430 Zenbakia 2008-02-29 / 2008-03-07
Galeako gotorlekua Getxon dago. Eraberritze lanak behar zituen eta kontserbazio egoera zein zen zehaztea nahi izan zuten aurrena. Halaxe ikertu zuten udalak Aranzadiri esleitutako lanean. Horretarako, gaur egun gelditzen diren aztarnen garbiketa sakona egiteari ekin diote.
Gotorlekua inguruko auzokideek eraiki zuten derrigortuta (1742an hasi ziren), Juan Pagoeta, Lorenzo Oruaga eta Francisco Do?aberria maisuen aginduz. Urtebete iraun zuten lanek eta garai hartako 130.000 errealeko kostua izan zuen.
Itsasargi honek arbiaren olioz pizturiko suaz argiztatzen zuen eta beste eraikin batzuekin batera, Abrako defentsa osatzen zuen kortsarioen erasoez babesteko asmoz.
Esan behar da, gotorlekua arkitektura militarrak utzi dizkigun harri–bitxi horietako bat dela (XVIII. mendeko gotorleku militarren eredu hoberenetariko bat Euskal Herri osoan). Bestalde, Donostiako portuko itsasargia hartu zuten eredutzat eta seinaleak egiteko erabiltzen zen talaia txikia sortu zuten –XVI. mendeaz geroztik dago dokumentatuta.
Gaur egungo gotorlekuaren eraikuntza XVIII. mendean egin zen (James Sycrek egin zuen diseinua). Asmoa, inguruetan ibili ohi zen flota ingelesaren erasoez babestea, garai hartan benetako mehatxua ziren–eta.
Beranduago, Bilboko kontsuletxeak 1782. urtean itsasargi moduko dorre bat eraikiarazi zuen gotorlekuaren barnealdean eta urte luzez aritu zen itsasoko ontziak gidatzen, 1925. urtera arte lanean jardun zuen eta. Galeako gotorlekuak garbiketa aurretik zuen itxura.
Konbentzio gerrari dagokionez, 1795. eta 1827. urte artean frantsesek, beraientzat hartu zuten Getxoko gotorleku ospetsu hau eta ondoren, ingelesek suntsitu egin zuten.
Lehenbiziko karlistadan Britainiako legioaren soldaduek goitik behera hondatu zuten berriz ere. Bigarren karlistadan (1872–1876) berreraiki zuten, gaur egun ikus dezakegun estilo arkitektoniko honekin.
Getxoko udalak 1947an gotorlekuaren jabetza berreskuratu zuen erabilera publikora bideratuz. Eta 1975ean, berriz, gotorlekua itxi egin zuten eta gaur egun ez zaio inolako erabilpenik ematen.
Bertatik paisaia bereziaz gozatu daiteke. Besteak beste, Abrako itsasadarra, Serantes mendia eta “Punta Lucero” izeneko parke eolikoa ikus daitezke eta beheko aldean baita Arrigunaga hondartza eta inguruko hainbat herri, hala nola, Santurtzi, Portugalete eta Sestao.