427 Zenbakia 2008-02-08 / 2008-02-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: Harrapariaren hegaldia

AIESTARAN, Nagore



Hankei gogor eutsi zien. Poliki–poliki, gutxika–gutxika hasi zen gorputza zuzentzen, ordura arte tentu handiz jokatu baitzuen. Bizitako guztiaren ondoren, bazekien bai, etsaia ere adi–adi egon zitekeela. Horrela, bere bi begi handi eta sakonekin inguruari arretaz so egin eta inor ez zegoela berretsi zuen; aireak ere ez zekarren usain susmagarririk.

Orduan, astiro–astiro, salto egin zuen adarretik. Lehenengo hego bat ireki zuen, eta ondoren bestea. Hegaldia haizearen erritmora hasi zuen, eta lurra ez jotzeko gogor astindu zituen besotzat zituen bi tresna lumadunak, baina ondoren, eramaten utzi zuen gorputza. Handik hona kulunkatu zen orduan; ezjakina denarentzat, aurreikuspenik gabeko hegaldia, baina benetan estrategia handia eskatzen duen txangoa hasi zuen.

Aurretik sentitu ez zituen sentsazioz bete zitzaion gorputza; berezia, ezohiko ausardia sentitu zuen. Hala, munduko hegaztirik iaioena bailitzan, zorteari iseka eginez bezala, gauza zailagoak egiten hasi zen. Arbolak saihestu, adarrak milimetro gutxira pasatzen nabaritu, eta altueratik hegoei eragin gabe amildu zen, besteak beste.

Atseden hartzeko geratu eta gose zela nabarituta, gaueko iluntasunean isilean zebilen sagutxoa atzeman zuen urrunean eta birritan pentsatu gabe harrapari abila zela ere ikusi zuen. Poztasun imajinaezinez gainezka zegoen eta handikerian murgildu zela konturatu gabe, sabelean zerbait gehiago sartzea erabaki zuen. Ikusmen ia perfektuak ez zuen, hala ere, beste animaliatxorik topatu eta urrutiago bidaiatzea otu zitzaion.

Pentsa eta egin. Bere trebetasunaz baliatuz, ziztu bizian hegan hasi zen. Pago, pinu eta haritzak ekidin zituen, baina bidaia hartan lumekin abarrak jotzeko zorian egon zen. Denbora luzez bila ibili ondoren azkenean aurkitu zuen harrapakin berria. Eta birritan pentsatu gabe, harengana joan zen, sentitzen zuen neurrigabeko sabelkeria asebetetzeko asmoz. Baina ez zen ohartu arriskuaz, eta konturatu orduko, berandu zen. Bat–batean, bere burua aho handi baten barruan sentitu zuen; lehenengo momentuan albo batera utzitako katu ikaragarri berberak harrapatu zuen. Eta bizitzako pasarteak etorri zitzaizkion burura: lehenengo aldiz ama ikusi zuenekoa, aitaren laguntzarekin zutik jarri zenekoa, neskatan egin zuen lehendabiziko eguna edota lagunen aurrean igarotako momentu txarrak. Eta orduan, esnatu egin zen.