429 Zenbakia 2008-02-22 / 2008-02-29

Euskonews Gaztea

Gaiak: Erdikokale 25eko leizean

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Ekain

Idazle Eskolako ikaslea



Erdikokale 25eko leizean buelta-bueltaka nenbilen. Ez zen zaila izan sartzeko momentua. Izanak nituen momentu erosoagoak.

Frontala piztu gabe neukan, kanpoko argi izpiek ematen baitzidaten argi nahikoa, motxila estankoa bizkarretik kendu, arnesa hartu eta soinean jarri eta gainontzeko burdin puskak, bertatik zintzilikatzeko unea ikusteko.

Gainera atsegin dudanez bi edo hiru minutuko tartean argirik gabe egotea, nolabait iluntasunera moldatzea, han jarri nintzen arnasa poliki-poliki hartu eta botaz. Egite une horren ostean erabaki nuen lehen zatia argi gabe burutzea. Sinetsi nahi nuen, hainbat alditan betetako bide hura egiteko gai izango nintzela, iluntasunik ilunenean.

Lehenengo pausua; eta ongi.

Oso malkartsua eta estua da gorako pasoa. Ez du labaintzen, aurreko egunetan euririk ez badu egin behintzat. Eta ez zen atzoko kasua. Eskuak, alde bietako hormetan estutuz, hurrengoko urratsari ekin nion, jakinda, aurrekoaren tamaina berdin edo antzerakoan egin beharko nuela. Haren atzetik, beste antzerako hamazazpi pauso tinko. Lehenengo segurura iritsi arte.

Bertan, aseguratu, eskuak eta muskuluak lasaitu eta berriz ere gorantz. Bigarren zati honetan, izan nuen momentu latz bat. Izan ere, edo horrela dio kondairak, bada ezkerreko horman sargune bat. Tifostido munstroa bizi omen dena. Inork ez du sekulan ikusi, bai ordea entzun.

Eta hori egin nuen atzo nire belarriekin. Musika zetorren barren barrenetik. Otoitz egin nuen, munstroa lotan izan zedin. Nire zaratek, esnatu ez zezaten.

Uffffa! Hura momentu gogorra!!

Hala ere, eta bigarren segurura iristear nengoela, izan nuen eguneko sustorik gogorrena. Pare bat pauso lehenago, eskumako eskuak irrist egin zidan momentu oro, segurtatuta nintzen arren, neure burua ikusi nuen sarrera arte, bueltaka eta kolpeka jausten.

Gogor heldu nion ordea, ezkerreko eskuaz hormari. Eta odol hotzean, indarberritu eta salbu jartzea lortu nuen.

Helburua lorturik neukan eta nire fisikoa onik. Orduantxe azaldu baitzen Tifostido munstroa, bere zuloaren ertzetik, gora eta behera begira, biktima berriaren bila.

Egia da munstroaren ipuina.