Esteban Garibay, gogo aldarraia Esteban Garibay, gogo aldarraia * Josemari Velez de Mendizabal Esteban Garibay ren heriotza gertatu ei zenetik laurehun urte eman direnean, badirudi haren errautsak harrotzen ari direla eta mendetan hari buruz orain arte idatzi eta esandakoari gehitu eta hobeagotzera datozela berriki ezagutarazi diren pare bat publikapen. Arrasateko Udalaren borondate on eta eragin bikainari esker, Jose Angel Achon en ikerketa lan borobila eta Jose Antonio Azpiazuren liburu ederra eskuetarazi zaizkigu. Benetan opari ezin hobea XVI. mendeko erret kronikagilearen efemeridea ospatzeko. Zorionak guztiei. Garibay rekin ohituta betidanik, izenez gehiago izanaz baino, hark eta bere denborak nigan markaturiko zaletasunari eusten ahalegindu naiz urtetan, gehienetan erreferentzia kaskar samarrak izan baditut ere. Baina, zorionez, gizalditako hutsuneak betetzen goazela esango nuke, ongi bete ere, eta arrasatear handi horren gaineko testuingurua gero eta hobeto koka dezakegula azpimarratu beharra dago, goian aipaturiko bi historialari horien moduko saiakerak tarteko. Ez dira bakarrak, noski. Mondragón hiriaren 700gn urtemugako ospakizunen artean, 1960an bertako Udalak Garibay ri buruz argitarazi eta Fausto Arozenak idatzitako biografia zen, kronikagilearen gain genuen erreferentziarik onena. Arozena maisuari eskertu behar zaion eredugarritasunarekin burutua, Esteban Garibay Zamalloa pertsonaiarenganako lehen hurbilketa serioa izan zen. Ospakizun horiekin lotuta, diodan, urte hartan jauzi kualitatibo interesgarria eman zela Arrasate zahar eta artean txiki samarrean, Garibay ri eskainitako oroitarria inauguratu zenean. Ohituta geunden, nonbait, Pedro Viteri ren estatua errealistarekin eta, kronikagilearen izena daraman kalea irekitzeaz bat, hango bazter batean Olaran arkitektoaren monumentu aurrerakoi apurtzaile hura ipini zutenean, Arrasaten iraultza txiki bat gertatu zela esan genezake, hura mundu irrealeko agerpen bat bezala ulertu zelarik. Baina hantxesegitzen du estatuak eta inork gutxik egiten dio jaramonik, inguruarekin bat identifikatu denaren adierazle garbia, nonbait. Beraz, inoiz eta zenbait zirkulutatik zaharkitu eta atzerakoitzat hartutako gizona, Garibay, bere jaioterrian modernitatearen eredu suertatu zen behin, oharkabez. Hamabi urte beranduago, 1972an hain zuzen, euskal antropologiaren irakasle handi batek bere ekarpen ikaragarri ederra eskaini zigun, Garibay ren irudia eta, batik bat, haren garaiko euskal gizartearen nondik norakoa hobeto ulertzen lagunduko ziguna. Julio Caro Baroja ri nagokio, noski, eta bere "Los vascos y la historia a través de Garibay" liburuari. Caro Barojak modu sotil eta maitekorrean erabili zituen Garibay ren irudi eta obra, eta hori eskertzekoa dugu. Ezaugarri garbia, zalantzarik gabe, beratarrak arrasatearrarengan aurkituriko mailaz. Bi zutabe horien gainean jaso nuen nire barnean, XV eta XVI mendeei buruzko behatokietako bat. Primerakoa, hain zuzen, denboraren joanak galarazten duen perspektiba era egokian erabiltzeko. Izan ere, historiaren irakurketak errakuntza nabariak sor ditzake, atera nahi den ondorio eta historialariak lortu gura duen babes eta seguritatearen arabera. Eta gure lagunarekin ere fenomeno hori nabaritzen da, ez baitira, adibidez, berdinak hastapenetako Garibay "arrasatear petoa" eta Toledon Felipe II ren mesedea bilatzen diharduen Garibay "unibertsala". Nolako premiak halako historia, kasu askotan. Eta Garibay k, itxura guztiek salatzen dutenez, gehiegi makurtu zuen bizkar hezurra, bere betebeharrak asetzen lagun ziezaiokeenaren aurrean. Horrek ez du adierazten, jakina, Garibay faltsukeriatan ibili zenik, ezta historiaren ardatz nagusia aldarazi zuenik ere. Lehenik eta behin, horretarako beste ahalmenik ez zuelako. Eta, bigarrenez, Garibay ri eginiko kritikarik gogorrenek gehien azpimarratzen dutena arrasatearraren zentzu kritikorik eza delako. Eta hori ez da, derrigorrez, historiaren kontra jotzea, gertaera eta iraganeko ildoarekin bat ez etortzea baizik.Bi gauza diferente direnak. Baina kritikak bortizki astindu zuen Garibay, batez ere arrasatearra hil ondoren, hau da defentsarako aukerarik ez zuenean. Horrek ez du ezer onik esaten kritikatzaileei buruz. Eta erlatibizatu egiten du, jakina Garibay ri egotzirikoa. Kritiken iturburua hobeto kokatzeko, bada beste galdera bat, askotan egin dudana: Garibay ren kontrako geziak uler ditzagun, ez al zen gogoan hartu beharko, hura gortean egon zen bitartean, batik bat Juan de Idiakez donostiarrarekin batera, euskaldun eta bereziki gipuzkoarren aldeko presio talderik eratzeko asmoa? Erregearen ondoan egon zen urte laburretan, Gipuzkoarentzat aparteko erresuma bat eskatzeko ausardia edukitzeraino iritsi zen kronikagilea eta, suposaketa hutsa da, ez dut uste batere ongi hartuko zutenik hainbat gortelarik Garibay ren ideia hura. Arrasateko alkate izan zen, jaioterriaren zerbitzuan gehien bat urrutitik aritu bazen ere, oso gaztetatik munduko bideetatik barrena ibili baitzen, historiografiarako zuen zaletasunak eraginda. Jesuiten ikastetxe bat eraiki nahi izan zuen Arrasaten, dirua Juan de Araoz ena zen arren, eta proiektua burutu ezinean frantziskotarrengana jo zuen. Horiek eskaintza onetsi zuten eta harrez geroztik San Frantzisko komentua errealitate bizia izan da Arrasaten. Herriko neska mutiko guztiok pasatu ginen behin edo behin, San Frantzisko Elizako zoluan zen inskripzioaren gainetik, hain zuzen ere han Esteban Garibay ren gorpua zetzala zioena. Kronikagilearen jaioteguna zehazki dokumentatua den arren, ez dakigu ezer haren heriotzako data eta tokiaz. Felipe II ren kronikagilea jaio zen etxearen paretik igarotzen naizen guztietan, haren arimaren istorioa datorkit gogora, eta arrasatear ilustratu, ospetsu, apal, langile eta zintzoaren gogo ibiltari aldarraia gure artean nola sentituko den galdegiten diot neure buruari. Jaungoikoak bezala, deabruak ere errefusatu ei zuen Garibay ren arima gora eta behera ibiliko zaigu, seguru asko, Erdiko Kale, Iturriotz eta Maalako Arrabaletikzehar, behin betiko atseden tokiaren bila. Eta, ziur nago, bitartean gustura irakurriko ditu historialari berrien proiekzio lanak, bera ere babestuago sentituko baita, gizalditako kritika zaparradak jasan ondoren. Apurka apurka justizia egiten ari zaio Esteban Garibay arrasatearrari, bere jaioterria salgai sekula jarri ez zuena. Josemari Velez de Mendizabal, idazlea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.