondo neurtzen zituen, eta errimak egiteari gustua hartu zion; ondorioz, ez zion afizioari alde egiten utzi eta halaxe, bertso–eskolan eman zuen izena, teknika hobetzeko asmoz.
Gernikan aritu zen lehenengoz plaza batean, 13 urte zituela Bizkaiko Eskolarteko Txapelketan parte hartuz. Hamabost urte besterik ez zituen Bizkaiko Txapelketako Finalean sartu zenean. Hortik aurrera, hamaika izan dira jantzitako txapelak. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, esaterako, 2000, 2002 eta 2004. urtean aurreneko postuan geratu zen; Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian, berriz, finalista izatea lortu zuen 2001ean, besteak beste. Gainera, gai–jartzaile eta aurkezle lanak ere egin izan ditu durangarrak.
Bere lagun Unai Iturriagarekin batera, Bizkaian 90ko hamarkadan sortutako bertsolari belaunaldi berri baten barruan kokatu dute askok Elortza. 7 eskale taldea sortu zuen Unairekin batera, eta bi disko kaleratu zituzten: Bertso berriak pobreziari jarriak (1995) eta Barrenkaleko Bluesak (1997).
Gaur egun beste talde batean dabil, Gu ta Gutarrak izeneko ikuskizunean hartzen du parte eta, Igorrek. Gainera, zenbait euskal argitalpenetan ere idazten du eta literatura lanak egin izan ditu.
Bere hitz jario abilak aspalditik harrotu ditu bazterrak, eta halaxe jarraituko du, plazarik plaza eta orrialdez orrialde sormenari hegan egiten utziz.