43 Zenbakia 1999-07-23 / 1999-07-30

Gaiak

Gipuzkoako medikuen elkargoak 100 urte bete ditu

AGIRRE LASARTE, Javier

Gipuzkoako medikuen elkargoak 100 urte bete ditu Gipuzkoako Medikuen Elkargoak 100 urte bete ditu * Javier Agirre 1999ko apirilaren 20an egin zituen 100 urte Gipuzkoako Medikuen Elkargoak, aurreneko aldiz eratu zenetik. Medikuak lehenagotik hasi ziren kezkatzen, beren eguneroko lanbidean zeuzkaten hainbat arazo eta zailtasuni aurre egin nahian. Horrela, 1870. urtearen inguruan Victor Acha mediku donostiarra saiatu zen medikuak elkartzen, guztion interesak defendatzeko asmoarekin, bertako botere lokalen aurka batetik (petrikiloak adibidez), eta atzerriko medikuek sortzen zituzten traben aurka bestetik (garai hartan, esaterako, mediku atzerritarrek libre zuten Gipuzkoan lan egitea, hemengoek lurraldeko mugetatik kanpora, iparraldean adibidez, lan egiterik ez zeukaten bitartean. Hasierako mugimendu hura indartzen eta gorpuzten joan zen, eta 1899ko apirilaren 20an eratu zen elkargo edo kolegio berria, Juan Jose Celaya doktorearen agintaritzapean. Eta aurreneko Elkargo hura 128 medikurekin sortu baldin bazen, gaur egun ia 3.000 lagun biltzen ditu bere egoitza dotorea Donostiako Frantzia hiribidean duen Gipuzkoako Medikuen Elkargoak. Tartean 100 urte luzez medikuen babesean eta bide batez, baita gizarte osoaren babesean ere gogor aritu den elkargoa, beti ere medikuaren interes soilak defendatzeaz gain, gizarteak medikuntzaren eta baita osasunaren esparruan ere egindako eskariei erantzun egokia eman nahian. Ehun urteko denboraldi horretan egindako lana ezagutzera emateko eta gure aurretik langintza horretan aitzindari izan ditugun lankideei ongi baino hobeto merezi zuten esker ona eta omenaldia eskaintzeko, Mendeurrena modurik txukun eta dotoreenean antolatzeko Batzorde bat eratu zen iazko urtearen hasieran. Batzordea lanean aritu da geroztik eta hainbat ekitaldi eta jarduera jadanik antolatu eta egin diren arren, asko eta ugariak dira oraindik ere egitekoak direnak. Guzti horien berri eman nahi genuke lerro hauen bidez. Etxeko txikiei begira antolatu zen aurreneko jarduera.1999ko urtarrilaren 9an TXIRRI, MIRRI eta TXIRIBITON pailazo ospetsuek 2 emanaldi eskaini zituzten Elkargoaren ekitaldi aretoan, bertan bildutako ume guztien gozamenerako. Apirilaren 23an Mahai inguru bat antolatu zen "ONGIZATEZKO ESTATUAREN KRISIA ETA HORREK SANITATEAN DUEN ERAGINA: PERSPEKTIBAK ETA PROIEKTUAK" gaiaren inguruan. Munua doktoreak moderatutako Mahai inguruan hainbat ikuspegitatik jorratu zen gai ezin interesgarriago hori: alderdi ekonomikotik (Manuel Escudero ekonomialaria), alderdi penaletik (Antonio Beristain jurista), eta alderdi etikotik (Diego Gracia medikua) eta, bestalde Ivan Moseley neuro erradiologo ingelesak gertu gertutik ezagutzen duen Britainia Handiko egoeraren berri eman zuen. Maiatzaren 14an ospatu zen ekitaldi instituzional nagusia. Bertan Gipuzkoan 50 urtetik gora kolegiatuta egin dituzten elkargokideei domina oroigarri bana eman zitzaien, eta ekitaldi berean Ohorezko Kolegiatu izendatua izan zen Ignacio Sanchez Nicolay, gaur egun Espainiako Elkargo Medikoen Organizazio osoaren buru den mediku donostiarra. Datorren ekainaren 3an egingo da Mendeurreneko Batzordeak antolatu nahi dituen eztabaida mahainguruetako aurrenekoa. Garai batean telebistan LA CLAVE izenarekin hain arrakastatsua izan zen programa haren egitura oinarri bezala hartuz, eta beti gai interesgarri baten inguruan, hainbat adituz beren esperientziak eta bizipenak kontatuko dituzte, bertara bildutakoen kezka eta galderei erantzuteaz gain. Lehenengo gaia "MIR sistemaren iragana, oraina eta etorkizuna" izango da, eta bertan Segovia de Arana irakasle ospetsuaz gain, Errezola, Marco, Lapaza, Berraondo eta Azparren doktoreak arituko dira, Arenas doktorea izanik moderatzailea. Oxido nitrosoa, onkogeneak, Alzheimer en gaitza, etab. izan daitezke hurrengo eztabaida mahainguruetako gaiak, beti ere elkargokideei utziz azken hitza. Oraingoz antolatutako azken ekitaldi gisa, datorren ekainaren 25ean, eta Kutxaren Ekitaldi Aretoan (Andia kalean, Donostia), Joxe Mari Urkia irakasleak prestatutakolan bat aurkeztuko da jendaurrean. "EHUN URTE MEDIKUNTZA GIPUZKOAN" izeneko liburuak ezin hobeto biltzen ditu Medikuen Elkargoaren 100 urte luze horietako gorabehera guztiak, Gipuzkoa osoaren bizi eta garapenarekin estu estu lotua joan den historia emankor bezain interesgarria eskainiz. Javier Agirre Lasarte, Gipuzkoako Mediku Elkargoaren Idazkaria