429 Zenbakia 2008-02-22 / 2008-02-29

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mugikorren garaia

AIESTARAN, Nagore



Nork ez dauka mugikorrik 2008 urte honetan? Ia pertsona guztien esku dago modeloren bat edo beste. Asmatu dituzte gaztetxoentzako batzuk, gurasoek uneoro beraien seme-alabak non dauden jakiteko baliagarriak. Helduenentzako ere badaude; aurrerapen teknologiko hau ahalik eta errazen erabiltzeko modua eskaintzen zaie, konplexutasunik gabe. Gainera, badauzkagu argazki kamera daukatenak edota aparailuaren bidez bideokonferentziak egitea uzten digutenak.

Jendea aurkitzeko erraz daukagu orain. Baina zer gertatzen zen, esan dezagun, duela hamarkada bat? Ez zen ohikoa kaletik jendea telefonoz hitz egiten ikustea, horretarako, gaur egun galzorian dauden telefono kabinetara jo behar izaten baitzen. Gainera, mugikorra zuen jendeari harriduraz begiratzen genion, edota barre egin, biziki arraroa egiten zitzaigulako. Eta gainera, sarri harroputz gisa izendatzen zen pertsona hori.

Gaur, baina, gauzak horrenbeste aldatu dira... Mugikorrik ez dutenak desagertzeko arriskuan dauden pertsonak direla esan genezake. Kabinetatik hitz egiten dutenak etorkinak izaten dira batez ere, beraien herrialdeetara deitzeko aprobetxatzen dutenak.

Norbaitekin hitz egin nahi bagenuen, etxera deitzen genion eta ez bazen han egoten, mezu bat utzi edo senari jarraituz, bere bila irteten ginen kalera. Nik, esaterako, banekien ordu konkretu batzuetan nire adiskideak non aurki nitzakeen; gaur egungo kontrol hori ez zen eramaten.

Eta zer esanik ez mezuei buruz. Horiek sortu zirenetik, idazteko tartea txikia izaten denez, idazkera moldatu eta berri bat sortu da. Hala ere, horrek beste artikulu baterako balio dezake.

Nik uste dut bere abantailak ere badituela mugikorra izateak, baina noizean behin itzali eta deskonektatu egin beharko genukeela iruditzen zait. Guretzako tartetxo bat hartu eta pertsonekin aurrez aurre hitz egitera animatu. Merkeagoa izateaz gain, harremanak sendotzen baitira halaxe.