Euskonews Gaztea
Gaiak: Mozorrotutako egunak
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Inauteri edo aratuste. Festa, mozorroak eta dibertsioa. Euskal Herriko kaleek ezohiko itxura hartzen dute Garizuma aurreko jaiegun hauetan. Aspalditik datorren tradizioari eusten diete gure herriek eta toki batetik bestera, beraien artean desberdintasunak aurki ditzakegu. Aspaldiko ohitura
Antzinatetik datorren eta gaur egun errotuta dagoen ohitura dugu inauteriena. Ikerlarien esanetan, Erromatar Inperio garaian antzerako festak egiten ziren, bai eta Grezian ere. Bietan ala bietan, ohikoa omen zen gurpildun txalupa batetara igo eta jendaurrean dantza satiriko eta lizunak egitea. Diotenez, karnabal izena latinezko carrus navalis–etik etor zitekeen.
Eta antzinarotik diogunean, halaxe da. Izan ere, aztarnen arabera, Grezian K.a. VI. mendean antolatzen zituzten egun berezi hauek, eta Erroman berriz, Inperioaren azken urteetan. Bai batean eta baita bestean ere, ohitura hauek errituzkoak ziren; zeremonia espiritual erlijiosotik, neurrigabekeriara zihoazen jaiak.
Euskal Herrira itzuliz, eta baserri giroan ospatzen zen jaiari so eginez gero, badirudi txerria hiltzen zutenetik otsailera bitartean ia haragi guztia xahutzen zela. Kristautasunarekin lotutako erritua omen zen, izan ere, Garizuma garaian sartu aurretik azken “banketea” egiteko aprobetxatzen zutela sasoi hau diote ikerketek. Janaria lortzeko kantatu egiten zuten eta trukean janaria ematen zitzaien. Hortik, toki askotan Santa Ageda ospatzearen arrazoia. Zuberoako Maskaradako momentu bat, 1972an. Herriak transformaturik
Gaur egun Euskal Herriko txoko gehienetan ospatzen ditugu Inauteriak. Zuberoan, esaterako, neguko Maskaradak egiten dituzte. Urtero herri ezberdin batek antolatzen ditu eta lan gogorra eginez eta asko entseiatuz, neguko ekimen garrantzitsuena forma hartzen hasten da.
Eta zer antolatzen duten egun hauetarako? Bada, dantza ibiltariak, jolasak, txantxak, erakusketak, lanbideen antzezpenak eta abar luze bat. Ohitura eta modernismoz beteriko ekintzek osatzen dute jaia.
Bestalde, Gipuzkoara salto eginez, oso ezagunak dira Tolosako inauteriak. Festa handia egiten da bertan aspalditik. Hala ere, beti ez dira erraztasunak egon, eta frankismo garaiko errepresioari aurre eginaz, iraun egin dute bertako jaiek. Herri guztia murgiltzen da giroan, eta horren erakusgarri dira karrozen desfileak eta konpartsak. Askorentzat, erreferentzia puntu dira bertako aratusteak.
Ez dio axola ileordea, maskara edo sudur-gorria janzten dugun. Egun hauetan ez dio ardura nor garen ezta nolakoak garen ere. Beste pertsonaia batean bihurtzeko datak dira eta jai-giroan eta alaitasunez kalera irten eta egunerokoa itxuraldatzeko aukera bikaina. Irudimena lanean jarri eta nahi duguna izateko parada.
