Euskonews Gaztea
Gaiak: Xalbador
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Inprobisazioan ederto moldatzen zen Fernando Aire. Urepelen (Behe Nafarroa) sortu zen 1920ko ekainaren 19an; hala ere, Xalbador izenez ezagunagoa izan zen bizitza osoan zehar. Goitizen hori bere baserritik zetorkion, izan ere, Xalbadorena zen haren izena. Bere jaioterrian hil zen 1976ko azaroaren 7an, omenaldia egin zioten egun berdinean, bihotzekoz.
Lehenengoz bertsotan 16 urterekin egin zuela diote askok; non eta bere herriko, Urepeleko taberna batean. Garaiko mediku batek bultzatuta hasi ei zen inprobisazioak egiten. Teodoro Hernando zuen izena eta Iparraldean bertsolaritza gazteengana gerturatzeko lana egin zuen. Dohainak zituela ikusita, bertsolaritzari heldu zion Xalbadorrek, eta bidean bere kide izango zen Mattin ezagutu zuen. Hala, berarekin plaza ugari zapaldu zituen baxenabartarrak; baina ez iparraldean soilik, urtero Donostiako bertsolari txapelketetara batera joaten baitziren, esaterako. Eta bere garaiko sariketa askotan jantzi zuen txapela urepeldarrak.
Urepeleko Artzaia izenez ere ezagutzen denak, bertsolaritzako orrialde asko idatzi ditu. Diotenez, bat–batekoan paregabea zen. Haren bereizgarritasunetako bat, erabiltzen zuen hizkuntza adierazgarria zen, indar handikoa.
Bitxikeria bezala, 1967. urteko Txapelketa Nagusia dugu. Epaileak finalean zeintzuk abestuko zuten irakurri zuen (Uztapide eta Xalbador) eta publikoa txistuka hasi zen tupustean, ados ez zegoela adierazteko. Baina han bildutakoen artean txaloak eman zituenik ere bazegoen. Bi bertsolariak isilik geratu ziren denbora batez. Bertsotan lehena Uztapide izan zen, eta ostean Xalbadorren txanda izan zenean, berriz ere txistuak jo zituzten, eta hitzetik hortzera, hala erantzun zien Urepeleko Artzaiak:
Anai–arrebak, ez, otoi, pentsa neure gustora nagonik poz geiago izango nuen albotik bea egonik Zuek ezpazerate kontentu errua ez daukat ez nik; txistuak jo dituzute bainan maite zaituztet orainik.
Hasieran kontra zeudenek ere txalo zaparradaz erantzun zioten bertsolariari. Harrez geroztik oso ezaguna den bertsoa dugu eta gaur egun ere, bere gaitasunaren erakusgarri ditugu hitz horiek.