430 Zenbakia 2008-02-29 / 2008-03-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Bilbora bidean

IRIGOIEN, Haizea



Gaur Bilbora noa. Autobusa hartu baino lehen kutxazain automatiko horietako batera joan naiz ez baitut sosik. Goizeko 8:30ak dira.

Kutxazainaren parean eskolako autobusaren zain dauden haur mordoska bat ikusi ditut. Garrasiak, oihuak, barre algarak... Lasterka ari dira alde batetik bestera... jolasean.

Arreta deitu dit ordea. Izkina batean neskato bat dago, anai nagusiak eskutik heltzen duela. Duten antzak salatzen du euren ahaidetasuna.

Ez dute jostatzen, euren artean mintzatzen ari dira, xuxurlatzen ari dira. Ez ditut ia aditzen baina gazteleraz hitz batzuk ulertzen dizkiet. Hego Ameriketako azentua dute, ez dakit zein herrialdetakoa. Eta hotzez daude nahiz eta gaur goizean 15–16 gradutako tenperatura den Donostian. Beste haurrei begiratu diet, bi neba haiek zergatik baztertzen dituzten jakin nahian.

Baina berehala konturatu naiz oker nabilela, ez dituztela baztertzen, eta haur guztiak taldetxotan banatuak daudela. Hara nire harridura! Eta ezin izan dut nire autobusera joan, Bilboko autobusaren geltokira, beha gelditu naiz. Beste 4 edo 5 neska mutikoz osaturiko beste talde bat euskaraz ari da eta haratago dagoen beste talde bat uler ez dezakedan hizkuntzan ari da etenik gabe.

Bakoitzak bere taldetxoan dihardu, bere hizkuntzan eta bere lagunekin. Ez dira nahasten, ez dute euren arteko harremanik. Eman ditut hamar minutu inguru eta ez dira elkar nahasi. Autobusa etorri da (haurrena, ez nirea) eta txintxo–txintxo igo dira, bakoitza bere kideekin, baina orain ere, nahastu gabe.

Autobusera igotzeko gogoa sortu da nire barruan, izan ere, egonezin antzeko bat piztu zait. Nik ikusi dudana horrela mantenduko al da egun guztian zehar edota jolastuko al dute elkarrekin? Nahastuko al dira egunean zehar? Ikasiko al dute elkarrekin?

Benetan gai izango al gara gizarte kultur anitz eta integratu bat garatzeko? Haurtzaroak beharko luke lehen urratsa. Ezin izan dut eskolako autobusera igo baina gustura joango nintzatekeen itaunketa hauei erantzuna eman ahal izateko. Susmoa, ordea, ezezkoa da.

8:55! Hara! Nire autobusak ihes egingo dit! Bilbora joan behar dut.